Nafarroako Euskerazko Hedabideok eretxi publikoari

Nafarroako Euskerazko Hedabideak Eta Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoa 2009-10-09 11:50   Euskerea berbagai

Nafarroako Gobernuak bigarren urtez blokeau dau euskerazko hedabideontzako diru-laguntzetarako gordeta egoan partidea. Euskarabideak garagarrilean agindutako 240.000 euroko diru-partidea ezerezean gelditu da, Nafarroako Gobernuaren barruko Institutuak ez dauelako deialdia garaiz argitaratu.

Nafarroako Gobernuak bigarren urtez blokeau dau euskerazko hedabideontzako diru-laguntzetarako gordeta egoan partidea. Euskarabideak garagarrilean agindutako 240.000 euroko diru-partidea ezerezean gelditu da, Nafarroako Gobernuaren barruko Institutuak ez dauelako deialdia garaiz argitaratu. Ez 240.000, ezta 9.567 be, Euskarabideak egoerea zuzendu ezean, Nafarroako gizartearen eskariari erantzunez euskerazko informazinoa lantzen dogun hedabideok ez dogu euro bakar bat jasoko aurten. Nafarroako Gobernuak ez dau bere betebeharra eta konpromisoa bete, eta holan erantzun deutso hedabideetako ordezkarion urtebeteko ahalegina, lana eta elkarlanerako jarrereari.

Urtebete da Nafarroako euskera hutsezko hedabideok eretxi publikoaren aurrera atara behar izan genduala, Nafarroako Gobernuaren erabagiek gugan eragin eben egoera larria salatzeko: Parlamentuak holan onartuta, euskeraz gabilzan hedabideontzako 310.000 euroko diru-poltsa 'blokeau' egin eban gobernuak, gutako askoren biziraupena kolokan jarriz.

Egoera haren aurrean, bi eskaera egin geuntsazan orduan Gobernuari: diru poltsa haren blokeoa bertan behera ixteko, eta diru-laguntza politika duin eta egonkorra lortzeko hitzarmen bat lantzen hasteko. Eskaera biak beteteko behar beste lan egiteko prest gengozala be esan genduan orduan eta, are gehiago, lanari be ekin geuntsan: hamaika bilera egin genduzan gure artean balizko hitzarmen horren oinarriak lantzen hasteko. Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiekaz alkartu ginan banan-banan, gure egoeraeren eta eskaerearen barri zuzenean emoteko; Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari eta Euskerearen Nafar Kontseiluari be azaldu geuntsen gure egoerea zein dan, eta lortu genduan Parlamentuak berariazko agindua emotea Gobernuari proposatzen genduan hitzarmenaren bidea lantzen hasteko.

Bien bitartean, inpresinoa daukagu Nafarroako Gobernua, eta gure interlokutore zuzena izan dan Euskarabidea, geugaz jolasean ibili dirala denpora horretan guztian: legez geurea zan 310.000 euroko diru-partida haretatik, 240.000 euro 'desblokeau' zituan 2008aren amaieran. 2009rako, barriz, 9.567 euroko aurrekontua onartu eban xede horretarako.

Oraintsu arte Hezkuntza Kontseilaria izan dan Carlos Perez Nievasek eta Euskarabideako zuzendariak, Xabier Azanzak, urte osoa emon dabe esaten lasai egoteko, benetan banatuko zan kopurua hori baino gehiago izango zala. Garagarrilean egindako bilera batean, 240.000 euroko poltsa banatuko ebala esan euskun Azanzak, Euskarabideak baeukala diru-partidea eta diru-laguntza deialdia irailean egingo zala.

Baina iraila heldu eta pasau daeta, hara non, egindako lan guztiaren ondoren, bileratan inbertidutako lan eta denpora guztiaren ondoren, egoerea orain urtebeteko berbera da: 2008ko krisiaren atxaki bardin-bardinagaz, garagarrilean agindu jakun dirua blokeauta dago barriro be. Zergaitik? Euskarabidea ez dalako gai izan Gobernuak blokeoa barriro ezarriko ebala aurreikusteko, eta diru-laguntza deialdia hori gertatu aurretik argitaratzeko.

Urtebete pasau da, 365 egun, makina bat ordu bilerak egiten, proposamenak lantzen, gure planteamenduak batari eta besteari azaltzen, gastetako ez daukaguzan indarrak honetan jarten... zertarako eta orain urtebeteko egoera bardin-bardinean egoteko: ez daukagu hitzarmenik, ez eta aurtengo laguntzarik be. Eta hori guztia gitxi balitz, orain ikusteko dago Gobernuan izandako aldaketek zelan eragingo deutsien gure egoereari.

Orain urtebete esan genduan, eta errepetidu behar dogu barriro be: jasoten ari garen tratamendua onartezina da. Egun batean gauza bat esan, hurrengoan horren kontrakoa egin... ezin dogu jarraitu uneko politikariari gogoak emoten deutsonari etenbarik begira. Nafarroako euskaldunek eskatzen deuskuen euskerazko informazinoa ematen jarraitu nahi dogu, eta Nafarroako administrazinoak euskerazko hedabideak babesteko betebeharra dauka. Parlamentuak be eskatu deutso laguntza horreek behingoz zehazteko.

Nafarroako euskerazko hedabideok ahal izan dogun guztia egin dogu herritarren eskariari erantzun eta Nafarroako Gobernuaren betebeharra gauzatzeko hitzarmena lantze aldera, eta gauza bera eskatzen deutsagu Gobernuari, eta bereziki Euskarabideari, hau da, bere lana egin daiala, besterik ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu