Zorion perfektua

Karolina Almagia 2009-10-19 15:09   Zinema kritikak

Zorion Perfektua oso film interesgarria da. Ez da biribila, egia esan. Baina badaki tentsinoari eusten, ondo girotuta dago eta personaien bildurrak eta desioak oso sinisgarriak egiten dira.

- Zuzendaria eta gidoigilea: Jabi Elortegi.
- Herrialdea: Euskal Herria.
- Antzezleak: Anne Igartiburu, Aia Kruse, Alberto Berzal, Elena Irureta.
- Argazkia: Gonzalo Berrido.
- Muntaia: Julia Juániz.
- Produktorea: Iñaki Eizmendi (Pausoka).
- Generoa: Dramea.
- Musikea: Angel Illarramendi.
- Jantziak: Josune Lasa.
- Iraupena: 90 minutu.

Erronka polita izan dau Jabi Elortegi bere lehenengo film luzeagaz, telebistarako hainbeste lan egin ondoren. Andu Lertxundiren Zorion Perfektua pantailaratzea ez baita kontu erraza. Alde batetik, idazle gipuzkoarraren eleberria nahiko intimistea zan, edo behintzat, ekintzei baino, sentimenduei erreparau eutsen gehiago.

Bestetik, liburuak dakarrenagaz bakarrik oso gatxa zan ordu eta erdiko filma bat betetea. Halan da be, urtenbidea topau dau Elortegik nobeleagaz alderatuta oso bestelakoa dan gidoi bategaz. Lertxundi beraren eta beste gidoigile batzuen laguntzaz, istorio barri bat asmau dabe, eleberrian egoanari gehitzeko. Kontua da ze filman ia garrantzitsuagoa bihurtu dala bigarren istorio hori, lehenengoa baino.

Horregaitik, sekula ez bada konparau behar film bat oinarri hartu dauen liburuagaz, are gitxiago Zorion Perfektua izeneko filmaren kasuan. Segurutik, filmaren mesederako izango zan izenburua aldatzea be.

Hori esanda, Zorion Perfektua oso film interesgarria da. Ez da biribila, egia esan. Baina badaki tentsinoari eusten, ondo girotuta dago eta pertsonaien bildurrak eta desioak oso sinisgarriak egiten dira. Bestalde, Jabi Elortegik iragarri eban Anne Igartiburu filmaren ezustea izango zala, eta holan izan da. Aurreretxi guztiak baztertu behar dira, Elorrioko aurkezleak oso ondo egiten dauelako bere papera. Aia Kruse, ostera, (protagonistea gaztetan) ez dago hain natural.

Bestetik, aitamen berezia merezidu dau hemen Zorion Egileorrek, interpretazino bikaina egiten dauelako oso ondo idatzita dagoan irakasle ausarti baten paperean.

Dana dala, gidoia ez da guztiz ondo zarratzen, eta amaierea ez dago film osoaren mailan. Gainera, pertsonaia batzuk (Ainhoa protagonistearen lagun-mina, berbarako) itxuragabekoak dira. Halan da be, pelikuleak merezidu dau, euskal gatazkeak eragiten dituan minei eta ulertezinei heltzen deutsen filmak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu