Aitor Mazo eta Patxo Telleria: 'zuzentzea droga gogorra da eta engantxauta itxi gaitu'

Karolina Almagia 2009-10-19 12:40   Barriketan
'La maquina de pintar nubes' filmaren zuzendariak

Aitor Mazo eta Patxo Telleria aktore eta gidoigileek salto emon dabe zinema-zuzendaritzara 'La máquina de pintar nubes' film luzeagaz. Egun karteleran dagoan pelikula hunkigarri horrek nerabe baten bizipenak dakarz: lehenengo amodioaren mina, amesak, porrotak, heriotzea… Hori dana, Mazok eta Telleriak eurek nerabetasuna bizi izandako garaian eta urian kokaturik, hau da, Bilbon 70. hamarkadan. Aitor Mazok, gainera, paper garrantzitsu bat dauka pelikulan: ume protagonistearen aita da, langilea lanbidez, baina margolaria bihotzez. Istorioa aktore bilbotar honen gomuta edo oroimenetan oinarrituta dago.


1- Hasiera batean zuen asmoa gidoia idaztea eta pelikulearen zuzendaritzea beste bati ixtea zan. Noiz, eta zergaitik erabagi zenduen zuzendaritzearen ardurea zeuok hartzea?

Gure produktorak, Abra-Prod-ek proiektua gauzatzeko asmoa hartu ebanean, garbi ikusi eban geu ginala pelikulea zuzentzeko personarik egokienak, gidoia oso personala zalako, eta geuk baino ez geunkalako buruan zer eta zelan kontau gura genduan.


2- La máquina de pintar nubes-ek garai bateko giroa islatzen dau. Ze punturaino garai hori da protagonista istorio honetan? Beste garai batean kokatuta posible izango zan?

Bai. Guztiz posiblea izango zan beste garai batean (eta toki batean) kontetea, ez dalako garai bati buruzko pelikula bat, baizik eta personaiei buruzko istorio bat. Dana dala, guk hasieratik erabagi genduan garai eta leku jakin horretan kokatzea (Bilbon, 1974an), garai haretan protagonistearen edadea geunkalako, eta testuingurua ondo ezagutzen gendualako. Istorio bat kontetan dozunean, koadro bat margozten dozunean bezela, personaiak marrazteaz gan, fondoa be margoztu behar dozu. Narratibara kontzeptu hori eroan ezkero, personaiak eszenografia batean mobiduten dira, eta personaiak eta egoerak sinisgarri egiteko, ezinbestekoa da fondoa (tokia eta egoera soziologikoa) ondo ezagutzea. Guk horri inportantzia handia emon geuntsan, eta nahiz eta oinarrizko asmoa personaiak erretratetea izan, garaiko giroak be indar berezia hartu dau, eta pelikulako baloretako bat bihurtu da, batez be hemengoak garenontzat. Baina gure istorioak hemendik kanpo interesa piztea da gure asmoa, eta horretarako personaiak eta euren gorabeherek interesa euki behar dabe. Guk hori lortu dogulakoan gagoz.


3- Abertzale eta etorkinen arteko alkarbizitzea azaltzen da filman. Zelan bizi izan zenduen zuek errealidade hori 70-80. hamarkadatan?

Nik ez neukez bereiztuko errealidade abertzalea eta etorkinena, askotan alkarregaz joaten ziralako. Hain zuzen be, ume protagonistea etorkin familia batekoa da, eta euskaldun giroan mobiduten da. Anaia nagusia, barriz, ez, berari arrotz egiten jako mundu hori. Guk biok 'euskal pizkundea'-k atrapau gintuen edade horretan, bakotxari modu diferentean bada be. Bi munduak nahikoa bereiztuta egoten ziran, baina oraindino ez egoan gatazka berezirik, danek arerio berbera ebelako: diktadurea, hain zuzen be.


4- Amodioa oso present dago: bikote nagusien arteko amodioa, pintureagazko amodioa, ezinezko amodioa… Zergaitik dauka hain presentzia garrantzitsua osogai horrek?

Bizitzaren motorretako bat dalako, inportanteena akaso. Nekez kontau daiteke pretsonaia baten bizitza arlo hori jorratu barik. Istorio gehienak maitasun istorioak dira. Dana dala, maitasunaz berba egiteko mila modu dagoz.


5- Filman badagoz momentu komikoak be, baina azkenean negarra eragiten deutsu. Heriotzeagaz, gainera, porrot egiten dabe amesek. Bizitzearen irakurketa mingotsa al da?

Ez, ezelan be ez. Guk nahikoa pelikula errealistea egin gura izan dogu, eta errealidadean negarra eta barrea alkarregaz doaz, batzuetan nahasian.

Guk, halan da be, ez genduan irakurketa mingotsa egin nahi, ezelan be. Egoera gogorrak jazoten dira, batzuk oso gogorrak, baina pertsonaiek badaukie nahikoa indar ezbeharrari aurre egin eta egoereari bueltea emoteko. Holan gertatzen da, nik uste, pelikulako pertsonaia guztiakaz.


6- Umorerik barik imajinetan al dozu pelikula hau?

Ez dakit. Guk ez geunkan umorezko pelikula bat egiteko bapae asmorik. Umorea ia-ia gura barik sortu da, gu, sortzaile moduan, pertsonaien larruan sartu garenean. Publikoaren aurrean aurkeztu dogunean konturatu gara guk uste genduana baino gehiago egiten dauela barre jenteak. Pertsonaiakaz identifiketako modu bat izan daiteke. Gero, pertsonaiak momentu edo egoera lazgarriagoetan sartzen diranean be, publikoak eurekaz identifikauta jarraitzen dau eta horregaitik hunkitzen da.


7- Zelakoa izan da Aitorrentzat paper nagusi bat egitea eta zuzendari izatea aldi berean?

Aitorrek aktore sena dauka. Aktorea da beste edozerren gainetik. Zuzendari bi ginanez, arazo gitxiago ikusten genduan bera bi paperetan egonda. Eta holan subertau da. Oso erosoa izan da zentzu horretan.


8- Patxo, ostera, kamarearen beste aldean gelditu arren, kameo bat egin dau. Zergaitik erabagi zenduen hori?

Nik erabagi neban. Nik ofizioko hainbat len egin izan dot (antzeztu, zuzendu eta, batez be, idatzi). Ofizio horreen artean, antzeztearena ez da gehien obsesionetan nauena. Are gitxiago proiektu honetan, ze zeregin barri bati ekin behar geuntsan. Burua libre euki nahi neban eta zuzendaritzan zentrau.

Esangura horretan, ez jatan bape kostatu aktore moduan ez egotea.


9- Zelakoa izan da zine zuzendaritzearen esperientzia? Errepetiduteko gogoz?

Zuzentzea droga gogorra da, eta engantxau egiten dau. Beraz, gogo handia daukagu errepetiduteko. Ez da erraza, baina ideiak eta gogoa ez jakuz falta.


10- Estreinaldietan oso harrera ona izan dau filmak. Zenbat aukera ditu euskal pelikula batek karteldegian mantentzeko, publizidade kanpaina handi bat atzean ez badauka?

Zuk esan dozu, guk ez daukagu babes publizitario berezirik eta horrek asko baldintzatzen dau pelikulearen zabalkundea. Estreinetea berez bada lorpen bat. Karteleran irautea erronka benetan gatxa da, batez be gaur egun, aurrekontu handiko pelikulek be oso diru gitxi batzen dabela gogoan hartuta.

Denporeak esango dau. Ganera, galtzen dan azkena esperantzea izaten da.


11- Zeintzuk dira, zuen ustez, euskal zinemagintzearen ajeak?

Ez dagoala 'euskal zinemagintza' legez uler daitekeen korpusik. Batetik, pelikula gitxi produzidu diralako orain arte, eta ezin daiteke esan gure zineak identifiketako moduko ezaugarririk dituanik. Bakotxak bere estilora egiten dau, ez dago belaunaldi zehatzik, zinea egiteko proposamen zehatza darabilenik. Horretarako nahitaez industria bat egon beharko litzateke, eta erakundeek zinearen alde zinez apostu egin beharko leukie; holakorik ez dagoan bitartean, ezin izango dogu euskal zineaz berba egin.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu