Agallas

Karolina Almagia 2009-09-16 14:23   Zinema kritikak

Filmak amerikar zine baltzari begiratzen deutso disimulurik barik. Hugo Silvaren eta Carmelo Gomezen pertsonaiak dira Agallas pelikulako ardatzak, Galiziako narkotrafikoaren munduan murgilduta. Filma entretenigarria izan arren, amaiereak huts egiten dau.

- Zuzendaria: Samuel Martín eta Andrés Luque.
- Herrialdea: Estadu espainarra.
- Iraupena: 99 minutu.
- Antzezleak: Carmelo Gómez (Regueira), Hugo Silva (Sebas), Celso Bullago (Raúl), Carlos Sante (Antonio), Mabel Rivera (Tía Elvira), Rula Blanco (Isolina)…
- Gidoia: Javier Félix Echániz.
- Musikea: Xabi Font, Arturo Vaquero.
- Argazkiak: Juan Carlos Gómez.
- Muntaia: Guillermo Represa.
- Arte zuzendaria: Marta Villar.
- Produktoreak: Pancho Casal, Antonio Saura.
- Generoa: akzinoa.

Agallas filmak amerikar zine baltzari begiratzen deutso disimulurik barik. Samuel Martín Mateos eta Andrés Luque Pérez eskarmentu handiko telebista errealizadoreak dira. Zinegintzan estreinetako, Javier Félix eta Juan Antonio Gilek idatzitako gidoi erakargarri bat aukeratu dabe. Euren esanetan, gidoi hori Reservoir Dogs eta antzeko pelikuletan inspirauta ei dago. Eta egia da gidoiak buelta asko emoten dituala, beti ezustearen eta tentsinoaren bila. Batzuetan lortu egiten dau, ganera. Hasierea, berbarako, nahiko indartsua da, nahiz eta Hugo Silvaren interpretazinoa batzuetan ez izan oso naturala.

Hugo Silvaren eta Carmelo Gomezen pertsonaiak dira Agallas pelikulako ardatzak. Lehenengoa ganora gitxiko gaizkilea da. Film honetan, telebistako 'guapo ofiziala' dan Silva hori motz agiri da. Kartzelatik urten barri dau eta Galiziara doa, hango narkotrafikanteen mafian infiltretako eta bere betiko amesa beteteko: aberats bihurtzea. Carmelo Gomezen pertsonaiari, barriz, ez jako dirurik faltau. Regeira dau izena, enpresa baten jaubea da eta legalak ez diran negozioetan dabil. Berehala ikusiko dogu sentimenturik bako gizon baten aurrean gagozala. Carmelo Gomez oso ondo dago bildurgarria dan kapo narko galiziar horren paperean sartuta.

Lehenengo partea gustura segiduten da. Umoreak bere lekua dauka eta hori beti eskertzen da. Entretenigarria subertetan da eta erritmoa dauka, nahiz eta tarteka istorioa noaezean ibili. Baina amaiereak huts egiten dau. Azken giroa ez da bape sinisgarria eta puzzle guztia jausi egiten da, faltsu usaina hartuz. Eta zine aretotik urtekeran, Carmelo Gomezgatik izan ez balitz filmak ez leukela ezer balioko sentiduten dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu