Leitzan, Etxahun Lekue nagusi; Arriagan, Iñaki Zelaia faboritoen ganetik
2009-10-13 12:10 BertsolaritzeaNire artikulua ez neuke Etxahun Lekue larrabetzuarra zoriondu barik hasi gura. Leitzako saioa urruntxo parau jaku, baina, ha ta guzti be, Etxahunen prefabrikau bako bertsoak imini gura deutsuedaz, beste batzuen artean.
Nire artikulua ez neuke Etxahun Lekue larrabetzuarra zoriondu barik hasi gura. Leitzako saioa urruntxo parau jaku, baina, ha ta guzti be, Etxahunen prefabrikau bako bertsoak imini gura deutsuedaz.
Hasteko, baina, Ibon Ajuria gernikarraren zortziko handiko hasierako bertsoa joatzue. Ez eban suberterik izan zapatuan, baina bertsokera polita dauka Ibonek. Ainhoa Agirreazaldegigaz egindako ofizioaren gaia hauxe dozue: 'Parkean paseoan zabiziela, zuen alaba gaztea ikusi dozue baten bategaz mosuka'.
A ze sorpresa guk izan dugun
parke barruan sartuta.
Gure alaba hor dagolako
mutiko bati helduta.
Ze estiloa hortxe dabiltza
ezpainak txupa ta txupa.
Gure alabak zure moduan
ez du egiten musuka.
Etxahuneri, barriz, Iñigo Olaetxeagaz tokau jakon zortziko handian. Gaia: 'Astero joaten zarie mendira alkarregaz. Gaur, joan orduko, konturatu zarie kaza-denboraldia hasi dala. Kazariz beteta dagoz bazter guztiak'.
Gu domekero joaten gara
mendi bueltara pausoka.
Baina zeozer aldatu zaigu
zarata handia dago ta.
Guztiak dabiz eskopetekin
gora adi tiro joka.
Honeek berdetik soilik daukate
kamuflajeko arropa.
Akabetako, E. Lekueren kartzelako beharra. Aspaldion, gure herrian sarritan pasetan dabilzen bahiketen ganean. Bertsoaldi osoa da Etxahunerena. Gaia: 'Diru asko opatu deutsue, baina ez zagoz prest'.
Gizon txiki bat hurreratu zait
lehen atzetik abiadan.
Eta berari segitzeko esan
dit lasai-lasai patxadan.
Nik susmo txarra hartu diot bai
ez dakit kontu ona dan.
Miloi piloa ilaran.
Mahai gainera eraman.
Gero esan dit zure lagunak
zala itzazu banan-banan
munduko urre dana ez da nahiko
lagunak saldu ditzadan.
Herri txiki bat dugu geurea
bere mesede ta kalte.
Baina, hala ere, bizi nahi dugu
besteengandik aparte.
Horreixegaitik gu estuago
berriro hartu gaituzte.
Ona denik ez dut uste,
ditut mila buruhauste.
Gela hontatik korrika ihes
orain egin nahiko nuke,
baina mahaitik dirua kendu
ta pistola jarri dute.
Pistola eta bala ikusi
ditut, beraz, mahai hortan.
Oraintxe nago benetan larri,
barrua daukat kolokan.
Joan nadila esan didate,
enuen uste askotan.
Jarraituko dut borrokan,
ez naiz geratuko lotan,
ez nagoelako nire herria
hola saltzeko asmotan,
baina atzera begiratuko
dut askosaz gehiagotan.
Azkenean, holan parau ziran puntuazinoak:
Etxahun Lekue 643
Ainhoa Agirreazaldegi 634
Iñigo Manzisidor 'Mantxi' 621,5
Xabier Sukia 604,5
Ibon Ajuria 598,5
Iñigo Olaetxea 575
Arriagara bueltea
Aspaldiko partez, barriro be Arriagan. Gustura jesarri nintzan bere esarlekuetan eta itxura ederra igarri neutsan. Jentea polito batu zan, ordena honetan urten eben bertsolariok entzuteko: Maddalen Arzallus, Julio Soto, Asier Otamendi, Amaia Agirre, Iñaki Zelaia eta Jexux Mari Irazu.
Iñaki Zelaiak asko harritu ninduan. Hori da hori, idea onakaz eta josita, ondokoaren bertsoari erantzutea. M. Arzallus ikaragarri dabil bertsotan, bildurra emoteko moduan, eta ea finalaurrekoetan entzun geinken. J. Sotok goitik behera dakarz bertsolerroak eta pentsetan dot batzuetan geldirotxoago kantauko baleu, bertsoa dotoreago parauko litxakiola. A. Agirre ez neban lar gustura igarri; hori bai, bere hamarreko txikia galanta izan zan. J. M. Irazuk ofiziotako beharrean umoretsu jardun eban eta sarritan ailegau zan jenteagana eta A. Otamendiren ofiziotako bertsoren bat be gogor txalotzeko modukoa izan zan.
J. M Irazuk bere agurrean esan eban moduan, saio bitik saio bi bizkaitarrenak izan dira eta domekan Bizkaiak irabazi eban. Nik pentsau ofiziotako behar asko gustura entzutekoak izan zirala. Horren adibidea izan zan J. M Irazuk eta Iñaki Zelaiak egin eben zortziko nagusiko ofizioa.
Aitatu beharrekoa, berebat, Irazuren hitanoaren erabilerea. Zelaia eta Irazuren amen papelean egin ebezan bertsoak ipiniko deutsuedaz. Gaia: 'Bertsolari banaren gurasoak zarie. Saioa hasi eta, segiduan, aretotik urten zarie biok'.
I. Zelaia:
Urduri eta bihotzekoak
jotzeko puntuan gaude.
Seme Iñaki kalamidade
hori daukat parez pare.
Etxean hamar aldiz bota dit
hona etorri ta, halaere,
agurra ere ezin du bota
batere trabatu gabe.
J. M Irazu:
Nere hau ere etorri da ba
mutur hezur zuriakin.
Baino apuntatu aurretik ere
zer zetorkion bazekin.
Jexux Mariren ama naiz eta
nerbioso nago fin-fin.
Ta banijoa nahiz etorri dan
alkandora berriakin.
Gure semean jantziak ere
andrearen opariak.
Orain kantatu aurretik mahaian
prestu dauzkate sariak.
Bertso txukunik kantatu gabe
txalo jotzen du jentiak.
Garai bateko bertsolariak
haiek bai bertsolariak.
Lehengoak joan ittunan eta
haiek zeuden bukatuta.
Aizan, Maria, gu hemen gauden
barruak seko nahastuta.
Hire semean erropan ere
ederki naun fijatuta.
Nikia ere gaur ekarri din
oso ondo plantxatuta.
Saiatu gera semea janzten
tokatzen zaion bezela.
Galtza bakero berri-berriak
jarri dizkiou horrela.
Nikia ere ondo plantxatu
ez degu bukatu bela.
Espero degu itxurak ere
puntuatuko duela.
Txikerreko beharrean, A. Agirre eta I. Zelaiaren lehenengo bertso biak elegidu dodaz. Gaia: 'Amaia, Iñaki kazetariak ordubeteko elkarrizketa egin eutsun telebisinorako. Elkarrizketa hartatik 20 segundoko zati bat baino ez dabe emon'.
A. Agirre:
Ai zenbat hitz jario
ETBra joanda,
gorputzez eta buruz
nere propaganda.
Baina emandakoa
larria izan da.
Gainera atera nau
bizkarra emanda.
I. Zelaia:
Entrebista egiten
hamaika ahalegin.
Galdera egin eta
erantzuna berdín.
Ta bizkarrez propio
atera zaitut fin.
ETBn presoei buruz
ezinda hitz egin.
J. M. Irazu eta M. Arzallus be ederto ibili ziran. Irazu lobak Arzallus amama ikusten dau herriko sukaldaritza-ikastaro baten:
J. M Irazu:
Etxeko gizon plantan
nahi zuen ikasi.
Barrura sartu naiz ta
amona ikusi.
Munduko babarrunik
onenak zeuk kasi
Utzi koadernoa ta
erakusten hasi.
M. Arzallusek holan akabau eban bere beharra:
Hori ulertzeari
egin diot uko.
Segundu erdian ez naiz
modernizatuko.
Garbantzoak kariñoz
egosi ta punto.
Nik badaezpada ez dut
ezer probatuko.
Hamarreko txikerreko beharra M. Arzallus eta A. Agirrerentzako gorde dot. Gaia: 'Ohera sartu eta goxo-goxo jolasean hasi zarie. Maialen, bost minuto pasau eta lepoa emon deutsu Amaiak'.
M. Arzallus:
Nere eskaereri
eginikan kasu:
haseran hasi zara
laztan eta muxu.
Baina zer gertatu da
oraingoan aizu.
Amaia, harrituta
erabat naukazu.
Bizkarra emanda ere
polita zara zu.
A. Agirre:
Gogorik ez daukagu
ahoa ixteko.
Baizik plazer gorena
topera iristeko.
Haserretu naizenik
ez dezu usteko.
Ez nintzan gai, Maialen,
aurrekoa eusteko.
Eta esan nahi nizun
atzetik hasteko.
Beraz hasi nahi duzu
gogor eta sutsu.
Nahiz lehen hasi naizen
goxo ta amultsu.
Egia esan pixkat
bortitza zara zu.
Horretan inexperta
nahikoa naiz aizu.
Eta zuk erakutsi
beharko didazu.
Puntu erantzunean, sano soltu jardun eben bertsolariak:
M. Arzallusen lehenengoa eta hirugarrena:
'Zaharra zara Bilbo
Bilbo zaharra zara'.
Horregatik gutxitan
etorri ohi gara.
Donostia daukagu
bertatik bertara.
Hara luzatzen dut nik
nere begirada.
'Zazpi kaleek dute
xarma berezia'.
Gainera nere ustez
oso merezia.
Bilbok bertatik lortzen
du bere grazia.
Hola du bere fama
bai irabazia.
J. Sotoren lehenengoa eta hirugarrena:
'Madril olinpiadetan
kanpo geratu da'.
Ta horrek neri ez dit
batere ardura.
Rio Janeiron dago
olinpiaden muga.
Ta horregatik senti
gaitezke gustura.
'Euskal Selekzioa
hurrengo urratsa'.
Nahiz eta egoera
den dezente latza.
Egin tzagun indarra
ez izan zalantza.
Ofizial izateko
badut esperantza.
A. Otamendiren azkena:
'Garraio publikoa
garestia omen'.
Askoz merkeagoa
behintzat bazen lehen.
Metro eta tranbia
badauzkagu hemen.
Halaere ni oinez
joaten naiz ondoen.
A. Agirreran lehenengoa eta azkena:
'Surfisten topaleku
omen da Mundaka'.
Baina han olatuak
dijoaz beheraka.
Sopelara aldatuz
a ze zalaparta.
Naturaren legea
hola izaten da ta.
'Trebea izan behar
zutik irauteko'.
Oreka mantenduta
bertan ez jausteko.
Baina ni eskasa naiz
kiloak tarteko.
Ta ondarran gainean
askosaz hobeto.
I. Zelaiaren lehenengo biak:
'Telebistan aspaldi
zenbat aldaketa'.
Mapa ere aldatu da
ez da berriketa.
Denok gaude ze ikusi
eta han zer gerta,
agintaria ere
aldatu da eta.
'Goenkale oraindik
ez zaigu bukatu'.
Aspaldi ez det ikusi
mesedez barkatu.
Baina aspaldi prentsan
maiz dute aipatu.
Garzonek ere badu
horren hainbat datu.
Irazuren lehenengoa:
'Athletik hasi behintzat
ederki hasi da'.
Bai ligara ta berdin
Europa(ra) begira.
Lehenego urtean nahiko
aldarte larrira.
Aurten igual segunda(ra)
bajatuko dira.
Bakarreko atalean arean behera egin eban saioak. J. Sotok batu eban puntu gehien arlo horretan. J. M. Irazuk gaia txarto aitu eban eta puntuazinoan polito igarri eban. Bertsook www.bertsoa.com edo www.bertsoplaza.com webguneetan entzun zeinkiez.
Azkenean, holantxe parau ziran puntuazinoak:
Iñaki Zelaia 643
Julio Soto 639,5
Maddalen Arzallus 636,5
Amaia Agirre 631,5
Jexux Mari Irazu 599,5
Asier Otamendi 588
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!