Kubatarrak, senegaldarrak, galiziarrak eta andaluziarrak euskaldunokaz bat Pirritx eta Porrotxen lan barrian

Katxiporretacom 2009-09-30 17:36   Musikea

‘Irrien lagunak’ abestia, diskoari eta ikuskizun barriari izena emoten deutsena, Kaki Arkarazok orain zortzi urte sortutakoaren bertsino ska bat da, eta geugaz batera kantauko dabe Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalbak eta Bilboko Konpartsetako lagunek.

Pirritx eta Porrotx pailazook Sudurgorrien Eguna ospatzen dogu urtero gure lagunekaz. Udearen atarian, ikasturteari agur esan eta oporrei kaixo esaten deutsegu jai horretan, eta bide batez, guztiok biribilean jesarri eta urtean zehar bizi, sentidu eta ikasitakoaren puzzlea osotzen dogu. Irakasle, ikasle, guraso, pailazo… Danok dogu zeozer esateko. Gutariko bakotxak zatitxu bat ipiniko dau puzzlean. Maitasunez ikasitakoa ez dogu sekula ahaztuko. Horren lekuko da 'Irrien Lagunak' diskoa, hogei piezaz osotutako puzzlea.

Abestien hitzak pailazook sortu eta antolatu doguz, eta gure ahots jolastiakaz kantau.

Musikerari jagokonez, abestien konposizinoak eta moldaerak Xabier Zabalak landu ditu. Grabazinoan lagun izan doguz, besteak beste, Igor Telletxea bateriajolea, Luis Mari Moreno ‘Pirata’ haize-instrumentuetan, Luis Vega gitarra eta baxua joz, Oreka Tx, Garikoitz Mendizabal txistularia, Tapia eta Leturia, Iluleitz soka laukotea, Olatz Korta, Labrit Zabala eta Idiazabalgo Musika Eskolako umeak. Haritz Harreguy dabil teknikari lanetan.

Hainbat kantu eta konturi jagokezan ezaugarri bereizgarri batzuk azpimarra daitekez:

- ‘Irrien lagunak’ abestia, diskoari eta ikuskizun barriari izena emoten deutsena, Kaki Arkarazok orain zortzi urte sortutakoaren bertsino ska bat da, eta geugaz batera kantauko dabe Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalbak eta Bilboko Konpartsetako lagunek.

- Maialen Lujanbiok ‘Irri egiten duenari’ eskainiko deutsoz kantuan berak idatzitako bertsoak.

- ‘Egiozu euskaraz’ esango deutsegu euskaldunei Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoakaz, Asier Gozategik lagunduta.

- Peio eta Pantxoagaz batera Manex Pagolaren ‘Urtxintxak oihanian’ abestuko dogu, geuk be, urtxintxak bezela, gora, trebe, libre izan nahi dogulako.

- Oskar Estanga nafarrak lau kantu eskaini deuskuz, maitasunaz, lotsaz, polit izateaz eta estresaz irakaspen politak emonaz. Lagun izango ditu lan honetan Gorka eta Nerea Urbizu.

- O Sonoro Maxín talde galiziarra be geure artean izango dogu, eta ‘Quero-te máis’ eskainiko deutsagu Tereixari: Galiziatik etorri eta gure anderenoa da bera. Zer hobe, esker onez maite zaitut bere hizkuntzan esatea baino?

- Ondarroako senegaldarrek be euren hizkuntzatan kantauko dabe, eta erakutsiko deuskue euren herriari 'Teranga' deitzen deutsiela, hau da, 'kanpotarrei harrera ona egiten deutsen herria'.

- Nazinoarteko kolaborazinoakaz jarraituz, Dúo Jade bikote kubatarrak bi abesti kantauko ditu, euskeraz bata, gazteleraz bestea.

- Berezia da, baita, Jon Maiak ‘Abuela Maria Luisa’-ri eskainitako sevillana, Lasarte-Oriako Semblante Andaluz taldeak pailazookaz euskeraz abestuko dauena.

- Igarkizunak tarteko dirala jolasean ibiliko gara, Joseba Sarrionandiaren koplakaz.

Kantuka eta jantzan ibiliko gara hainbat hizkuntzatan, hamaika koloretan Sudurgorrien ospakizun handian, eta irri egingo dogu ozen, irrien lagunen jai handian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu