El secreto de sus ojos

Karolina Almagia 2009-10-05 12:19   Zinema kritikak

Dana da biribila pelikula honetan, bai pertsonaien karakterizazinoak, baita alkarrizketak be. Oso ondo neurtuta dagoan gidoi baten bidez, trama poliziako baten zehar abiatzen gara pelikularen lehenengo minutuetatik. Bitartean, amodioa, umorea eta garaiko gizartearen ezaugarriak tartekatzen dira.

- Zuzendaria: Juan José Campanella.
- Gidoigilea: Eduardo Sacheri eta Juan José Campanella.
- Herrialdea: Argentina-Estadu espainiarra.
- Antzezleak: Ricardo Darín (Benjamín Espósito), Soledad Villamil (Irene Menéndez), Ricardo Morales (Pablo Rago), Javier Godino (Isidoro Gómez), Guillermo Francella (Sandoval).
- Argazkia: Félix Monti.
- Muntaia: J.J. Campanella.
- Produktoreak: Gerardo Herrero, Mariela Besuievsky eta J.J. Campanella.
- Generoa: thriller, komedia.
- Musikea: Federico Jusid.
- Iraupena: 129 minutu.

Bizitzaren motorra pasinoa da, baina gizakiok bizitza pasetan ixten dogu, ez dakigu biziten. Eta iraganak zabalik ixten dituan zauriak nekez zarratuko dira urteen porasuz. Horixe da El secreto de sus ojos filmaren gakoa. Juan José Campanella zuzendariak ikusleak ideia horretan sakonarazotea lortu dau, baita justizia eta mendekuaren ideietan be.

Dana da biribila pelikula honetan, bai pertsonaien karakterizazinoak, baita alkarrizketak be. Oso ondo neurtuta dagoan gidoi baten bidez, trama poliziako baten zehar abiatzen gara pelikularen lehenengo minutuetatik. Bitartean, amodioa, umorea eta garaiko gizartearen ezaugarriak tartekatzen dira. Interpretazino bikainei esker (Ricardo Darinek eta Guillermo Francellak distira egiten dabe), istorioa jarraitzen dogu haundituz doan interesagaz.

Epaitegian erretiroa hartzen dauenean, Benjamín Espósito funtzionarioak idazteari ekiten deutso. Printzipioz, hurretik bizi izan eban hilketa baten kasuari buruz idatzi nahi dau. Baina iraganera bueltetan danean, kontu asko berpizten dira. Benjamin Espósito pertsonaiagaz batera, bidaia ederra egiten dogu ikusleok El secreto de sus ojos filman.

Campanellaren aurreko El hijo de la novia eta Luna de Avellaneda pelikuletan egoan sentimentaltasun bigun hori askoz neurtuago dago filma honetan. Istorioak atrapau egiten zaitu, pentsarazoten daben horreetakoa da, zinemaz gozarazoten deusku. Oso gomendagarria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu