'Patxi Etxeberria, 50 urtez plaza gizon' liburua eta hilaren 27ko omenaldia bertso belaunaldi baten lekuko dan bertsolariaren omenez
2009-09-23 13:51 BertsolaritzeaPatxi Etxeberria oriotarra da jaiotzez, baina gazterik Lasarte- Oriara etorri zan bizitera bere emazte Inaxigaz. Arrandegi bat edegi eben herrian, baina horrezaz gan, bere bertso ibilbideak egin dau ezagun, bertso belaunaldi baten lekuko eta protagonista baita Etxeberria. Liburuko izenburuak dinoan moduan, berrogeita hamar urte pasau ditu plazaz plaza, eta oraindino be horretan dabil.
Lasarte Oriako Bertso Eskoleak ibilbide luzea eta oparoa egin dau, bere garaian, bertako Ttakun euskera alkartearen egitasmoaren barruan, euskerearen normalizazinoa helburu ebala, martxan jarri zanetik. Dagoeneko hamabost urte baino gehiago igaro dira. Denpora tarte horretan asko izan dira Bertso Eskolatik joan etorrian ibilitakoak, eta herri mailan izan dauen funtzinoa aitagarria da. Bertso Eskoleak, herriko bertsozale zein bertsolarien beharrei erantzuteaz gan, herriko dinamika aktiboaren parte da, hainbat ekintza gauzatzen dituana eta bertsozaletasuna zabaltzeagaz batera Lasarte euskalduntzen laguntzen dauena.
Testuinguru horretan, 'azken urteetan nahiko iraunkorra izan dan talde edo koadrila bat da gurea. Edade tarte, ideologia eta errealidade desbardinak ditu bertako partaide bakotxak, baina guztien arteko konekzinoa zein kohesinoa nabarmena da. Gaur eguneko taldearen argazkia aitatzen badogu, konturatuko gara zaletasun baten kide izateaz gan lagun be egin gaituala denporeak, eta holan bakarrik ulertu daiteke alkarrenganako errespetua zein onarpena, diferentziak diferentzi. Hasi Patxi Etxeberria bertsolaritik, 75 urte inguru dituana, eta Ane Labakaraino, 17 urteko gaztea, hainbat belaunaldi batzen gara eguenero bertsoaren jiran. Honek eragin dau dokumentu honen bitartez helarazoten deutsuegun ekimena gauzatzea. Bertso Eskoleak, Ttakun Kultur Alkartearen zein Lasarte Oriako udalaren babesagaz ahalbitu dauelako Patxi Etxeberriaren omenaldia eta bere ibilbidea jasoten dauen liburua'.
Patxi Etxeberria oriotarra da jaiotzez, baina gazterik Lasarte- Oriara etorri zan bizitera bere emazte Inaxigaz. Arrandegi bat edegi eben herrian, baina horrezaz gan, bere bertso ibilbideak egin dau ezagun, bertso belaunaldi baten lekuko eta protagonista baita Etxeberria. Liburuko izenburuak dinoan moduan, berrogeita hamar urte pasau ditu plazaz plaza, eta oraindino be horretan dabil. Besteak beste, Lazkao-Txiki, Manuel Lasarte, Uztapide, Joxe Agirre eta Joxe Lizaso izan ditu kantu lagun, eta gaur eguneko bertsolariak be bai, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jexuz Mari irazu… Gure ustez, bertsolaritzeari buruz asko esateko dauen gizona da, esperientziatik. Horra besteak beste liburua egitearen arrazoietako bat.
Patxi ohitura zaharreko bertsolaria da. Estilo zaharrekoa. 'Asko emoten deusku Patxik Bertso Eskolan, eta baita jaso be. Gaitasun handiko bertsolaria danez, luxu handia da bera egotea gure taldean, gainera kariño berezia deukotsagu, dan modukoa dalako. Bere arrazoiketea, puntuak alkarregaz egoki josteko dauen gaitasuna, ataraldiak… Hamaika herritan da ezaguna eta errekonozitua, Euskal herriko Txapelketa Nagusiko finalista be izan da.
Ekimen hau, herriko Bertso Eskolearen ekinbidea izan da, eta Euskal Herri osora zabaldu nahi dogu liburuaren zein omenaldiaren iragarpena, bertsozale guztien artean baita estimatua Etxeberria. Bide batez, bere emaztea be gogoan izan nahi dogu, bere bide lagun izan baita prozesu guzti horretan, eta kontuan hartzekoa dala uste dogu. Patxik bertsozaleon eta bertsolarien eskerra jasotea da helburu nagusia, eta bide batez, belaunaldi barriei erakustea nor dan eta zein bide egin dauen.
Omenaldia preparaukeran, garai bateko Bertso Egunetan emoten zan estiloa neurri batean mantentzea erabagi dogu. Orduan bertsolari bat omentzen zan aldiko, eta formatu hori gogoratzen be saiatuko gara. Patxiren belaunaldiko bertsolariak babestuko dabe oholtza gainean saio osoan zehar: Joxe Agirre, Jon Azpillaga, Kosme Lizaso, Imanol Lazkano eta Txomin Garmendia. Baina oholtza gainean ikusiko dogu Etxeberriaren ibilbidean ezinbestekoa izan dan Inaxi, bere emaztea be. Alkarren ondoan egongo dira, bien bizitzako zati handienean bezela. Urteetan zehar alkarregaz lan egin eta guztia konpartidu ondoren, noiz nahi ikusten doguz herrian zehar paseoan eskutik helduta. Argazki horrek islatzen dau ondoen batasun horren indarra'.
'Patxi Etxeberria, 50 urtez plaza gizon'
Liburuaren egilea Xabier Lasa Bergara andoaindarra da baina laguntzaile franko izan dau bere lanean, izan be, Patxiren inguruko bertsolari eta bertsozale askok parte hartu gura izan dabe egitasmo honetan.
Liburuaren zati nagusiak eta kolaboratzaileak ondokoak dira: eskertza Patxi eta bere emazte Inaxiri. Unai Muñoak Lasarteko bertso eskolearen izenean egina; Patxi Etxeberriaren bizitzako pasarte nagusiak Xabier Lasak bien arteko hainbat alkarrizketen ondorio; Inaxi Etxeberriari (Patxiren emaztea) Xabier Lasak eginiko alkarrizketea; Patxi Etxeberriaren bertsoak. Bere bizitzan zehar bat-batean botatako bertsoak nahiz bertso jarriak. Xabier Lasak hainbat bildumatatik ataratakoak eta Amaia Agirre, Joxe Krutz Labaka eta Imanol Lizardik aukeratuak; Errikotxia Orioko Bertsozale alkartearen izenean Iñaki Iturainek Patxi Etxeberriaren figura Oriotik begiratuta azaltzen dau; haren Bertsotako lagun Txomin Garmendiari, Imanol Lizardik (Lasarte-Oriako bertso eskolea) eginiko alkarrizketea; Patxiren garaikide izan diran Imanol Lazkano eta Joxe Agirreri, Joxe krutz Labaka, Ane Labaka eta Jon Altunak (Lasarte-Oriako bertso eskolea) egindako alkarrizketea; eta Iñaki Petxarromanek (Lasarte-Oriako bertso eskola) Andoni Egañari egindako alkarrizketea.
Irailak 27, omenaldi eguna:
Patxi Etxeberria bertsolariari omenaldi eguna antolatu deutso Ttakun Kultur Alkarteko bertso eskoleak udalaren diru laguntzinoagaz Lasarte-Orian. Omenaldia eskainiko deutsie: Lasarte-Oriako Bertso Eskoleak, Ttakun Kultur Alkarteak, Intza kirol eta kultur alkarteak, Orioko bertso eskoleak, Bertsozale alkarteak, Lasarte-Oriako Udalak, Orioko Udalak, eta Gipuzkoako Aldundiak. Erakunde bakotxak bere eskaintzatxua egingo deutso ekitaldian zehar.
Egitaraua
Goizeko 11:00tan mezea izango da San Pedro parrokian. Harrera egingo deutse Patxi eta bere familiari herriko jantzari batek eleizara sartu aurretik. Mezea abade eta bertso zale, Orioko bertso eskolako kide dan Unai Manterolak emongo dau eta mezatan Patxiren aspaldiko lagun Txomin Garmendiak kantauko dau.
Ondoren, trikitixa doinuek alaiturik kalejiran joango dira Manuel Lekuona Kultur Etxera. Eguerdiko 12:00tan emongo jako hasierea omenaldi ekitaldiari. Sarrerea eskuratzeko momentuan aukerea egongo da Xabier Lasak idatzitako liburua eskuratzeko. Sarrerea 3 euroan egongo da salgai eta liburuagaz, barriz, 10 euroan (Liburuak 10 euro balioko ditu salmenta librean.)
Bertso saioan ondoko bertsolariek kantauko dabe: Andoni Egaña, Jexux Mª Irazu, Unai Muñoa, Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso, Jon Azpillaga eta Patxi Etxeberria berak.
Ondoren, hitzartutako lagunek bazkari ederra izango dabe Patxi kide dan Intza alkartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!