Euskerearen ofizialtasuna aldarrikatuko dabe Kontseiluak eta Euskal Konfederazinoak urriaren 24an
2009-09-17 12:33 Euskerea berbagaiEuskal Konfederazinoak eta Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urriaren 24rako mobilizazinoa antolatu dabe Baionan. Deiadar manifestazinoaren leloa da 'Hizkuntza-politika ausarta garatzeko euskereari lege-geriza'. Manifestazioa Xaho kaitik, 17:00etan abiatuko da.
Euskal Konfederazinoak eta Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urriaren 24rako mobilizazinoa antolatu dabe Baionan. Deiadar manifestazinoaren leloa da 'Hizkuntza-politika ausarta garatzeko euskereari lege-geriza'. Manifestazioa Xaho kaitik, 17:00etan abiatuko da.
Ez da lehen aldia Deiadar mobilizazinoa egingo dala ipar Euskal Herrian, eta holan azaldu eban Sébastian Castet Euskal Konfederazinoko ordezkariak. 'Aurretik Deiadar mobilizazinoak egin izan diranean, testuinguru jakin bati erantzuteko asmoz izan da', adierazo eban. Momentu egokietan mobilizazinoak egiteak aurrera pausuak emotea ahalbidetu dau. 'Deiadar' berbeak berak, urgentziazko egoerea adierazoten dau eta momentu honetan be holan dala adierazo eben agerraldian.
Egun, estadu frantsesean, Sarkozyk kanpaina egiten ari zanean berbea emondako legearen aldaketea landu behar dabe. Konfederazinoko ordezkariaren ustez, 'gobernuak berbea emondako lege horrek euskerea salbauko ez badau be, lehen pausu bat izan daiteke hizkuntza-politika egokia garatzen hasteko. Presinoari eutsi behar jako pausu txiki hori egin daian gobernuak'.
Euskal Herrian gaia lantzen ari dan moduan, Estadu frantsesean hizkuntza gitxiagotuak dituen beste herrietan be gaia lantzen dabilz. Eta estadu mailan be alkarregaz lan egiten ari da Euskal Konfederazinoa. Esaterako, egun horretan bertan mobilizazinoak egingo dira Carcassonen, Bretainian...
Kontseiluaren idazkari nagusi Xabier Mendigurenek be, Kontseiluaren zuzendaritzearen izenean, egoerearen garrantziaz ohartarazo gura izan dau. Euskerearen normalizazinoa dau helburu Kontseiluak eta ondorioz, deialdia bultzatzearen alde egin dau: 'euskerearen normalizazinoa euskerearen lurralde osoan landu behar da eta horregaitik ezinbestekotzat jo dau Kontseiluak 'Deiadar' honetan parte hartzea. Ez da, beraz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi diran herritarren kontua bakarrik, guztioi jagoku norabide berean indar egitea, bakotxari jagokon esparruan', adierazo dau Mendigurenek.
Euskaraz bai filosofiari jarraituz egin ditu Kontseiluko idazkari nagusiak aitatu adierazpenak. Euskerearen aldeko atxikimendua izatetik, euskeraz bizitzerako saltoa aldarrikatu nahi dau Kontseiluak Euskaraz bai aldarrikapenagaz. Bakotxak, bere esparruan emon behar dau salto hori, euskerearen normalizazinoaren helburua gauzatu ahal izateko. Horretarako, hizkuntza-politika eraginkorra egitea ezinbestekoa izango da. Kontseiluak, bere aldetik, horren apustua egin dau eta proposamena mahai gainean jarri dau.
Mendigurenek, Konfederazinoko ordezkariak egindako adierazpenari jarraituz, ondokoa adierazo eban: 'Badakigu Estaduaren aldetik proposatzen dan erreformeak ez dauela euskerearen ofizialtasuna ekarriko, baina helburu dogun ofizialtasunerako bide emongo dauelakoan gagoz'.
Kontseiluak, lehenago be aitatu izan dauen moduan, egoerea iraultzeko bete beharreko baldintza batzuk badagoz. Euskerearen normalizazinoa lortzeko 10 egiteko nagusiak ondokoak dira Kontseiluaren ustez: Ikastereduak gainditu eta Unibersidadea eta Lanbide Heziketa euskaldundu, baita helduak eta alor sozioekonomikoa be; Euskerearen ardurea gobernuaren goi-mailan kokatu (lehendakariordetza). Horretarako, euskerea berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharrekoa dala autortu; hedabideetan euskaea-kuotak ezarri, euskerearen aurrekontua gehitu eta, oro har, hizkuntza politika egokia egin.
Euskal Herriaren luze-zabalean bizi diran euskaltzale guztiak urriaren 24an Baionan egingo dan mobilizazinoan parte hartzera konbidau ditu Kontseiluak. Nahi dauenak www.deiadar.org blogean topauko dau honen barri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!