'Orotariko Euskal Hiztegia' Sareratuz amaitu ditu Euskaltzaindiak 90. urteurrenaren ekitaldiak
2009-10-15 10:51 Euskerea berbagaiOrotariko Euskal Hiztegiak euskerearen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea dau helburu. 1987an argitaratu zan paperean lehen liburukia eta 2005ean 16.a eta azkena. Euskaltzaindiak bere webgunean eskaintzen dauena hiztegiaren oinarrizko bertsino elektronikoa da eta Creative Commons lizentziapean banatzen da.
Euskaltzaindiak amaierea emon eutsen pasa dan astean bere 90. urteurrena ospatzeko urte osoan zehar egindako ekitaldiei. Akademiak Gipuzkoako Foru Aldundian izan eban hitzordua, Euskaltzaindiaren lehen bilerea (1919ko urriaren 7an) egin zan leku berean. Amaierako ekitaldi horretan albistea be emon eban Euskaltzaindiak, hau da, honezkero Orotariko Euskal Hiztegia Interneten kontsultau daitekeela.
Andres Urrutia euskaltzainburuak iragarri eban albistea: 'ekitaldi honetan aukera ezin hobea daukat Euskaltzaindiaren webgunean danon esku jarri dogun lan historiko eta garrantzitsua aurkezteko, hain justu be, Koldo Mitxelena zanaren Orotariko Euskal Hiztegia. Gaur bertan, errealidade bihurtu da egitasmo hori, eta horretan partaide izan diranak aitatu nahi neukez, hau da, Mitxelenaren senitartekoak, hiztegia lantzen ibili dan taldea eta Euskaltzaindiaren zuzendaritzea. Guztiei esker, egia bilakatu da Euskaltzaindiaren zuzendaritzeak 2005. urtean iragarri ebana, Orotariko Euskal Hiztegia izenekoaren liburukiak paperean argitaratzeari amaierea emon jakonean. Zer esanik ez, Euskaltzaindiak egun be lanean dihardu, lan oparo hori gaurkotzeko ahaleginetan'.
Orotariko Euskal Hiztegiak euskerearen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea dau helburu. 1987an argitaratu zan paperean lehen liburukia eta 2005ean 16.a eta azkena. Euskaltzaindiak bere webgunean eskaintzen dauena hiztegiaren oinarrizko bertsino elektronikoa da eta Creative Commons lizentziapean banatzen da.
Bertsino hau, argitalpen elektronikoaren lehen pausua izatea nahi leuke Euskaltzaindiak eta, gerora, hiztegiaren egituratze-maila osotuagoa lortzea helburu izango dauen proiektuaren abiapuntua.
Paperezko edizinoaren atontze lenetan erabilitako RTF formatudun datutegiak oinarri hartuta, Internet bidezko zabalkunderako bi bertsino preparau dira: bata, PDF formatuan, testu jarraitu moduan ordenagailura bajatu daitekeena; eta bestea, HTML formatuan, sarrera nagusiak bilatzeko aukerea eskaintzen dauena. Azken hau, Internet bidez erabilten da.
Era berean, testu libreko bilaketak egitea ahalbidetzen dauen sistemea be preparau da, Adobe Acrobat Reader irakurgailuarentzat eskaintzen dan indexatze-tresnearen bidez. Bilaketa-modu hau erabilteko, Hiztegiaren (A-Z) PDF fitxategi guztiak bajatzeaz gan, indizeak gordeten dituan Bilaketak.zip (104.72 MB) artxiboa be bajatu beharko dau erabiltzaileak. Artxibo horretan konprimiduta doan Bilaketak.pdx fitxategiaren bidez, hiztegi barruko testuetan be (adierak, adibideak, etab.) bilaketak egitea posible da. Bilaketak egin ahal izateko, aipatu Bilaketak.zip artxiboa deskonprimidu eta bertako eduki guztiak Hiztegiaren dokumentuak bajatu diran karpeta berera kopiau behar dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!