'Berbalagun' egitasmoa abiarazo dabe Enkarterrin euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz
2009-09-18 15:13 Euskerea berbagai'Berbalagun' egitasmoaren helburuak bi dira: alde batetik, Enkarterriko euskaldunok alkar ezagutzea eta, bestetik, ikasten dabilzan ikasleek praktiketako aukera gehiago izatea. Horretarako, ekimen nagusi bi antolatu dira: berbataldeak eta euskerearen agendea.
Enkarterriko Mankomunidadeak eta Balmasedako Udalak 'Berbalagun' egitasmoa sustatu dabe eskualde bizkaitarrean euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz. Horreez gan, Gordexolako Udaleko Euskera Zerbitzuak eta Enkarterriko euskaltegiek osotzen dabe egitasmoaren jarraipen batzordea. Partaide guztion helburua Enkarterriko ganerako talde, alkarte eta gizabanakoakaz alkarlanean hastea da, euskerearen normalizazino prozesuan danon ahalegina eta ekarpenak beharrezkoak baitira.
Egitasmoaren sustatzaileek adierazo dabenez, aspaldiko urteetan euskerearen egoerea Enkarterrin 'asko' aldatu bada be, 'oraindino ez da erraza euskeraz bizitea, berton bizi garenok oso aukera murritzak daukaguzalako euskeraz berba egiteko, eta klasetik edo euskaltegietatik kanpo eremu guztietan erderea da nagusi. Euskaldunok eta euskerea ikasten gabilzanok euskeraz berba egiteko aukera gehiago izan daigun, aurten Enkarterriko euskerearen eragileok inoiz baino indartsuagoa dan 'Berbalagun' programea martxan daukagu', gaineratu dabe.
Kontuak kontu, 'Berbalagun' egitasmoaren helburuak bi dira: alde batetik, Enkarterriko euskaldunok alkar ezagutzea eta, bestetik, ikasten dabilzan ikasleek praktiketako aukera gehiago izatea. Horretarako, ekimen nagusi bi antolatu dira: berbataldeak eta euskerearen agendea.
Berbataldeak taldeen edota bikoteen topaketak dira. Edadea, zaletasunak eta libre egoteko aukerea kontuan hartuta, lau edo bost laguneko taldeak osotuko dira. Euskeraz berba egiteko konpromisoa hartuta, talde bakotxak dinamizatzailea aukeratuko dau eta danan artean erabagiko dabe noiz, non eta zertarako batu. Arruntena astean behin taberna batean batzea da, baina aukera asko dagoz: kontzertuetara joan, antzezlanak ikusi, ikastaroak egin edota mendizaleen taldea eratu.
Euskerearen agendeagaz, Enkarterriko euskaldunen beharrei begira 'Berbalagun' proiektuan parte hartzen daben eragile desbardinek ahalegina egin dabe euskarazko kultur eskaintza zabal eta duina egiteko: ikastaroak, txangoak, ikuskizunak, kontzertuak, errezitaldiak, bertso saioak, diaporamak, eztabaida foroak, berbaldiak, erakusketak eta abar.
Agendan hilero Enkarterrin euskeraz antolatzen diran ekintzen barri emoten da eta informazinoa berbalagunei, euskaltegiko ikasleei eta herriko euskaldunei e-postaz bialtzeaz gan, kaleetan eta leku publikoetan egoten da.
Horrezaz gan, Enkarterriko Berbalagun bloga dago, argazkiak, azken barriak eta partaideen eretxiak zabaltzeko (www.berbaterri.blogspot.com).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!