Euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratu dira Ertzaintzaren deialdi barrian
2009-09-09 12:38 Euskerea berbagaiDeialdi barriko 260 lanpostu horreetarik 108k besterik ez dabe derrigorrezko lehen hizkuntza-eskakizuna. Era berean, merezimendu legez baloretan danean, euskeraz jakiteak puntuazino osoaren % 9,09 besterik ez dau hartzen.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dau Donostian, aurreko astean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak argitaratutako lan-deialdiari buruzko eretxia agertzeko.
Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok gogoratu dau urtarrilean auzitegi batek berretsi egin ebala txanda bakotxean ertzain euskaldun bat eta emakume bat egon behar dirala, baina 'lan-deialdi barri honegaz, emakumeen presentzia bermatzeko pausuak emon baditue be, euskeraz dakiten ertzainak ez dagoz bermatuta'. Deialdi barriko 260 lanpostu horreetarik 108k besterik ez dabe derrigorrezko lehen hizkuntza-eskakizuna. Era berean, merezimendu legez baloretan danean, euskeraz jakiteak puntuazino osoaren % 9,09 besterik ez dau hartzen.
1998/2008 urteetako normalizazino-prozesuaren balorazinoan berenberegi jaso eban Jaurlaritzeak Ertzaintzan euskerearen ezagutza daben langileen kopurua baxua zala: 'Hau al da balorazinoak jasoten zituan ondorioak zuzentzeko modua?', galdetu dau Bilbaok. Horregaz batera, 1997an argitaratutako barri bat erakutsi dau agerraldian; horren arabera, hamar urtetan ertzain guztiek euskerea menperatu behar dala jasoten da: 'Hau al da orain 12 urte aurreikusten zan egoerea?'.
Bestalde, Bilbaok gogoratu dau lehen normalizazino-prozesua igaz amaitu zala, eta oraindino ez dabela beste bat abian jarri. Are gehiago, 1997ko Dekretuan jaso eben 2. hizkuntza-eskakizuna definidu eta hainbat lanpostutan ezarri beharko zala: '2009ko irailean gagoz, eta oraindino ez dabe definidu 2. hizkuntza-eskakizuna; beraz, egun diran ia 8.000 ertzainetatik bati be ez jako euskera-maila hori eskatu', azaldu dau Behatokiko zuzendariak.
Horregaz batera, Bilbaok gogor salatu dau lan-deialdi honetan lehen aldiz ez ofizial ez berezko ez diran hizkuntzen ezagutza balorauko dala; izan be, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza balorauko da, hau da, txekiera, bulgariera, errumaniera... eta abarrena. 'Askotan entzun behar izan dogu euskerearen ezagutza baloretea diskriminatorioa dala, ez al dabe orain ahotsa altxauko? Hori bada benetako diskriminazinoa, hau da, euskerearen zeozelako ezagutzaren gainetik beste hizkuntzen ezagutza jartea, lotsagarria', esan dau Bilbaok.
Bestalde, Arantza Haranburu Behatokiko teknikariak gogoratu dau azken zortzi urteotan egindako diagnosi guztietan Ertzaintza beti izan dala baltzune. 'Azken urteotan hainbat kasu larri bideratu behar izan dogu, hainbatetan herritarrek alboko kalte-ondorioak sufridu behar izan dituela berezko hizkuntzea erabili nahi izateagaitik, eta lan-deialdi honek egoera hori betikotu besterik ez dau egingo', adierazo dau.
Horren harira, 2009an jasotako zenbait kasu azaldu ditu egoerearen larritasuna agirian jarteko; besteak beste, Ondarroan zerbitzua euskeraz eskatzeagaitik herritar batek sufridu eban tratu traketsa edota Lasarten bi alabakaz kotxez joian herritarrari, euskeraz atendiduteko eskatuta 'qué quieres, a las buena o las malas' erantzun eutson ertzainaren kasua.
'Langile elebidunak dira herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituenak', esan dau Haranburuk, 'eta lan-deialdi honen ondorioz lanean hasiko diran hainbat ertzainek batzuen eskubideei besterik ez deutse erreparauko', gaineratuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!