Mikel Urdangarin: 'kanta batek ez dauka zentzurik norberak egin eta inora ailegetan ez bada'

Saioa Torre Gereketa 2009-10-05 12:47   Barriketan

'Zubia' diskoa plazaratu barri dau

Urte bi disko barririk atara barik egon ostean -tartean hainbat ekimen egin izan dituan arren-, Mikel Urdangarin zornotzarra 'Zubia' izeneko lan barriagaz jatorku, 'sentimentu barea' transmitidu guran. Askok, orain arteko diskoak baino poperoagoa dala dinoe baina nor hobeto protagonistea bera baino disko barriaz berba egiteko.


1.- 'Zubia' izenburua jarri deutsazu lan barriari. Ze bi puntu alkartzen edo urruntzen ditu zubi horrek?

Nahiko neuke zu eta ni hurreratzea, zeozelan esatearren. Zubia da kanta bategaz norberak lortu gura dauena. Niretzat, kanta batek ez dauka zentzurik norberak egin eta inora ailegetan ez bada. Beti ikusten dozu edo pentsetan dozu horixe dala politena. Imajinau kantea zubi bat dala, ez dakizu nora doan zubi hori, baina zubirik ez badago, kantea umezurtz geratzen da.


2.- Oraingoan, aurreko lanei baino pop ikutu nabarmenagoa igarten jake kantei. Bizi dogun krisi sasoian, komertzialtasuna bilatu dozu estilo horregaz?

Ez. Esango neuke beste diskoetan be, ez danetan bainoa inoiz be agiri da poparen ikutua ze nire musikeak ikutu asko ditu. Egia esateko, nire musikea hainbat eskuk eta hainbat musika-estilok ikututakoa da. Pasetan dana da single-a poperoa dala eta badira ikutu batzuk poperoak diranak baina rocketik euki leikienak be badagoz, atmosferikoak, suabeak...

Helburu komertziala... zure musikea zabaldu dagien gura dozu baina oinarrian kantak dagoz, eta kanta horregaz zuretzat egokiena dan moduan kontau gura dozu zeozer. Batzuetan, horrek ikutu poperoa eukiko dau eta beste batzuetan ez, baina ez da bilatutako ezer.


3.- Zein da 'Zubia' eta aurreko diskoen arteko desbardintasun edo barrikuntza nabarmenena?

Nik soinu aldetik beste soinu-mueta bat igarten deutsat, garbia, instrumentuak eta ahotsak ondo definiduta. Kontetan diran kontuak aspaldikoak izan daitekezan arren, niretzat kanta barriak dira, hamar kanta barri. Beraz, hori da barrikuntzea.


4.- Berbatan, betiko lagunak kolaboratzaile legez aritu izan dira: Kirmen Uribe, Unai Iturriaga eta Karmele Jaio. Ingurukoen laguntzinoa ezinbestekoa dozu kantak egiteko?

Kolaborazino horreek berenberegi eskatutakoak dira eta musikea emonda. Gatx egin jatan kanta horreei letrak jartea. Banituan ideia batzuk, berba batzuk, baina ezin abiatuta nengoan. Unaieri be gauza bera pasau jakon, ez ekian zelan hasi; beraz, uste dot melodia horrek baeukala zeozer. Hirurek egindako lana oso azpimarragarria da, kanta onak egin doguz alkarregaz.

Kontua da nire lagunak dirala eta idazle finak; alboan ditudala aprobetxau gura izan dot ze baleiteke aurrerantzean ez egotea bategaitik edo besteagaitik. Niretzat suberte handia da eurekaz lan egin ahal izatea.


5.- Zeintzuk diran landu dozuezan -zeuk eta lagunek- gai nagusiak?

Esango neuke diskoaren gai nuklearra maitasuna dala. Norbera inportanteena dala uste izan arren, alboan ez badaukazu inor ez dauka zentzurik. Badago irudi bat, eta kanta bat, diskoari izena emoten deutson 'Zubia' izenekoa, ni asko inspirau nauena. Kanta horretan pertsona bi agiri dira, bata zubiaren alde batean eta bestea bestaldean. Alkar ikusi arren, ez dakigu zergaitik, ez dira gai zubia pasau eta alkarregaz egoteko. Ikusia dabe alkar, sentidu egiten dabe, ia ikutu, baina, kanteak zubia pasetera bultzatu arren, ez dabe pausurik emoten. Irudi hori presente dago diskoan.

Herriaren irudia be jorratzen dot Unai Iturriagak eta Kirmen Uribek egindako berbakaz, herri honetako hartu-emon gatazkatsuak lantzeko. Memoria historikoagaz zerikusia daukan kantarik be badago, omenaldia fusilatu anonimoei... Gatxa da norberaren kezka guztiak disko batean sartzea baina batzuk, behintzat, agiri dira.


6.- 'Anek idatzi dit zutaz' diskoa 2007an argitaratu zenduan eta urte bi geroago dator disko barri hau. Luze egin jatzu urte biko prozesu hori? Zaletuei, akaso, luzeegi egingo jaken...

Luze ez... Egun, luze ez da ezer egiten, denporea di-da pasetan jatala esango neuke! Luze ez, baina azken hilabeteotan diskoa eskuan izateko irrikitan nengoan eta hori egin jat luze.

Beste proiektu batzuekaz lanpetuta ibili naz eta lanpetuta zagozanean denporea aurrera doa. Kirmen Uribegaz egiten dodan 'Internet Café' ekimenak oraindino be aurrera segiduten dau eta Traspasos jantza-taldeagaz be proiektu bat egin neban eta barriro errepikatuko dogu. Ganera, diskoaren hainbat zuzeneko be eskaintzen egon naz eta uda honetan be jo izan dogu, beraz, ez gara ezer egin barik egon. Ezer egin barik egon izan bagina, orduan bai, ez baitago gauza gogorragorik sei hilabetez ezer egin barik egotea. Tartetxu bat ondo etorten da, baina lan egin eta gero.


7.- Noiz hasiko zara disko barriaren zuzenekoakaz?

Bilboko eta Donostiako FNAC dendetan jo behar dot baina aurkezpen-kontzertu ofiziala Bilboko Arriaga antzokian izango da zemendiaren 30ean. Ohiko bandeagaz joko dot, Rafa Rueda gitarra elektrikoan, akustikoan eta banjoan; Bingen Mendizabal eta Nika Bitchiashvili bibolinetan, Saihela baterian eta Koldo Uriarte tekladuan eta pianoan, baina nobedade bat be izango da, Josu Zabala be gugaz egongo dalako. Durangoko Azokearen harian be beste kontzertu bat eskainiko dogu eta hor be Zabala egongo da.


8.- 'Mikel Urdangarinen musikeak zerura begiratu eta hodei zurien ibilbidea begiratzeko gogoa emoten deusku', dinoe Baga-biga diskoetxeko iturriek. 'Lo dagoanaren ganean botatako izara leuna da Mikel Urdangarinen musikea', Karmele Jaiok. Zer deritxazu definizino horreei? Zuk zelan definiduko zeunke disko hau?

Nik ezingo neuke holan berba egin nire musikaz, kursi hutsa edo harroputza izango nintzateke ze norberak ezin dau bere musikeaz holan berba egin. Baina beste inor topetea holan idazten dauela... Ganera, Karmelena badakit sentidua dana, bihotzez idatzita dagoana. Niretzat, idazki hori opari bat da eta batzuetan lotsagorritu egiten nau. Eskertzekoa da ze nik disko honetan hainbeste gogo, ilusino, sentipen... jarri dodaz eta pozten nau ingurukoek holan ikustea.


9.- Eta zuk, zelan definiduko zeunke diskoa?

Zubian bestaldera heltzeko gogoa. Kantetan igarten da ez daukadala prisarik ezertarako bereziki eta uste dot diskoan hori igarten dala, ez daukat presinorik kantarik egiteko ez gauzak jazoarazoteko... Disko honegaz sentimentu barea transmitidu gura dot.


10.- Aurreko diskoa, 'Anek idatzi dit zutaz', zeure kontura plazaratu zenduan. Oraingoan, barriz, Baga-biga diskoetxea daukazu atzean. Damutu egin jatzun esperientzia ha?

Orain urte bi ikusi genduan aukerarik onena autoproduzinoa zala, beste aukerak ez zirala onak sentiduten gendualako eta edizino propioan sinistuta gengozalako. Aurtengo proiektuak be autoprodukzinoa izan behar eban hasiera batean baina Baga-bigakoak interes handiagaz hurreratu jakuzan hasieratik eta eskaintza duina egin euskuen zentzu guztietan.

Disko bat ataratea lan handia da eta arriskuak hor dagoz. Bakarrik atarateak askatasun handia emoten deutsu... bere alde on eta txarrak ditu autoprodukzinoak. Halanda be, nik ez deutsat uko egiten.

Orain, Baga-bigak apustu sendoa egin dau eta aukera honek arrazoi onak dituala sinistu behar dot orain.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu