Eneko Atxa: 'umetan bizitako momenturik ederrenak ezkaratzean bizi izan dodaz'
2009-10-09 16:30 BarriketanEneko Atxa Azurmendi Jatetxeko sukaldariaren 'Errazetak', umeakaz jolasean egiteko errezetak liburua salgai dago honezkero. Andoni Lupiañezegaz (Publizistea, irakaslea, umeakaz eta umeentzako telebista saioak be egin izan ditu) batera umeentzako liburua atondu dabe, umeak suetera erakarri, suetea jolastoki eta familiaren topagune bihurtu, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonak hobetu eta, bidebatez bertoko kalidadeko produktuak sustatzeko asmoz sortutako liburua. Danetara, 21 errezeta dira eta horreetako 18k ipuina dakarre. Era berean, koloretako 200 argazkiz be hornidu dabe liburua.
'Eneko Atxak eta Andoni Lupiañezek errezetak jolas bihurtu ditue, jolasa ipuin egin eta ipuinak janari erakargarriz aurkeztu', Martin Berasategi sukaldariak liburuaren berbaurrean idatzi dauenez.
Hona hemen, Ibaizabal argitaletxeak banatu eta 20 euroan salgai dagoan 'Errazetak' liburuaren ganeko gorabeherak Eneko Atxa eta Andoni Lupiañezegaz:
1.- Andonik proiektua aurkeztu eta beragaz kolaboretako proposamena egin eutsunean, zelan hartu zenduan?
Ideia zoragarria begitandu jatan. Ganera, aspaldiko lagunak gara eta ondo baino hobeto ezagutzen neban Andoniren sentsibilidadea mundu honetan.
Beraz, 'Errazetak' proiektuan kolaboretako baietza berehala emon neutsan Andoniri.
2.- Zelako esperientzia izan da zuretzako umeakaz ezkaratzean ibiltea?
Esperientzia ederra izan da, asko disfrutau dot. Lana didaktikoa izan da eta norberak dakiana besteei erakustea, kasu honetan, etxeetako txikienei erakustea, esperientzia polita izan da. Jatetxeko eguneroko beharra baztertu barik, umeakaz errezetak preparetea beharra baino gozamena izan da gehiago, jolas entretenigarria eta osasungarria benetan oso gustora ibili naz.
3.- Andoni, Betizu saioan be umeek preparetako moduko errezetak porposatzen zenduzan. Hori izan al da 'Errazetak' liburuaren sorburua?
Datu bi aitatuko neuskizuz liburuaren sorburu moduan. Batetik, umeak gero eta lodiago dagozala dieta eskasaren ondorioz eta, bestetik, beharraren eta egungo bizimoduaren eta gizartean bizi izan doguzan aldaketen eraginez, guraso askok denpora gitxi daukiela umeakaz egoteko, komunikazino falta handia dagoala.
Baina egia da, Betizu saioaren barruan egiten genduan atal berezi harek be zeozelan eragina izan dau. Dana dala, atal haretan egiten genduanak eta oraingo proiektu honek zerikusia izan arren, sano desbardinak dirala esango neuke.
4.- Umeak suetera erakarri, suetea jolastoki eta familiaren topagune bihurtzea da helburua. Egungo prisa, bizimodu zoroagaz posible izango ete da helburu horreek betetea?
Bai. Lehen ez deutsut esan, baina liburua jaio aurreko gogoeta prozesuan nengoala, urteakaz ezkaratzen neurria murriztuten joan dala konturatu nintzan. Holan da, gure etxeetako ezkaratzak gero eta txikiagoak dira. Umeek gero eta arrotzago ikusten dabe ezkaratza, helduok be holan ikusten dogulako eta, beraz, liburuaren helburuetako bat da, ondo pasatuz, ezkaratzak lehen eukan guraso eta seme-alaben arteko komunikazinorako eta hartu-emonetarako balioa berreskuratzea.
Kontuak kontu, errezetak jolas moduan planteauta umeek ondo pasauko dabe eta ondo pasetan badabe, elikadura orekatuaren aldeko jarrera errazago sortuko dala pentsetan dot.
5.- Eneko, ezkaratza sano garrantzitsua izan da gure bizitzetan, gure ohituretan, baina gaur egun gure etxeetan, gero eta txikiagoak dira ezkaratzak eta orain urte batzuetako eskola hori, sutondoko kontu horreek galdu egin dira. Zelan bizi izan dozu zeuk aldaketa hori?
Gaur egun bizi dogun bizimodu zoroaren eraginez galdu da hori. Nik neuk umetan eta ez hain umetan bizi izan dodazan momenturik ederrenak ezkaratzean edo ezkaratzearen inguruan bizi izan dodaz eta gaur egun holakorik ez dago. Beti gabilz presaz eta ezkaratzean denpora gitxi egiten dogu.
Arduratzeko moduko egoerea da ze konturatu ez arren, gure kulturearen zati inportantea da galtzen gagozana. Esangura horretan, 'Errazetak' liburua gure ahalegina, ekarpena da ohitura on horreek berreskuratzeko bidean. Beharrezkoa dan sentsibilizazino prozesuan, maila apalean baino ez bada be, zeozelan eragiten badogu, gu pozik.
6.- Andoni, zein edadetako umeei zuzenduta dago liburua?
Nik uste dot umeak urte bigaz edo hasi daitekezala gauza errazak egiten. Dana dala, ume bakotxa desbardina da, batzuk helduagoak dira eta edade bat zehaztutea ez da gomendagarria. Zehaztasun handirik barik, behetik bi urteko muga hori aitatuko neukizu eta gotik ez dogu mugarik jarri. Kontuan hartu, errezetak ez dirala errezeta infantilak, errezeta normalak dira, baina erraz egiteko moduan proposatutakoak. Beraz, edozein lagunek etxean konbidatuak daukazanean be preparetako modukoak dira.
7.- Liburura 21 errezeta eta 18 ipuin batu dozuez. Errezetak aukeratzeko erispideak zeintzuk izan dira? Erraz preparetako modukoak izatea izan al da lehentasuna?
Eneko: dibertigarriak, umeentzako erakargarriak izatea gura izan dogu eta, bai, erraz preparetako moduko errezetak aukeratu doguz. Hori bai, nutrizionisten aholkuak be entzun doguz, asmoa dieta orekatua eta osasungarria bultzatzea dalako. Esangura horretan, era guztietako errezetak sartu doguz, entsaladak, pasta, barazkiak, arraina, okelea eta postreak, zelan ez.
8.- Liburuaren diseinua deigarria da. Zeharretara barik, orrialdeak goitik behera zabaltzen dira, suetean erosoago eta garbiago ibilteko...
Andoni: liburuari formatu bertikala emon gura izan deutsagu, ze ohiko sukalde-liburuak, ganerako ia liburu guztiak bezela, zeharretara irakurten dira eta, jakina, ezkaratzean liburua aurrean daukazula kozinetan zabilzanean, normala da galtzea, orrialdeak aurrera edo atzera egitea. Ganera, eskuak be lohi daukazuzanez, liburua be lohitzeko arrisku handia dago. Hori guztia ebitetako emon deutsagu formatu bertikala. Piramide itxurea dauka eta mahai ganean ipini daiteke, kasuan kasuko orrialdea denpora guztian bistan daukazula.
Horrezaz ganera, kozinan erabilteko liburua dala kontuan hartuta, zikindu barik ibiltea ez dala erraza izango kontuan hartuta, orrialdeei plastikotasun edo inpermeabilidade puntu bat emon deutsegu zapi bategaz erraz garbitu ahal izateko.
Funtzionalidadearen harian, errezetak zenbat pausutan planteau eztabaidatzen ibili ginan, eta azkenean lau pausu zehaztutea erabagi genduan. Errazak eta erakargarria izatea lehenetsi genduan, baina kasuren batean zailtasun puntua ikusi badogu, argazkia erantsi deutsagu.
9.- Datozen urteotan elikadura orekatua izango ei da erronka. Bide onetik goaz?
Eneko: Alderdi edo arlo batzuk kontuan hartuta ondo gabilzala esango neuke, baina beste arlo batzuetan, barriz, asko dago egiteko. Sentsibilizazino eta kontzientziazino prozesuan aurrera egin behar da eta gurean ugari doguzan kalidadeko eta labeldun produktuen aldeko jarrereari eutsi behar deutsagu. Denporadako produktuen kontsumoa suspertzea be nahitaezkoa iruditzen jat eta danetarik jatearen aldeko apustua sendotzea.
Osasuna eta kulturea dagoz tartean eta seme-alaba eta gurasoen arteko hartu-emonak be bai. Beraz, baztertu behar ez dan gaia da, bape duda barik.
Andoni: pozik geldituko nintzateke liburuari esker familia batzuetan ezkaratza ikusteko erea aldatzea lortzen badogu. Ezkaratzean disfrutetea lortzen badogu, janaria beste modu batean ikusiko dogu eta dieta orekatua, orain arte euki doguna lortzea errazagoa izango da.
10.- Amaitzeko, Eneko, Michelin izar baten jaube izanik, zelan ikusten dozu euskal sukaldaritza barriaren etorkizuna? Krisia igarriko zenduen zuok be, ezta?
Euskal sukaldaritza barriaren etorkizuna ondo ikusten dot. Jente gaztea be badator eta polito gabilzala uste dot. Ganera, suberte handia daukagu, gure produktoreei esker gero eta jateko hobeak, kalidade handiagokoak daukaguz, bizi garan lekuan bizitea pribilegio handia da, ortuko produktuak zein itsasokoak esku-eskura daukaguz eta lehengai horreekaz kozinetea eta jateko osasungarriak eskaintzea beti da errazagoa.
Edozelan be, betiko sukaldaritzea, tradizionala da arduratzen nauena, izan be, zeozelan galtzen dagoala igarten dot, belaunaldi aldaketearen eta egungo bizimodu zoroak dakarren jateko estiloaren eraginez. Kultura gastronomikoari ez deutsagu galtzen itxi behar eta, esangura horretan, Foccus azoka gastronomikoaren barruan, egunotan 'Bizkaiko Sukaldaritza' proiektua aurkeztu dogu Llona-Badiola Fundazinoak, Artxandako Ostalaritza Eskoleak eta nik neuk, batez be, Bizkaiko sukaldaritza tradizionalari eusteko asmoagaz.
Krisiarena be hortxe dago, igarri igarten da, baina ni neu pribilegiatua sentiduten naz. Larrabetzuko Arzurmendi Jatetxea bere ibilbidea egiten dago eta aurten, beste jatetxe bi zabaldu doguz, bata Bilbon, 'Kalaka' eta bestea Madrilen, Villamagna Hotelean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!