Ione Narbaiza: 'bazkideak Berbaroren eguneroko jardunean sartzea litzateke lorpenik handiena'

Koldo Isusi Zuazo 2009-09-14 12:13   Barriketan
Berbaroko bazkidea eta dinamizatzailea

Durangoko Berbaro alkarteak hogei urte bete ditu euskerearen aldeko lanean. Euskaltzale talde batek modu apalean lehenengo pausuak emon ostean, egun erreferentzia garrantzitsua da herriko euskalgintzan eta kultur mobimentuan.

Azken urteotako gorabeherak, emondako pausuak, bidean izandako arazoak zein bihar-etziko egitekoez berba egin dogu Ione Narbaizagaz.


1.- Hasierako gogoetak eta emondako pausuak gogoratuko doguz lehenengo. Zergaitik sortu zan Berbaro? Ze egoera bizi eban 1989an Durango herriak? Ze premina egoan?

20.000 biztanle ingurugaz, Durangaldean euskerearen ezagutza eta erabilerea zein baino zein eskasagoak zirala ikusirik, lagun talde baten ekinbidea izan zan Berbaro sortzea, Durangon euskereak bizi eban egoereak arduratuta. Nondik nora joteko asmoz, orduko erreferentzia nagusia zan AED, Arrasate Euskaldundu dezagun taldeagaz eta beste alkarte batzukaz batzarrak egin ostean, herrian euskerearen erabileran eragiteko asmoz alkartea sortzea erabagi eben.

Euskeraz bizi garenon eta euskerea bultzatzen dogunon topagunea da Berbaro. Hizkuntzea eta kulturea osotasun baten bi adartzat hartu doguz beti, hizkuntzearen bidez kulturea indartzeko eta kulturearen bidez hizkuntzea indartzeko.


2.- Hogei urteko ibilbidean, zer nabarmenduko zeunke? Zeintzuk dira mugarri nagusiak?

Alkarte edegia eta plurala gara, herrikoa, herritarrak eta herri erakundeak kontuan hartzen dituana eta, esangura horretan, balantzea positiboa da. Durangon euskeraz bizi nahi dauenari tresnak eskaini deutsaguz, non batu emon deutsagu, eta bere kabuz dabilen hainbat proiektu abian jarteko gai izan gara.

Berbarok euskerearen erabilerea sustatzen dau, hutsuneak non dagozan ikusi eta horreek beteten saiatzen da. Informazinoa euskeraz jasoteko beharra dagoala ikusi danean, euskerazko hedabideak sustatu dira (aldizkaria lehenengo, irratia ondoren, internet bidezkoa jarraian). Gainera, telebistaren alde lan egingo da hemendik aurrera. Itzulpen zerbitzuaren beharra dagoela ikusi danean, abian jarri dau Berbarok, eta diseinu lanakaz uztartuz, di-da komunikazino enpresea sortu be bai, euskerea lan munduan indartzen laguntzeko. Ume, gazte zein helduentzako aisialda euskaraz egiteko eskaintza urria dala ikusi danean, udalekuak antolatu dira eta eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeari ekin jako. Hainbat ikastaro eskaini dira euskeraz, eta euskeraz jardun ahal izateko guneak sortu dira (tabernea eta txokoa lehenengo eta antzokia ondoren). Euskerea eta euskal kulturea bultzatzeko, irakurteko zaletasuna funtsezkoa dala jaubetuta, Haur Literatur Aretoa jarri da martxan. Euskeraz berba egiteko aukera edo erraztasun handirk ez dauen hainbat eta hainbat euskaldun dagoala ikusi eta beste eragile batzuekaz batera Berbalagun egitasmoa sustatu da…

Zeozer nabarmentzekotan, Berbaro tabernea, Eraz aldizkaria, Anboto astekaria, webgunea eta irratia eta Plateruena Kafe Antzokiaren sorrerea aitatuko deutsudaz.


3.- Euskerearen aldeko lagunak batu ziran alkartera eta denpora tarte laburrean 300 bazkidetik gora eta hainbat lan-talde zituan. Zeintzuk ziran orduko burukomin nagusiak?

Bai. Alkartu, indarrak batu eta gauzak egiteko gogoa egoan. Bazkide kanpaineagaz batera, lehenengo pausu hareetako ardura nagusienetakoa zan herritarrak suspertzea eta, beraz, sentiberatze lana egin genduan, jentea kontzientziau beharra egoan eta hasiera-hasieratik argi ikusi genduan ume eta gazteakan eragin gura genduala. Holan, ba, hasierako pausu hareetan sortu eta gaur egun be hortxe dago Haur Literatura aretoa, ume eta gazteen artean, euskerazko literaturea eta irakurzaletasuna bultzatzeko ekimena.


4.- Alkartearen egoitzea, Durangoko Udalagazko hartu-emonak... Bidea erraza izan al zan?

Hasierako urteetan ni ez nintzan egon baina edozein gauza, proiektu, alkarte edo dana dalakoa abiarazoteko beti egin behar da aparteko ahalegina eta beti behar da etenik bako dedikazinoa. Edozelan be, berbarok beti euki dau durangarren laguntzinoa eta babesa eta hori eskertzekoa da.

Egoitzeari jagokonez, hasieran leku txiki-txikian geunkan bulegoa baina gaur egun Udalak itxitako bulegoa daukagu Pinondo Etxean eta eroso lan egiteko modua daukagu. Egia da lantaldea eta beharrizanak be handitzen joan dirala baina dakizunez azpiegitura sare horretan proiektuak autonomoak dira.

Durangoko Udalagazko hartu-emonak, barriz, sano onak dira eta, horren erakusgarri datu batzuk emongo deutsudaz: Berbarok urteak daroaz Udaleko Euskera Zerbitzuan lan egiten eta Durangoko euskaltegi eta Udalagaz batera Berbalagun egitasmoaren parte da; horrezaz gan, Durangoko Udaleko euskara batzordean be parte hartzen dau.


5.- 1993an argitaratu zan lehenengoz Eraz, Durangaldeko euskerazko aldizkaria eta, oso oker ez bagagoz, Guezan ba! gazte arloa be hortxe sortu zan...

Bai. Ni orduan sartu nintzan Guezan ba! gazte taldean; Berbaron bigarren behargina hasi zan beharrean, talde bat osotu zan eta lehen esan deutsudan legez, alkartearen ardurea ziran gazteak. Aisialdiaz euskeraz gozetako aukerea zabaldu zan eta udalekuak, tailerrak, kaleko giroa... Makinatxu bat jarduera antolatu doguz azken urteotan.

Eraz aldizkariarena be iraultzea izan zan; pentsaizu eskualdean euskerazko komunikabiderik ez egoan ordura arte eta, beraz, oso garrantzitsua izan zan, baita euskeraz irakurteko ohiturarik ez eukenentzako be. Ia 3.000 lagunek pagetan eben urteroko kuotea euskerazko aldizkaria etxean jasoteko.


6.- Topagune izateko eta diru-iturri propioa lortzeko asmoz, 1994an zabaldu zituan ateak Berbaro taberneak. Ze onura ekarri dau taberneak?

Berbaro alkartearentzat oso garrantzitsua, mugarria izan zan tabernea. Bestelako proiektu batzuk finantzietako diru iturri izateaz gan, batzeko gunea zan eta kultur ekintzak antolatzeko lekua. Hasieran gauza gitxi programau arren, geroago programazino zabala eskaini izan dau eta tarteka txiki geratu dala be nabarmendu daiteke. Berbaro tabernan gero famatuak egin ziran Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Txuma Murugarren eta beste hainbatek ekitaldiak eskaini zituen.

Taberneak egitura sendoa eratzeko aukerea emon euskun eta komunikabideak, kulturea eta gazteak orduko gure lehentasunezko lan arloak ziranez, horreetan jarri genduan indar eta ahalegin guztia. Horretarako, bederatzi profesionaleko taldea geunkan osotua, espezialistak ziranak bakotxa bere arloan.


7.- 1999. urtea sano garrantzitsua izan zan. Durangoko Kafe Antzokiaren proiektua lantzen hasi zinien eta di-da komunikazino enpresea sortu, Berbaroko itzulpen zerbitzua eta Berbarori diseinuak egiten eutsozan alkartea batuta. Ordutik hona zelakoa izan da bidea?

Bai. Enpresa munduan eragiteko gogoagaz, itzulpen zerbitzua eta di-da abiarazo genduzan, Durangaldeko ostalaritza zein merkataritza sektoreari zerbitzua emoteko. Zerbitzua gero profesionalizau egin zan eta ordutik proiektu autonomoak dira.

Bestetik, Kafe Antzokia. Plateruenaren proiektua 99an hasi zan mamitzen. Berbaro tabernearen esperientziagaz zeozelako treakuntzea eta gogoa bageunkan; Berbaro tabernea txiki geratzen zala eta, kultur eskaintzea zabaltzeko asmoagaz emon ziran lehenengo pausuak. Jente asko batu zan proiektura, ehundaka laguen diru ekarpena jaso genduan, erakunde publiko batzuk be lagundu euskuen eta egun erreferentzia da ez Durangaldean bakarrik, baita Bizkaia mailan eta Euskal Herrikoan be. Munduko musikariek Estaduan zehar egiten dituen biratan kontuan hartzen dabe, urtean 30.000 lagunek pagetan dabe sarrerea, 16.800 menu emoten ditu urtean, umeentzako ludotekea dauka zabalik egunero, eskualdeko eta Euskal Herriko erakundeentzako gunea da jaialdiak, aurkezpenak edo ekitaldiak antolatzerako orduan...


8. 2001ean, Anboto multimedia enpresa sortu eta Anboto astekaria kaleratzen hasi zinien. Egun webgunea be tarteko dala, zenbat dira irakurleak?

Irakurleak 30.000 inguru dirala pentsetan dot. Anboto multimedia proiektua tarteko, webgunea eta irratia be badagoz eta, beraz, arlo ederra hartzen dogula pentsetan dot. Asmoa da komunikazino talde oso baten aldeko apustua egitea.


9.- Tabernea, Eraz, Anboto, di-da... Azpiegitura horreek autonomo bihurtu dira denporeagaz. Horrek indarren sakabanatzea ekarri dauela pentsetan dozu?

Leitekeana da. Edozelan be, gure asmoa batera lan egitea da. Bazkide talde bategaz egin dogun gogoetearen ondorioetako bat da talde moduan batzeko ahalegin handiagoa egitea. Kontuak kontu, Plateruena, di-da eta Anboto Komunikazino Taldeagaz batera, Berbaro taldearen marka sortzea proposatzen dogu. Talde izaera emongo leuskigu, proiektuak aurkeztu eta proposamenak egiteko orduan sendotasun handiagoa erakutsiko geunke eta beste erakunde eta taldeakazko hartu-emonak erraztuko leukez. Baina hori baino garrantzitsuagoa da Berbaro taldea osotzen dugunon benetako alkarlana gauzatzea.


10.- Eskualdeko beste alkarte batzuekaz elkarlanean kultur zirkuituak bultzatzen ditu Berbarok eta ume eta gazte arloari jagokonez, lan berezia egiten dau elkarteak. Zein da helburua?

Ume eta gazteei euskeraz kalidadezko aisialdia eskaintzea da gure asmoa. Gura doguna da ondo pasau deiela eta euskeraz bada hobeto, naturaltasunez jaso deiela hizkuntzea eskola girotik kanpo be bai. Gaur egun, Berbaroko inbertsino handiena umeen eta gazteen esparrua da. Berbarok berak antolatutako ekintza inportanteenak ume eta gazteakaz lotuta dagoz; berbarako, Haur Literatur Aretoa Durangoko eskola ume guztiek parte hartzen daben ekitaldia da; Gazte Taldea gazteek gazteentzako ekitaldiak antolatzen dituan taldea da, Hiri kanpamenduak antolatzen dira, udaleku propioak, jaialdiak…


11.- Berbarok zenbat bazkide ditu egun? Bihar-etzirako erronken artean zeozer nabarmentzekotan?

Berbaron sei behargin gara egunero-egunero gabilzanak eta bazkideak, barriz, 435 bat gara gaur egun eta esan beharrik be ez dago bazkidea alkartearen hauspoa, oinarria eta indarra dala. Esangura horretan, lehen aitatu deutsudan gogoeta prozesu horretan aitatutakoaz, jaubetu gara azken urteotan, proiektu handietan burubelarri ibili garela eta bazkideei ez deutsegula behar besteko arretarik eskaini. Ekimenetan parte hartzeko deia egiten jake eta bazkide jakin batzuei laguntza puntuala eskatu be bai. Baina Berbarok bazkideakaz dituan hartu-emonak alkarteak egiten dauenaren berri emotean oinarritzen da gehienbat eta, jakina, egiten danaren barri emotearen pareko garrantzia dauka bazkideei entzutea, hau da, egiten dan eta egin beharko litzatekeen guztiaren gainean bazkideak dauen eretxia eta proposamenak Berbarora helarazoteko modu egokia ahalbidetzea.

Bazkideak Berbaroren eguneroko jardunean sartzea litzateke erronkarik eta lorpenik handiena. Bazkideak Berbarora ekarri nahi doguz eta horregaitik alkartearen hasierako urteetan bezela, azpitaldeak jarri nahi doguz martxan. Hasteko, bi lan talde proposatu doguz, batetik, gazte arloaren nondik norakoak jorratuko dituana eta, bestetik, herritarren nahiak, interesak eta zaletasunak jasoteaz eta proposamen zehatzetara ekarteaz arduratuko dana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu