Bertsolari Txapelketa Nagusia datorren zapatuan hasiko da, Zestoan

Bizkaie! 2009-09-30 15:37   Bertsolaritzea

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009 datorren zapatuan, urriak 3an, hasiko da, Zestoan (Gipuzkoa). Sei bertsolarik kantauko dabe Txapelketa Nagusiko lehen final laurenean: Iñaki Gurrutxaga oriotarra, Jone Uria algortarra, Miren Artetxe hendaiarra, Oihana Bartra bilbotarra, Uxue Alberdi elgoibartarra eta Odei Barroso barakaldoarra.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009 datorren zapatuan, urriak 3an, hasiko da, Zestoan (Gipuzkoa). Ez da kasualidadea; bertsolari handi baten jaioterria da: Manuel Olaizola 'Uztapide'-rena. Hiru aldiz izan zan txapeldun, 1962,1965 eta 1967. urteetan, hain zuzen.

Datozen lau urteetarako txapelduna aukeratzeko lehia 44 bertsolariren artekoa izango da, zapatuan hasi eta abenduaren 13ra arte luzatuko dan txapelketan. Lehenengoak taula gainera igoten Iñaki Gurrutxaga, Jone Uria, Miren Artetxe, Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Odei Barroso. Aurkezle lanetan Inazio Usarralde ibiliko da.

Bizkaitik bi, Gipuzkoatik bi eta Iparraldetik beste bi bertsolari taula gainean. 19 urte ditu partaiderik gazteenak eta 28 zaharrenak. Lau bertsolarik, gainera, lehenengoz kantauko dabe Txapelketa Nagusian.

Internet bidez sarrerak eskuratzeko aukerea dabe bertsozaleek www.bertsosarrerak.eu atariaan. Honezkero, Zestoako saiorako, 200 sarrera saldu dira. Internet bidezko salmentea eguen gauerdira arte izango da aktibauta. Gero, saioaren egunean Gurutzeaga pilotalekuko txarteldegian bakarrik egongo dira salgai sarrerak. Zestoan 750 bertsozale batzeko asmoa dauka Bertsozale Alkarteak. Internet bidez sarrerea eskuratu dabenek, garrantzitsua da jakitea etxean inprimiduta eroan behar dabela sarrerea.

Gainera, txapelketea hur-hurretik jarraitzeko aukerak bat baino gehiago ditu bertsozaleak, eta Akting enpreseagaz alkarlanean saioen aurretik eta saioa amaitutakoan bluetooth bidez txapelketearen informazinoa sakeleko telefonoan jaso daiteke.

Era berean, Txapelketa Nagusiak dagoeneko badauka bere facebook kontua, eta Txapelketa Nagusiaren webgunean informazino gaurkotua sareratuko da. Besteak beste, saioa amaitutakoan, bertsoaldi bakotxari jagokozan puntuazinoak kontsultau ahal izango dira bertsolariz bertsolari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu