Roberto Moso: 'Bilboko Aste Nagusian emondako kontzertua zuzenean jasoko dauen DVD-CDa argitaratuko dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2009-09-25 12:51   Barriketan
Zarama taldeko abeslaria

Zarama talde santurtziarrak, 1977 eta 1994 bitartean, euskal musikagintzan talde entzutetsua, zazpi disko plazaratu eta makinatxu bat kontzertu emon ostean, agur esan euskun taldearen jaioterrian bertan eskainitako zuzenekoagaz. Hamabost urte geroago, barriz, 'Zarama Birziklatuaren Bira'-n bete-betean dabiz hasieran aurreikusitako kontzertuen kopurua (Bermeo, Bilbo, Atarrabia, Gasteiz) aspaldi atzean itxita.

Gure mugetatik kanpo, aspaldi desagertutako taldeen bueltea ohikoa dan arren, Euskal Herrian kasu bakarrenetakoa dan Zarama taldearen gaia berbagai hartuta, ondokoak kontau deuskuz Roberto Mosok:


1.- Zelan doa 'Zarama Birziklatuaren Bira'? Zenbat kontzertu emon dozuez orain arte?

Polito doa, gu geu be zeozelan harrituta gagoz jentearen erantzunagaz. Gustora gabiz eta sentsazino oso onakaz. Orain arteko ekitaldi guztiak nahikoa jentetsuak izan dira eta benetan dinotsut, 15 urte pasau eta gero, ez genduan horrenbeste jente espero kontzertuetan, gure amesik ederrenean be ez genduan pentsauko jentea gutaz gogoratuko zanik. Egia esan behar badeutsut gaztetxuak izango bagina moduan sentiduten gara eta oraingoz esperientzia baztertzeko ez daukagu ezelako gogorik; Gabonetan edo erabagiko dogu zer egin. Edozelan be, ez geunke gura jentea gutaz aspertzea.

Taldeari agur esan ostean be, Zaramako taldekideok hartu-emonetan jarraitu dogu eta aspalditik, alkartzen ginanean eta beti ibili gara bromatan inoiz Zarama berrabiarazotea pokita izango litzatekeela eta abar; kontua da ze oraintsura arte ez dala gauzatu. Getxon joteko eskaintza bat egin euskuen, gero bertan behera gelditu bazan be baina entsegu batzuk eginda geunkazala aprobetxauta, momentu egokia zala pentsau genduan. Notizia Last Tour International-era heldu zan eta bira bat egitea proposatu euskuen. Oso oker ez banago hamar kontzertu emon doguz, lehenengoa Bermeon eta hurrengoak Markina-Xemeingo Amallon, Zuberoan, Maulen, Santurtzin, Atarrabian, Bilboko Kafe Antzokian eta Aste Nagusian, Urtuellan eta Galdakaon; Gipuzkoan oraingoz ez dogu kontzerturik emon. Araban, urriaren31n, Jimmy Jazz aertoan joko dogu eta hori baino lehen, urriaren 3an, Nafarroan, Elizondoko Lur aretoan. Abenduan, barriz, 26an, Durangoko Plateruenan joko dogu.


2.- Zelakoa izan zan Bermeon emon zenduen lehenengo kontzertua? Kontzertu gogoangarriren bat? Zelakoa da zuon publikoa egun?

Bermeokoa ederra izan zan, atara kontuak 700 lagun batu ziran; hasi aurretik sano bildurtuta nengoan, izan be, entseguetan ondo ibili arren, ez nekialako publikoaren aurrean, indarrez eta zelan ibiliko nintzan. Zorionez, sasoian nagoala konturatu nintzan. Bermeokoa eta Bilbon, Kafe Antzokian emondako kontzertuak zoragarriak izan ziran, hunkigarriak, baita Santurtzikoa, zelan ez. Santurtziko lagunak, gure nukleo gogorra hor batu ziran... Lehenengo kontzertuetara hurerratu zan jentea oso Zaramazalea zan eta giro apartagaz danok gozau genduan. Gure publikoa, oro har, jente heldua da, baina ez horrenbeste, hogeita hamar urte inguruko jentea da gehiengoa, zaharragoak be bai baina gure oraingo entzule gehienak Zaramaren lehen fase haretan, behin edo gure kontzertuetara etorritakoak dira, Zarama mitifikauta dabenak, Zaramaren egarriz gelditu ziranak...


3.- Zu zeu ezkonduta zagoz, 14 eta 8 urteko alabak daukazuz, urteak daroazuz Radio Euskadin beharrean... Hamabost urteko etenaren ostean, zergaitik erabagi zenduen zuzenekoakaz barriro hastea?

Ez dago izkutuko arrazoirik. Gure artean aspaldi hausnartutako gaia zan, taulara igoteko atxaki ona geunkan eta kitto; kontzertuetan, plazarik plaza ibiltea zer dan bagenkian, urteetako ibilbidea, esperientzia... Ganera, Last Tour Internationalen bermea jaso genduanean, erabagia berez etorri zan.


4.- Zelakoa izan da bueltetako erabagia hartu eta eszenatokian lehenengoz agertu arteko prozesua? Ensaioak, egoera barria beharragaz eta familiagaz buztartzeko lana...

Taldea berrantolatzea korapilatsua izan da. Hasieran ez geunkan argi zeinek joko eban. Gure azken baxu-jolea, Alfonso Bartzelonan bizi da eta beste gitarrista bat Sevillan. Gatxa zan jatorrizko taldea batzea eta hasierako burukominak horreek ziran, taldea zelan osotu inor mindu barik. Azkenean, ez da ezelako arazorik izan eta aitatutako bi horreek Santurtziko kontzertuak izan ziran. Dana dala, prozesua pentsau zeinkena baino azkarragoa izan da eta nahikoa ondo moldatu gara. Ganera, Zaramakideetako batek, Tontxuk musika denda batean egin dau lan tresnak kopontzen eta, Jabi eta Joseba beste talde batzuetan ibili izan dira, Joseba gaur egun hor dabil Txoriak negutegian izeneko taldean... Dana izan da lagungarria.

Entseguetarako, Josebak Errekaldeko lokala konpartidutea proposatu euskun eta hor ibili gara. Jakina, familia-bizimoduan ahalik eta traba gitxien egiteko, entsegu guztiak gauez egiten izan doguz. Entseguak egunero egin izan doguz zuzenekoakaz hasi aurretik. Hasieran, jakina, nahikoa txapuzeroa zan dana, ez genduan lortzen abestiak biribiltzea, gitarra baten faltea hartzen genduan... Dana dala, hiruzpalau hilebeteren ondoren, errepertorioa osoa menperatzen genduala konturatu ginan eta momentu polita izan zan.


5.- Emazteak eta alabek ikusi izan zaitue zuzenean bolada barri honetan? Zer esan deutsue?

Alaba nagusiak bai, txikiak ez, ez daki zer egin, ez dau argi ikusten aita abeslaria izatearena. Alaba nagusia emozionauta egoan, asko gustau jakon; hori bai, arraroa egin jakon horrenbeste jente ikustea. Berak baekian ni talde batean ibilitakoa nintzala, 'Iñaki' kantua eta beste batzuk entzunda eukazan baina ez eban pentsetan Bilbon, Kafe Antzokian horrenbeste jente pilatuko zanik. Shock berezia izan zan berarentzat.

Amaia emaztea, barriz, Galdakaoko kontzertuan izan zan baina pentsaizu orain urte batzuk Zaramaren saio gehiegi ikusi zituala eta apur bat nekatuta dago.


6.- 'Euskal Rock Erradikala' Euskal Herrian 1980ko hamarkadan sortu eta kritika politiko eta soziala oinarri zituan musika mobimentuan bete-betean sartu zinien. Giro horretan, gogoan daukat Eskorbutokoek rock musikeak aberririk ez daukala esan ebela... Ba al dago ideologia eta musikea buztartzerik?

Bai. Nik uste dot musika guztietan dagoala zeozelako ideologia. Kasu askotan nahita egin barik be, beti doa zeozer; gaur egun dana da politika, politika gauza guztietan dago. Jakina, orain urte batzuetako giroa eta egoerea oso bestelakoak ziran. Mezu sozial eta politikoa egun be badago baina urte batzuk atzerago, akaso, zuzenagoa, gordinagoa zan.


7.- Gaur egun be ohikoa da kritika sozial eta politikoa musikagintzan baina zer aldatu da orduko denporetatik hona?

Politika giroan eta kritika sozialaren harian, zer aldatu dan eta aldaketak onerako ala txarrerako izan ete diran, nahiago dot soziologoek esatea. Oro har, kontzertuotako giroaren harian, gaur egun jentea apur bat hotzagoa dala esango neuke; jantzan eta ikusten dozuz baina ez orain urte batzuk moduan, orduko denporetan, jentea eten barik ibilten zan saltoka, izerditan blai, oihuka... Hori guztia zeozelan galdu egin da; akaso Berri Txarrak eta holakoen kontzertuetan bestelakoa izango da giroa.

Beste arlo batzuen gainean, barriz, antolakuntza, azpiegitura, profesionalizazino eta seguridade kontuetan, berbarako, aldeak sano esanguratsuak dira eta aldaketok onerako izan dirala ez daukat dudarik. Gure sasoiko kontzertuen gaineko hausnarketa eta gogoetakaz nabilenean, sarritan pentsetan dot: a zelako subertea izan genduan! Gaur egun pentsauezinak diran gauzak egiten genduzan eta, zorionez, ez zan ezer larririk pasau. Berbarako eszenatokietan ez egoan lurrerako hartunerik, kontzertuak euritan egiten ziran...


8.- Egun Internet da iraultza nagusia, musikearen industria hankaz gora jarri dauena (Deskargak, diskoak Interneten bakarrik argitaratzea, diskoetxeen krisia...). Epe laburrean disko guztiak Interneten argitaratuko ete dira? Zelan ikusten dozue egoerea?

Internetek sekulako iraultza ekarri dau, hori ez dago ukatzerik eta musika arloan zer esanik ez. Ni bildur naz ze dana Interneten esku ixtea oso arriskutsua izan daiteke, egun Internetegazko menpekotasun arriskutsua dogu danok be eta inoiz, bateren batek Internet hankaz gora jarriko baleu akabua izango litzateke.

Dana dala, diskoak desagertuko ete diran, ez dakit. CDa agertu zanean, biniloa desagertu zan apurka-apurka baina barriro dator bueltan...; CDa bera be desagertzeko zorian ei dago... Hemetik aurrera be, nik uste dot fetitxeak indarra izango dauela, dana birtuala izatea bada gero... Murriztu murriztuko da, merkatua estutzen ari da egunetik egunera, disko dendak be desagertzen doaz baina ez dot uste diskoak guztiz desagertuko diranik.

Musikearen industriak, barriz, arduratzeko arrazoiak daukaz, deskargek min handia egiten dabe eta egun edozein hasibarrik jarri leikez kantuak danon eskura.


9.- Blogosferan badaukazu zure lekua 2007. urtetik: 'Zaramatimes', hain zuzen. Blogari Zaramatimes jarri zeuntsan bertan jorratzen dozuzan gaiak danetarikoak izan arren. Zergaitik?

Bai, idaztea be gustetan jat, argitaratu izan dodaz gauza batzuk eta laster argitaratzekotan nago kontakizun laburrez osotutako liburua. Blogagaz be oso gustora nabil, gehienbat musikeagaz lotutako gaiak jorratzen dodaz baina bestelakoak be bai, politika, zinea, irakurten dodazan liburuak, nire gogoetak, pentsamenduak, egunerokotasuna... Ia egunero egiten dodaz ekarpentxuak eta erantzunak eta iruzkinak be jasoten dodaz. Ganera, askatasun osoagaz idazten dot.

Izenak ez dau behar aparteko azalpenik, polita begitandu jatan baina egia da taldeagaz oraindino identifikauta sentiduten nintzala eta sentiduten nazala oraindino.


10.- Zaramatimeseko mikrokontakizunak, 'Flores en la basura', 'La radio encendida'... Pasau al jatzu burutik Zaramaren itzulereari buruzko gogoeta eta pasadizuakaz osotutako liburua idaztea? Eta Zarama Birziklatuaren Bira jasoko dauen diskorik?

Liburuarena ez da idea txarra, 'Flores en la basura'-ren bigarren partea izango litzateke. Zergaitik ez? Kontua da ze astia behar dala horretarako be eta horixe da gaur egun gehien falta dodana. Egunen batean argitaratzen badot zutaz akordauko naz inspiratzaile moduan...

Diskoaren harian, zuzeneko diskoa atarako dogu. Bilboko Aste Nagusian emon genduan kontzertua jasoko dauen 'Zarama Birziklatuaren Bira' DVD-CDa Elkarrek argitaratuko dau eta, jakina, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ataratea polita izango litzateke, hori da ideia. Diskoa argitaratzeak zeozelan Zarama Birziklatuagaz jarraitzea ekarri beharko leuke baina, abenduaren amaiera aldean edo hartuko dogu erabagia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu