Jabi Elortegi: 'filmak nobelearen espiritua hartzen dau, baina beste hizkuntza bat da'

Karolina Almagia 2009-09-18 12:39   Barriketan
Zorion perfektua filmaren zuzendaria

Atentadu baten lekuko izandako hamabost urteko neskea zan Andu Lertxundik idatzitako Zorion Perfektua (Alberdania, 2002) eleberriaren ardatza. Nobela hori pelikula bihurtu da orain, Pausoka produkzino-etxearen egitasmo bati esker. Jabi Elortegik zuzendu dau filma eta Aia Kruse (gaztaroan) eta Anne Igartiburu (helduaroan) jarri dira neska protagonistearen azalean. Elortegi (Bermeo, 1966) telebistan ibili da urte askotan zehar, batez be errealizadore moduan. Zine zuzendari legez 'Goazen!' musikala egin dau eta urriaren 2an estreinauko dau zine aretoetan 'Zorion Perfektua'. Baina hori baino lehen, Donostiako 57. Nazinoarteko Zinemaldian aurkeztuko dau filma, Zinegile Barrien sarirako lehian, hilaren 24an. Urte osoa beharragaz ganezka egon ondoren, zinemagile bizkaitarrak Ibizan emon ditu bi aste, merezidutako deskantsuaren bila. Hegazkinetik urten eta berehala, Bizkaie!-ren galdereei erantzun deutse.


1. Andu Lertxundiren eleberria argitaratu zanean, nobela morala zala esan zuen kritikak, etika eta kontzientzia zitualako ardatz nagusi. Zure pelikulea be morala al da?

Bai, nire pelikuleak eleberriaren espiritua hartzen dau; beraz, nobelea morala bada, pelikulea be morala da.


2. Ikusmina handia piztu da pelikula honegaz. Zer espero dozu?

Nire lehenengo film luzea da; orain arte, telebista egiten ibili naz. Niretzako erregalu bat izan da pelikula hau zuzentzea. Eta filma Zinemaldian eskaini eta erakustea ohore handia da. Ilusino handia daukat. Niretzako Zabaltegin egotea, Errealizadore Barrien atalean, bada sari bat.


3. Nahiz eta liburu ezagun baten oinarrituta egon, pelikuleak bere berezitasun propioak izango ditu. Zelan deskribiduko zeunke Zorion Perfektua filma?

Bai, gauza bat da liburua eta beste gauza bat da pelikulea, hizkuntza kontua da, dudarik barik. Liburuan istorioa hogeita lau ordutan jazoten da, baina guk beste istorio barri bat sortu dogu. Izan be, nobelan 15 urteko neskato baten bizimodua kontetan da, atentadu baten lekuko izan dan neskato batena, hain zuzen be. Guk zeozelan apurtu egin dogu eleberriaren linealtasuna. Ainhoa protagonistearen bizitzako hiru denpora aldietan kontetan dogu istorioa. Gaur egungo eta lehengo istorioak gurutzatu egin doguz. Kontuak kontu, pelikulea drama da, baina amodioa be badago tartean, baita thriller ikutua be.


4. Zelakoa izan da Andu Lertxundiren inplikazinoa egitasmo honetan?

Anduk gidoiaren idazkeran parte hartu dau, Pedro Fuentes eta Oliver Elderegaz batera. Berak egin ditu alkarrizketak, hain zuzen be. Hortik aurerra, erretirau egin da, berak jakin badakielako zine beste hizkuntza bat dala.


5. Zelan bizi zenduan errodajea? Zer izan da gatxena?

Sei asteko errodajea izan zan, gehiena Zarautzen. Andu, nahiz eta oriotarra izan, bertan bizi da eta omenalditxo bat egin nahi geuntsan Zarautzen errodajea eginaz. Bestalde, ni bermeotarra naz eta niretzako itsasoa beti izan da garrantzitsua. Zarautz kostaldeko herria da eta hori be kontuan hartu genduan. Giro atsegina bizi izan genduan errodajean, bai Zarautzen, bai Getarian, bai Bartzelonan be. Oso gustura ibili nintzan eta, nire lehenengo film luzea izan arren, ez nintzan urdurik jarri, nahiko argi neukan zer egin, zelan moldatu aktoreakaz, baita umeakaz be, eta abar.


6. Istorio horretan euskal gatazkea dago atzean eta horrek beti errezeloak sortzen ditu, bai hemen, bai Euskal Herritik kanpo. Esangura horretan, uste dozu zorrotz begiratuko jakola?

Euskal gatazkea oso presente daukagu, leku guztietatik bizi izan dogu, bai alde batetik, bai bestetik. Beraz, pelikula honek sortuko dau zeozer, seguru, eta nik uste dut hori ona dala. Ni neuk, aukeratzekotan, ez neban aukeratuko gai hori nire lehenengo pelikulea egiteko, baina holan etorri zan eta azkenean neugandu egin neban. Eta orain, emoitzeak zeresana eragiten badau, hobeto.


7- Anne Igartiburu aukeratu zenduen protagonista. Zergaitik?

Helduaroko protagonisterena egiteko, arpegi ezagun bat nahi neban. Pertsonaia hori emakume elegante bat da, euskalduna, piano-jotzailea, herritik urira joan dana… Buruari buelta batzuk emoten hasi nintzan, aktore hori zein izan eitekean asmau guran. Orduan bururatu jatan Anne Igartibururen izena. Berehala hartu-emonetan jarri ginan, gidoia bialdu geuntsan eta hurrengo egunean esan euskun oso gustukoa ebala eta pelikulea egin nahi ebala. Niretzako be sorpresa izan zan. Beragaz alkartu nintzan eta hortik aurrera dana joan zan oso ondo. Egunero ensaietan ikusten nebanean, gero eta argiago ikusten neban bera zala pertsonaia. Ganera, Annerentzat be esperientzia barria izan da, ze hainbat pelikulatan parte hartu dauen arren, 'Zorion perfektua' filman lehenengoz egiten dau protagonistearen papera. Oso pozik ibili da eta oso lan ona egin dau.


8- Baina, protagonista hain ezaguna izateak ez ete dau izango kontrako eragina istorioaren sinisgarritasunean?

Segun eta zelan begiratzen deutsazun pelikuleari. Azkenean, pelikula amerikarretan be aktoreak oso ezagunak izaten dira eta gehienetan sinisten dogu istorioa bardin-bardin. Nik uste dot zinera ezelako aurreretxi barik joan behar dogula eta argia amatetan danean, pelikulea ikusi, entzun, eta istorioan sartu, besterik barik.


9. Anjel Ilarramendik egin dau musikea. Zelako presentzia dauka elemento horrek zure filman?

Musika asko dago pelikula honetan, kontuan hartu protagonistea piano-jotzailea dala.


10. Euskeraz errodau dozue. Hemengo zine aretoetan euskeraz baino ez dogu ikusiko?

Euskal Herrian euskeraz ikusiko dogu, erderazko azpitituluakaz, eta, hemendik kanpo, gaztelerera bikoiztua ikusiko da.


11. Pelikula guztiek galtzen dabe zeozertxu bikoizketeagaz. Zelan geratu da erderazko bertsinoa?

Ondo geratu da, baina niretzako oso arraroa da. Filemeko aktoreak beti euskeraz berba egiten ikusi dodaz eta bapatean erderaz eta gainera eurena ez dan ahots bategaz... Oso arraroa egiten jat. Horrek ez dau esan nahi txarto dagoanik, baina pelikula hori euskeraz sortu zan eta euskeraz errodau zan. Beraz, euskeraz ikustea gomendatzen dot. Bertsino bikoiztua honezkero Madrilen ikusi dogu, publikoagaz, eta harrera ona izan dau. Bikoizketa prozesua Bartzelonan egin genduan, bikoiztaile profesionalakaz, Anne Igartibururen pertsonaia izan ezik, Annek berak jarri dauelako bere ahotsa bikoizketan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu