Getxoko kulturarteko karpan irrati tailerra eta Euskadin berba egiten diran hizkuntzei buruzko erakusketea egongo dira

Bizkaie! 2009-09-03 12:46

Getxoko Udaleko Inmigrazino Unitateak eta Euskera Zerbitzuak beste urte batez kulturarteko karpa jarri dabe Folk Getxo BBK'09 jaialdiaren harian. Bertan personen arteko topaketak eta kultura eta ohitura desbardinen arteko ezagutza sustatu nahi da.

Getxoko Udaleko Inmigrazino Unitateak eta Euskera Zerbitzuak beste urte batez kulturarteko karpa jarri dabe Folk Getxo BBK'09 jaialdiaren harian. Bertan personen arteko topaketak eta kultura eta ohitura desbardinen arteko ezagutza sustatu nahi da. Koldo Iturbe Kultura eta Euskera zinegotziak prentsaurrekoan aurkeztu dau gune hori, Ekain Larrinaga eta Joxi Arakama, hurranez hurran, Inmigrazino eta Euskerako udal teknikariakaz eta 'Candela Irratia'-ren zuzendari Miguel Angel Puestesegaz batera.

Koldo Iturbek gogoratu dauenez, 'seigarren edizino honetan, eguenetik domekara (Irailaren 3tik 6ra), bi barritasun izango dira: alde batetik, gazteei zuzendutako irrati tailerra eta 'Candela Radio' izeneko irratiaren unitate ibiltaria izango dala eta, bestetik, emigrazinoa dala eta gaur egun Euskadin dagozan hizkuntzei buruzko erakusketea'.


Irrati tailerra

Bilbon egoitza dauen 'Espacio Candela Radio' Irratiak, 'Camino al barrio' kultur alkarteak bultzatuta, 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako irrati tailerra koordinetako lana egingo dau. Gazteek lau egunetan erreportari lana egingo dabe eta karpatik ibiliko diran alkarteetako ordezkariei alkarrizketak egingo deutsiez, batez be, Getxoko Etorkinen Plataformea osotzen daben alkarteetakoei.

Radio Candelak unitate ibiltaria eukiko dau karpan, zuzenean egindako programazinoagaz eta udalerriko aniztasunaren gaineko lekukotasunak batu eta bialduko ditu, irratiko zuzendariak, Miguel Angel Puentesek aurreratu dauenez. Emonaldia arratsaldero izango da 18:00etatik 21:00etara.


Hizkuntzei buruz erakusketea

Euskera Udal Zerbitzuak Euskadin gaur egun eta etorkinen etorrerearen ondorioz berba egiten diran hizkuntzei buruzko datuen erakusketea zabalduko dau. Azterketea IKUSPEGI Inmigrazinoko Euskal Behatokiak eta UNESCO Etxeak egin eben 2007an. Panel batzuk jasoten dira bertan, egindako txostenaren daturik esanguratsuenak ezagutzera emoteko, eta aurrerantzean udalerriko ikastetxeetara eroan ahal izatea espero dabe.

Bisitetako ordutegia egunero arratsaldeko 18:00etatik iluntzeko 21:00etara izango da eta astegoienean eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.

Era berean, aurreko edizinotan bezela, egunero, arratsaldeko 19:00etatik 19:30etara, AISA ESKOLA gunean 'Euskerea 20 minututan zelan ikasi ahalegin horretan hil barik' euskerazko antzerki ikasgai dibertigarria eskainiko dabe. Gogoratu, programa horrek atzerriko personei euskerearen oinarrizko ezagutza batzuk eskaintzen deutsezala, batez be, hizkuntzara hurreratzeko. Azken urteotan Getxo da Euskadin persona gehien matrikulauta eta ikastaro gehiago dituan udalerria, neurri handi batean, 2005etik Kulturarteko Karpa honetan ekimena zabaltzeko egindako lanari esker.


Kulturarteko Karpa

Getxo Folk Jaialdiaren lau egunetan kulturarteko karpan udalerrian etorkinak hartzeko dagozan baliabideen barri eskainiko da, hau da, elkarGune Programan jasoten diranen barri emongo da. Gainera, informazino panel batek Getxoko aniztasunari buruzko datuak eskainiko ditu, Inmigrazinoko Tokiko Behatokiak emondakoak. Egunero izango da arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara eta astegoienean eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu