Literaturea eta bidaiak buztarturik Miguel Sanchez-Ostiz eta Jon Arretxeagaz Bibebarrieta Kulturgunean

Bizkaie! 2009-10-05 15:01   Kulturea

'Literaturea, bidaiatzeko beste modu bat', izenburupean, Bidebarrieta Kulturguneak Jon Arretxe bizkaitarra eta Miguel Sánchez-Ostiz nafarra alkartuko ditu. Publikoarentzat zabalik dagoan berbaldia Roge Blasko kazetariak zuzenduko dau, urriaren 6an, martitzenean, 19:30ean udal liburutegian. Sarrerea dobakoa izango da.

'Literaturea, bidaiatzeko beste modu bat', izenburu esanguratsu honegaz Bidebarrieta Kulturguneak Jon Arretxe bizkaitarra eta Miguel Sánchez-Ostiz nafarra alkartuko ditu. Publikoarentzat zabalik dagoan berbaldia Roge Blasko kazetariak zuzenduko dau, 'Eztabaidak Literatureagaz' programearen edizino barriaren barruan, urriaren 6an, martitzenean, 19:30ean udal liburutegian. Sarrerea dobakoa izango da.

Miguel Sánchez-Ostiz (Iruñea, 1950) arlo guztietan arazorik barik moldatzen dan idazlea da eta eleberri, saio, olerki zein prentsarako kolaborazinoak egin ditu. Jasotako sari batzuk azpimarratzeko, Eleberri laburren Nafarroa Saria (1981), Herralde Eleberria (1989), Euskadi Literatura (1990), erdaeazko eleberrien Kritika Saria (1998) eta Kulturako Pincipe de Viana (2001). Bidaiakaz zerikusi gehien dauen argitalpena aitatzekotan, bere azken liburua azpimarratu behar da, 'Cuaderno boliviano', hegoamerikar herrialdeetatik egindako bidaiaren kontakizun-kronikea. Sánchez-Ostiz, 'Siete Leguas' aldizkariko kolaboratzailea be izan da.

Bestalde, Jon Arretxe (Basauri, 1963) Euskal Filologian Doktorea, Gorputz Heziketan lizentziatua eta pianojolea da. Umorezko 'Ostegunak', 'Ostiralak' eta 'Larunbatak' trilogiagaz arrakasta handia lortu arren, bestelako generoetan be lan egin dau, batipat bidaia liburuetan ('Hakuna Matata', 'Zazpi Kolore', 'Ekialdeko mamuak', 'Griot'…). Eleberri baltza landu dau, Paris, Lisboa edo Istanbul urietan giroturik. Munduan zehar bidaiatzea gustokoa duen horietakoa da eta bere bidaietako gora-beherakaz lortu izan dau bere lanak gauzatzeko lehengaia, hamabostetik gora kontakizun, kronika eta bidaien eleberriren egilea.

Topaketa honetako bi idazle protagonistakaz batera, Roge Blasco kazetariak egingo dau moderatzaile eta aurkezle lana. Azken 25 urteotan bidaia eta abenturen munduan aditua dan komunikatzailea da Roge, Radio Euskadiko 'Levando anclas' programako esataria da; ez-ohiko bidaiak gauzatzen dituen protagonistak dira saioaren berezitasuna.

'Eztabaidak Literatureagaz' programea martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, hainbat idazle-bikote entzuteko aukerea izan da: Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Aranburu eta Pedro Ugarte, Espido Freire eta Rafael Chirbes, Bernardo Atxaga eta Daniel Innerarity eta Ramón Chao eta Ignacio Ramonet, beste batzuen artean.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenaren helburua, lehen mailako idazleakaz alkargunea sortzea da, idazteko ofizioagaz zerikusia daben gaiak alkarrizketearen bidez aztertuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu