Nazinoarteko 50 ikerlarik Euskal Diaspora gaiak landuko ditue Arrasaten
2009-10-16 15:45 Euskaldunak munduanDatorren martitzenean, urriak 20, hasiko da Gipuzkoako Arrasaten 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' (EHMG) Nazinoarteko Mintegiaren VI. edizinoa. Urriaren 20, 21 eta 22an Arrasateko Kultura Etxea munduan euskal diasporea aztertzen daben ikerlari eta adituen topagune bilakatuko da.
Datorren martitzenean, urriak 20, hasiko da Gipuzkoako Arrasaten 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' (EHMG) Nazinoarteko Mintegiaren VI. edizinoa. Urriaren 20, 21 eta 22an Arrasateko Kultura Etxea munduan euskal diasporea aztertzen daben ikerlari eta adituen topagune bilakatuko da, gehienbat Euskal Herriko unibersidadetik eta ikasketa guneetatik etorriak, baina baita Ameriketako zenbait herrialdeetatik be, besteak beste, Argentina, Uruguai eta Txiletik. Mintegiaren antolatzaile dan Euskal Herriko Unibersidadeak adierazo dauenez, bertan egon ezin dabenentzako, mintegi birtual bat be egongo da, eta EuskoSare-tik segidu ahal izango da Sarean.
Mintegira hurreratuko dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeakazko Harremanetarako Zuzendaria, Julian Celaya; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo ekintza eta Turismo zuzendaria, Agustin Arostegi; eta Arrasateko alkatea, Ino Galparsoro. Mintegian euskal migrazinoaren eta bere ondorioen azterketea egingo dabe, Euskal Herritik kanpo zein barruan.
Arrasaterako preparau daben egitarauaren nondik norako nagusiak be aurreratu ditue. Urriaren 20an, martitzenean, mintegia inaugurau eta historiako kontuak landuko ditue eta proiektu batzuk aurkeztuko. Eguaztenari jagokonez, artearen historia landuko dabe, goizean. Eta arratsaldean zinema eta emigrazinoa buztartuko ditue.
Eguenean, barriz, 'Euskal abizenak munduan' jardunaldia landuko dabe: 'Azken urteotan diasporan holako kezka sortu da norberaren abizenaren jatorria nondik datorren… hori jakinda, Euskaltzaindiara jo genduan eta horren inguruko mahai-ingurua egongo da', azaldu dau Jon Ander Ramos mintegiaren koordinatzaileak.
Mintegiaren seigarren edizinoa da aurtengoa. Gasteizen hasi zan eta bertan egin zituan lehenengo bi urteak (2004 eta 2005), ondoren Uruguaiko Montevideon antolatu zan (2006), jarraian Lapurdiko Baionan (2007) eta gero Estadu Batuetako Kaliforniako Bakersfield-en (2008). Datorren urtean Argentinan, Buenos Aires probintziako Tandil herrian egingo dala jakinarazo dabe honezkero.
Informazino gehiago behar izan ezkero:
- Telefonoz: 665 70 75 35
- e-postaz: arrasate.mugazgaindi@hotmail.es
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!