Gazteena irabazle lehenengo saioan
2009-10-05 11:52 BertsolaritzeaJone Uria saioko irabazleak igazko Bizkaiko Txapelketako nibelagaz segiduten dau eta final erdietan be zeresana emongo dau. Pentsetan dot I. Gurrutxagak, O. Barrosok, M. Artetxek eta O. Bartrak ez ebela suberte handirik euki zapatuan.
Zestoako frontoia ganezka egoan zapatu arrastian 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketearen lehenengo saioa entzuteko. Bertan, sei bertsolari gazte egozan eta ordena honetan urten eben oholtza ganera: Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Miren Artetxe, Oihana Bartra eta Jone Uria.
Jone Uria saioko irabazleak igazko Bizkaiko Txapelketako nibelagaz segiduten dau eta final erdietan be zeresana emongo dau. Uxue Alberdiri sano seguru igarten jako ideatan eta, ganera, eskribiduteko erreztasuna bertso-lerroetara eroaten dau. Pentsetan dot I. Gurrutxagak, O. Barrosok, M. Artetxek eta O. Bartrak ez ebela suberte handirik euki zapatuan. Hori bai, bakotxaren bertsokerearen copyright-a garbi parau zan Zestoan, lerrootan ikusiko dogun moduan.
Hauxe zan bertsolariek egin beharrekoa: ofizioka hiruna bertso zortziko nagusian, gauza bera zortziko txikerrean, hiru bertso osotu puntuak emonda, ofizioka hiruna bertso hamarreko txikerrean eta kartzelako beharra: hiruna bertso gura eben doinu eta neurrian gai baten inguruan.
Zortziko handian, J. Uriaren lehenengo bertsoa aitatu gura neuke. Gaia: 'ez da denpora asko zuen semea etxetik joan zala. Astean behin etortzen jatzue bisitan. Ointxe sartu da atetik taperware hutsak eskuan daukazala'. O. Bartrak holan amaitu eban bere lehen bertsoa: seme lotsarik ere ez duzu / disimulatzeko ere. J. Uria elegante sartu zan ofizioko
barriketan:
Ez zaitez jarri horren haserre
eta egin ahalegina.
Onar ezazu ama ona zara
eta sukaldari fina.
Aita ni nauka eta uste dut
dela aitaren berdina.
Nik ere berdin egingo nuke
inoiz banandu bagina.
Zortziko txikerrean, I. Gurrutxagak eta J. Uriak kantau eben ofizio osoena eta barre-zantzo gehien sortu ebazana. Gaia: 'zuek lagun bi zarie. Udea herriz herri, festaz festa pasau dozue. Jone, asteburu honetan, aurreko asteburuko leku berera joatea proposatu deutsu Iñakik, baina zuk ez dozu gura'.
J. Uriak barriro Zestoara ez doala eta, ahal bada, ligau be egin gurako ebala esanez hasi eban ofizioa. I. Gurrutxagak holan erantzun eutson J. Uriaren lehenengo bertsoari: zuk topatu mutila / nik badaukat neska / ta nik lortu banuen/ horren zaila ez da. Bizkaitarra ez zan atzean parau gipuzkoarrari erantzutean: niri ez zaizkit gustatzen / mutiko giputzak / hitz egin asko baina / gero zozo hutsak. I. Gurrutxagaren bigarrena: nik e(re) bizkaitarrekin / a ze sesioa / ez dute estimatzen / konberzazioa. Akabetako, J. Uriaren hirugarrena: mutil guapoak daude / Ondarrun tarteka / hoiei ez zaie ulertu / behar izaten ta.
Puntu erantzunari jagokonean U. Alberdik bizkor eta garbi jardun eban. Hementxe daukazue bere lehen erantzuna:
'Herri hontakoa zen
Uztapide zena'.
Eta jakina zeukan
dohai nabarmena.
Lehenago hil zela
horixe da pena.
Harekin joan nahi nuke
herritan barrena.
M. Artxetxe be polito ibili zan bere bigarren erantzunean. Lehenengo puntuan mihia katigatu ostean botatakoa:
'Ondo erantzun behar
puntuak lortzeko'.
Trabatu gabe hobe
batekoz besteko.
Hainbeste errima eta
silaba tarteko.
Askotan ez da erraza
egiten hobeto.
Hamarreko txikerrean, I. Gurrutxagak sano ondo hasi eban ofizioa M. Artetxegaz. Gaia: 'zuk, Iñaki emakumeak, haurdun zaudela lan elkarrizketa bat dozu. Elkarrizketan,haurdunaldia ez aipatzeko aholkatu deutsu Miren lagunak'.
Notizia jakinda,
lehen hasperena.
Lan bat bilatzea zen
gero zetorrena.
Hauxe da naizena ta
hauxe da garena.
Zergaitik esan horren
gezur nabarmena.
Berandu baino lehen
jakingo dutena.
U. Alberdik eta O. Bartrak egin eben hamarreko txikiko ofizio orekatuena. Gaia: 'zuek ama-alabak zarie. Gaur, Oihana alabaren ezkontza-eguna da eta ordu bi daroazuez bere bikotekidearen zain'. U. Alberdiren lehen bertsoaren azkena hurrengoa: aspaldi eman nizun / arrazoi sakona / ezkontzea ez zala / hain ideia ona. O. Bartraren lehenengoa: badakit Aitor dala / potrohandi itzela / baina seguru nago / agertuko dela. Aipatzekoa U. Alberdiren azken bertsoa:
Soineko zuriakin
hain zaude galako.
Egon nahi baizenuten
guapa eta guapo.
Baina ihes egin du
oso-oso txarto.
Ta alde positibotik
ikusi beharko.
Horrela lan gutxio
dibortziorako.
Kartzelako gaia hauxe izan zan: 'esku artean dozu firmau beharreko papela'. Arlo honetan, U. Alberdik batu ebazan puntu gehien O. Bartraren aurretik. O. Barrosoren lehenengo bertsoa ipiniko deutsuet, ea gustetan jatzuen:
Atzera egin ezineko
bidetxoa hartu nuen.
Maitea sentitu nahian
ahalik eta gertuen.
Papera eskutan daukat
urduri nago nabarmen.
Ezkondu beharra dugu
gaur egun normala omen.
Ta ulertu ezineko
hor horrenbeste aipamen.
Sinatu beharra daukat
ez diot ezetz erranen.
Gure ezkontza papera
esku artean dut hemen.
Baina ez dakit elkartu
edo banantzen gaituen.
Bertso on asko itxi behar izan dodaz atzean, baina ez dago danak eskribiduterik. Ha ta guzti be, gura badozue, www.bertsoa.com helbidean daukazuez danak. Saiora joaterik ez badaukazue be, zuzenean emoten dabe bertan. Hori bai, esan beharrik be ez dago: bestela egingo dozue saioetara joanda.
Azkenean, holan parau ziran Zestoako puntuazinoak:
1. Jone Uria 661,5
2. Uxue Alberdi 660
3. Iñaki Gurrutxaga 642,5
4. Oihana Bartra 612
5. Miren Artetxe 583,5
6. Odei Barroso 574,5
Ea hurrengo astegoienak zer dakarren!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!