Beñat Bonilla: 'urrun dagozanak, gogoagaz eta nahiagaz, hur egon daitekez'

Saioa Torre Gereketa 2009-09-07 12:55   Barriketan
'Frieden erfahren-Bakea bidez bide' ekimeneko txirrindularia

'Frieden erfahren-Bakea bidez bide' izenburupean, Gernika-Lumo eta Pforzheim herri alemaniarraren arteko senidetzea izenpetzearen 20. urteurrena ospatzeko, txirrindulari talde bat (lau gernikar eta sei alemaniar) herri bien arteko 1.519 kilometroak bizikletaz egiteko asmoz abiatu zan abuztuaren 22an Alemaniatik. Ez da bide hori bizikletaz egin dan lehenengo aldia, senidetze ha izenpetzeko atarian, gazte talde batek be egin eban eta.

Hamar egun baino gitxiago behar izan ditue Gernika-Lumora ailegetako. Abuztuaren 31n, gernikarrek harrera beroa, egun sargoriagaz bat, egin eutsien. Txirrindulariotako batek, Beñat Bonilla gernikarrak, bidean bizitako esperientziak eta ekimenaren nondik norakoak kontau deuskuz.


1.- Zelan sortu zan bizikleta-ibilbidea egiteko ideia? Ze erakunde edo alkartek bultzatu dabe egitasmoa? Zein helburugaz?

Orain dala 21 urte, Pforzheim eta Gernika-Lumoren arteko senidetzea izenpetu baino lehentxuago, Roland Ruisz alemaniarrak herri bien arteko distantzia bizikletaz egiteko proposamena egin eta bete eban. Orain, senidetzearen 20. urteurrenagaz bat, Ruisz bera izan da ekimenaren bultzatzailea. Ibilbide eta etapa berberak egitea gura eban eta holan egin dogu, aldaketa txiki batzukaz.

Erakundeei jagokenez, batez be Pforzheimeko eta Gernika-Lumoko Udalak dagoz tartean. Ekimenak aurrera egin ahala, etapen helmugetako Udalak be sartu dira. Hori bai, Genika-Lumoko Udalak Gernika Gogoratuz alkartearen laguntzinoari esker bideratu dau proiektua.

Ekimenaren helburua mapan urrun dagozan puntu bi, gogoagaz eta nahiagaz, hur egon daitekezala erakustea izan da. Urrun egon arren, laguntasuna edo adiskidetasuna sortzea posible da eta, horreekaz batera, bakea be bai.


2.- Zerk animau eutsun zuri parte hartzera?

Nik egunkarian irakurri nituan egitasmoaren nondiko norakoak eta ideia polita otu jatan. Tartean Gernika Gogoratuz alkartea be baegoala jakinda, bertako kide bat ezagutzen neban eta komentau neutsan parte hartzea posible ete zan eta baietz erantzun eustan. Ideia, batez be, bizikletaz zalako gustau jatan eta ni sarritan ibilten naz bizikletan.


3.- Taldean, alemaniarrak eta euskaldunak joan zaree. Zelan konpondu zaree alkar ulertzeko hizkuntzeari jagokonean? Eta alkarbizitzea?

Ingelesez egiten genduan berba. Baina euskaldunon artean bik bakarrik genkian ingelesez eta, alemaniarren artean be, danek ez eben jakin. Batek esan, besteak itzuli... Baleiteke azken bertsinoa ez izatea hasikerakoa, baina oso ondo alkar ulertu gara.

Gure arteko alkarbizitzeari jagokonean, parte hartzaileen adin-tartea zabala izan arren, ondo konpondu gara.


4.- Zenbat etapatan egin dozuez 1.519 kilometroak? Zein izan da gogorrena eta zergaitik?

Kilometro kopuru hori ofiziala izan da, baina benetan 1.700 kilometro egin doguz, tartetxuren batean galduta be ibili gara, nabigatzaileak bidezidorretatik be eroan deusku eta programauta egozan baino zenbait leku gehiago bisitau doguz... Beraz, azkenean, 1.700 kilometro inguru egin doguz.

Bederatzi etapa izan dira: Breisach, Vesoul, Chalon, Clermont, Mauriac, Cahors, Eauze, Saliers de Bearn, Tolosa eta Gernika-Lumo. Etaparik gogorrena, orografiari jagokonean, Clermont-etik Mauriac-erakoa izan zan. Baina, halanda be, haizearen eraginez, nire ustez gogorrena Breisach-etik Vesoul-erakoa izan zan.


5.- Anekdota bereziren bat edo pasarteren bat gogoratzen dozu?

Hainbat momentu on bizi izan doguz. Orain arte, Frantzian sarritan egon izan naz baina beti joan izan naz autopistatik eta uste dozu, Alpeak edo Pirinioak kenduta, herrialde leuna dala. Baina oraingoan ez gara autopistaz joan eta ibili garan bideetan gora eta behera ibili gara!

Ibilbidea aurreko ekimenean egin eben berbera izan da, azken etapea kenduta. Alemaniarrek Tolosatik Gernikara barrualdetik etorri gura izan eben eta guk proponidu geuntsan kostaldetik etorteko. Beraz, Tolosatik Zumaiara joan gara eta gero, kostaldeko herririk herri, Gernikaraino, kilometro gehiago izan arren.


6.- Zelako harrerea izan dozue pasau zareen herrietan? Zuen mezua, hau da, adiskidetasuna eta bakea zabaltzeko guraria herritarrakana ailegau dala uste dozu?

Oso harrera ona izan dogu danetan eta hori azpimarratzekoa da ze asko harritu gaitu. Guk bagenkian herriren batean harrera-ekitaldia egingo euskuela, baina ez danetan eta, kasu batzuetan, larregikoa be izan da ze gu, txirrindulariok, kantsauta ailegetan ginan eta dutxa beroa hartzeko eta, bertakoak baino, gure jatekoak jateko gogoagaz baina, lehenengo, ekitaldietan parte hartu behar izaten genduan. Halanda be, eskertzekoa da jasotako afektua.

Herrietan, oso ondo informauta egon dira ekimenaren ganean eta, horregaitik, gure mezua ondo zabaldu dala uste dot. Ganera, herri askotan, erakundeetako ordezkariez gan, herritarrek be parte hartzen eben harrera-ekitaldietan eta, batzuetan, herrietako bizikleta-alkarteetako kideak gu bila etorten ziran herritik 30 kilometrora-edo, gero gugaz egiteko azken ibilbidea eta herrian alkarregaz sartzeko. Hori oso pozgarria zan baina, tartean, momentu gogorrak bizi izan doguz ze guk egun osoa emoten genduan bizikleta ganean, zazpi ordu inguru, eta euren erritmora egokitu behar ginan, umeakaz-eta etozelako. Baina, dana dala, polita zan.


7.- Txirrindulari batzuk erretirau egin behar izan dira. Zergaitik? Arlo fisikoa ala psikologikoa izan da gogorragoa?

Roland-en emazteak, Sabine Ruisz, lan kontuakakaitik itxi behar izan eban ekimena baina etapa biren faltan; beraz, ibilbide gehiena egin dau. Beste alemaniar batek be itxi behar izan eban lan kontuakaitik baina harek etapa bakarra egin eban. Eta, azkenik, Edgar Augenstein alemaniarrak lehenengo etapan eskumuturra apurtu eban. Hurrengo etapa biak guk sakatuta egin zituan baina, azkenean, igeltsua jarri eutsen eta itxi egin behar izan eban.

Arlo psikologikoa izan da gogorrena. Ordu asko ziran bizikleta ganean, egun bat eta hurrengoa be bai. Baina fisiko aldetik be sufridu dogu, batez be bizikleta ganean daroazun postureagaitik, azkenean ia gorputz guztian daukazu min. Halanda be, hanken bildurragaz joan ginan gehienok baina muskuluek ondo erantzun deuskue.


8.- Adin desbardinetakoak joan izateak erritmoan eraginik izan dau?

Erritmo aldaketak izan doguz taldeko jenteari itxaroteko, baina ez txirrindulari nagusiei, hau da, atzean ez ziran zaharrenak geratzen, akaso gitxiago preparautakoak baino. Izan be, adineko jentea preparauta etorri da, 68 urteko Siegfried Netzband alemana kasurako. Beraz, ez da adin kontua, entrenamentua baino.


9.- Bidean bizitakoak eta sentidutakoak blog baten bidez ezagutarazo dozuez: www.pforzheim-gernika.eu. Nor arduratu da horretaz eta zer komentau dozue?

Hasikeran, Gernika Gogoratuz eta Roland arduratzen ziran baina etapaz etapa Jann Kitter-ek idazten zituan kronikak, alemanez.


10.- Ganera, txirrindulari batek, Roland Ruisz, etapa bakotxaren ostean bere inpresinoak azaldu ditu akuarela eta ikatzagaz egindako artelanetan. Lan horreek ikusgai dagoz honezkero Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Zer ikus daiteke irudiotan?

Bidaian, Roland-ek ez euskun bere lanak ikusten itxi, gero sorpresa legez ikusi ahal izateko erakusketea. Baina bat bai erakutsi euskun eta paisaje bat zan. Tarteka, afalostean-edo, desagertu egiten zan eta badakigu margoztera joaten zala, baina ez genduzan lanak han ikusi, erakusketan baino.

Erakusketea Gernika-Lumoko Kultur Etxean ikusgai egon ondoren, Pforzheim-era eroango dabe (irailaren 20an) eta, ondoren, artelanak enkantean salduko dira. Lortutako diru hori Gernika Gogoratuz alkartearentzat izango da.


11.- Argazkilari profesionala izanda, esperientzia argazkiak atarateko aprobetxau dozu? Gero, horreekaz, erakusketaren bat antolatzeko amesa dozu?

Argazkiak bai atara dodaz, baina pentsetan nebana baino gitxiago. Kontuan izan behar da bizikletan zoazela eta ez neban ekipo handirik eroan, argazki-kamara txikitxu bat lepoan eta handiago bat, maletan. Ibilbidean, oso gatxa da argazki onak ataratea ze ez dago denporarik han eta hemen geratzeko.

Momentuz, ataratako argazki apurrak euskarri digitalean jaso eta parte hartzaileen artean banatuko dodaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu