Javier Tolentino eta Chris Evans kazetariak saritu ditu Eusko Jaularitzeak

Bizkaie! 2009-09-25 11:28

Sari horregaz Eusko Jaurlaritzak urtero Zinemaldiaz arduratzen diran kazetariak animau nahi ditu, lehiaketan parte hartzen daben filmen proiekzinoa zabaltzeaz gan, Euskadiko turismo-sektorearen kalidadearen barri be emon daien: gastronomia, kulturea, jentearen nortasuna eta abar. Jaurlaritzarentzat errekonozimendu hori apustu barri bat da Euskadiko turismoa sustatzeko ahaleginean.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla andreak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, sari bat emon deutse Javier Tolentino eta Chris Evans kazetariei, komunikabideetatik Euskadi zabaltzeko egiten daben lana autortu eta saritzeko. Kursaal Jauregian egin da ekitaldia, Donostiako Zinemaldiaren agendaren esparruan, eta, Zorrilla and.a ez eze, Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Isabel Muela eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Ana Izaguirre be egon dira bertan.

Javier Tolentinok ‘El Séptimo Vicio’, zinemari buruzko saioa zuzentzen dau, Radio3-Radio Nacional de España irrati-katean, 1999an sortu ebenetik. Harrezkero, urtero-urtero egon da Donostian, Zinemaldiaren egunetan. Zinemaldiaren eta Donostiako uriaren izen ona zabaldu dau beti Tolentinok Zinemaldiari buruzko eguneroko kroniketan, bere saioan eta kateko beste saioetarako kolaborazinoetan. Espainiako irrati-kazetari ospetsuenetako bat da, eta hainbat sari jaso ditu saioa sortu zanetik.

Bestetik, Chris Evans jn.a Screen aldizkariaren Espainiako korrespontsala da. Erresuma Batuan argitaratzen da Screen, eta zinema-sektorean espezializautako hango bigarren aldizkaria da. Screenek Europako industriari begiratzen deutso gehiago, lehiakideei baino. 2006tik arduratu da Chris Evans Donostiako Zinemaldiaz, hain zuzen be Screenen Espainiako korrespontsaliaren ardurea hartu ebanetik. Aldizkarian egiten dituan kronikei esker, Zinemaldiak etenbako oihartzuna dauka Europako industrian.

Batak zein besteak errekonozimendu-plaka bat jaso dabe, baita 'familiariazazino' bonu bat be, aisia-arrazoiak tarteko Euskadira itzultzeko aukerea izan daien.

Sari horregaz Eusko Jaurlaritzak urtero Zinemaldiaz arduratzen diran kazetariak animau nahi ditu, lehiaketan parte hartzen daben filmen proiekzinoa zabaltzeaz gan, Euskadiko turismo-sektorearen kalidadearen barri be emon daien: gastronomia, kulturea, jentearen nortasuna eta abar. Jaurlaritzarentzat errekonozimendu hori apustu barri bat da Euskadiko turismoa sustatzeko ahaleginean.

Saria emoteko ekitaldian, Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak esker ona adierazo deutse Zinemaldiko antolatzaileei, eta honako hau azpimarratu nahi izan dau: 'Zinemaldia oso erakargarria da, eta, 57 urteko historian, ahalmen handia erakutsi dau nazinoartean ospe handiko hainbat zinegile eta aktore erakarteko. Donostia oro har eta Zinemaldia bereziki Euskadiren erakusleiho onenetarikoak dira, bisitetan gaituenak zelan hartzen doguzan ezagutzera emoteko edo gure gastronomia, gure kulturea, zelan zaintzen doguzan erakusteko'.

Amaitzeko sailburuordeak iragarri dau hurrengo urteetan Eusko Jaurlaritzeak jarraipena emon nahi deutsola errekonozimendu horri, nazinoko zein nazinoarteko komunikabideek Euskadiren irudia zabaltzeko egiten daben lana eskertzeko helburuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu