Mahats-batzearen Jaia ospatuko da zapatuan Zarautzen

Bizkaie! 2009-09-17 11:42   Jan edanak

Zarautzek urteko ekitaldirik berezienetako bategaz agurtuko dau aurtengo udako programazinoa, Turismo Bulegoak eta Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenak antolatuta, Mahats-batzearen Jaia ospatuko baita zapatu honetan, irailaren 19an.

Zarautzek urteko ekitaldirik berezienetako bategaz agurtuko dau aurtengo udako programazinoa, Turismo Bulegoak eta Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenak antolatuta, Mahats-batzearen Jaia ospatuko baita zapatu honetan, irailaren 19an.

Jaialdiaren hamargarren edizinoa izango da, 2000n hasi zalako ospatzen gaur egungo formatuagaz, iraileko hirugarren zapatuan, mahats-batzeari lotuta eta Euskal Asteko ekitaldietatik kanpo. Halan da be, jatorria askozaz zaharragoa da, 1980an ospatu zalako lehen Txakolinaren Eguna Zarautzen.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Imanol Lasa Turismo zinegotzia, Getariako Txakolina alkarteko presidente Jose Inazio Manterola, Romero Ameztoy eta Jose Luis Saizar. Manterolak aurreratutakoaren arabera, 'udea nahiko nekosoa izan dala kontuan hartuta, uzta nahiko polita dator. Datorren asteko amaiera aldera hasiko gara mahatsa batzen, eta 1.900.000 kiloko produkzinoa espero dogu, gutxi gorabehera, igaz baino % 10 gitxiago'. Gehiena Euskal Herrian salduko da, baina AEBetan, Japonian, Ingalaterran eta Suitzan be baditue bezeroak.

Jaialdia urteakaz hazten joan da, eta baita egitaraua be. Zapatukoa 10:30etan hasiko da, 'Natura eta Txakolina' izeneko bisita gidatuagaz. Parte-hartzaileek Talaiberri upeltegia ezagutu eta ibilbide ederra egin ahal izango dabe itsaslabarreko mahastietan zehar. Ondoren, bertatik bertara ezagutuko dabe edaria zelan egiten dan pausuz pausu eta probetako aukerea be izango dabe. Bi ordu ingurukoa izango da bisitea. Interesatuek Turismo Bulegora deitu behar dabe, 943 830 990 telefono zenbakira. 11:00etan, barriz, txistulariakaz kalejirea izango da herriko kaleetan barrena.

Eguerdian, 12:00etan, udaletxeko plazan, Mahats-Batzearen jaialdiko momenturik bereziena helduko da: urteko lehen muztioaren aurkezpena. Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapena osotzen daben upeltegien mahatsa prentsauko da bertan, eta bertaratutako guztiek topa egin ahal izango dabe muztioagaz. Urtero legez, Andoni Egañak eta Sebastion Lizasok bertso-saioa eskainiko dabe, eta Iratzarriko Lagunak dantza taldeak 'Txakolin dantza' eskainiko dau, otxote baten laguntzaz.

Plazan bertan, 12:30etan, txakolinaren herri-dastaketea izango da, eta 1.200 botila inguru zabalduko ditue. Jatekorik be ez da faltako, hegaluze, antxoa, pate eta piperragaz egindako pintxoak eskainiko baitira, besteak beste. Giroa jarteko ardurea Iratzarriko Lagunak taldeak, txistulariek eta Zarautz Abesbatzak izango dabe.

Era berean, herriko sei ostatuk (Kirkilla Enea, Zazpi, Kulixka, Egoki, Txiki Polit eta Lagunak-ek) bat egingo dabe jaialdiagaz bazkarirako txakolinagaz preparautako menu bereziak eskainiz, 19,50 euroko prezioan. Edariak sukaldaritzan emoten dituan aukerak erakutsiko ditue modu horretan.


Ardi-txakur txapelketea

Arraza libreko Ardi-Txakur Txapelketeak biribilduko dau jardunaldia, 18:00etatik aurrera, Kortazarreko zelaian, Iñurritzan. Pasa dan urtean antolatu zan lehenengo aldiz, Turismo Bulegoaren eta Jose Luis Saizar bizilagun eta Atxarteko kidearen alkarlanari esker, eta oso harrera ona egin eutson jenteak.

Orduan bezela, parte-hartzaileak maila handikoak izango dira, Gipuzkoako azken txapelduna tarteko dala, eta proba desberdinei egin beharko deutseez aurre txakurrek. Zerrendea osotzen dabenak ondokoak dira: Inaxio Etxeberria (Azpeitia), 'Kimi'-gaz; Manuel Gorriti (Aizarnazabal), 'Nere'-gaz; Joxean Ormazabal (Gainza), 'Alai'-gaz; Jose A. Elordi (Markina), 'Lagun'-egaz; Jose Luis Saizar (Zarautz), 'Rex'-egaz, eta Pello Segurola (Elgoibar), 'Argi'-gaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu