Australiako Cairnseko porturantz
2009-09-01 14:35 Euskaldunak munduanOrain arte topau dogun Ozeano Barea oso lasaia izan dala esan geinke, Niue-ra heltzen gengozanean orain arteko haizerik gogorrena atrapau arren, 45 korapilo (90 km. orduko, gitxi gorabehera), baina hau salbuespena izan zan. Beste guztietan itsaso lasaia eta haize mantsoa euki dogu...
Orain arte topau dogun Ozeano Barea oso lasaia izan dala esan geinke, Niue-ra heltzen gengozanean orain arteko haizerik gogorrena atrapau arren, 45 korapilo (90 km. orduko, gitxi gorabehera), baina hau salbuespena izan zan. Beste guztietan itsaso lasaia eta haize mantsoa euki dogu... Baina orain Vanuatu-tik Australia-rako bidea goitik behera aldatu da!!! Belaontzia hegazkin bihurtu da!!! Haize eta itsaso lasaia infernuan bilakatu dira... Baina tira Cairns-eko portura sartzeko (Australia) 3 ordu baino ez jakuz falta eta orain arte pasautako infernua ez dogu hain baltz ikusten. Itsaso barruan batez be momentu politak bizi izan doguz baina bidaia luze honetan gure pazientzia be proban jarri da. Normalean gosea eta logurea izaten dira leku guztietan arazo gehienen sorburu. Guk gosea ez dakigu zer dan, ia egunero edo atun-a edo mahi-mahi-ren (dorada) bat jaten dogulako eta benetan gozo-gozo dagozalako. Baina logurea... Logurea beste gauza bat da!!! Inor ez da ondo lo egiteko kapaz izan azken 11 egun honeetan, guztiz ezinezkoa zan! Olatuak, leku guztietatik, haize gogorraren soinua, kontserba latak lurrean zarataka, sardeska eta koilarak lurrean olatuen kolpeengaitik... Baina orain... Orain bai ondo deskantsatuko dogula Australian! Baina benetan, beharrezkoa dana baino askoz gitxiago lo egin arren belaontzi barruko konbibentzia oso oso ondo joan da.
Baina orain Vanuatu-ri buruz berba egingo deutsuet. Danetara, 83 isla dira, txikiak eta handiak; gu Efaten baino ez ginan egon. Politena begitandu jaku isla honeetan euren antxinako kulturan bizi dirala: lurralde bakotxak bere nagusia dauka, normalean nagusia gizonik zaharrena da baina herrialdeko nagusia bilakatzeko egin behar bakarra basurdeak hiltea da, zenbat eta basurde gehiago hil arinago heltzen da nagusi izatera. Hemen jentea oso oso paganoa da eta espirituetan sinistuten dabe, lur zati, toki, eta naturako elementu bakotxak bere espiritua dauka eta hau beti beti errespetau beharra dago. Efate eta Espiritu Santo islarik turistikoenak dira baina badagoz beste batzuk, berbarako, Tanna eta Pentecost sano bereziak diranak. Tannan beti lanean dagoan sumendi bat dago. Ikusgarria da baina bertara joatea belaontziz ezinezkoa zan, izan be, 120 itsas milia ziran haizearen kontra, eta hegazkinez joatea karuegia zan. Pentecost oso oso ezaguna da bertako gizonek urtero 90 metro baino gehiagoko arbola batetik salto egiten dabelako. Salto honen zergaitia (puentingaren antzekoa baina sokak euki beharrean arbola adarrakaz salto egin eta solbardeagaz lurra ukutzea) lurrari emonkortasuna eskatzea da. Gizonezkoek bakarrik egiten dabe eta umeek be bai baina altuera desbardinetik; urtero altuerea handitzen joaten dira eta urtero bizitza arriskuan jarten dabe lurrari frutuak eskatzeko.
Vanuatu pasada bat izan zan, aukerarik izan ezkero, barriro bueltetea gustauko litxakigu. Denpora gehiago behar da isla eder honeek benetan sentiduteko, baina gu Australiara ahalik eta arinen joan behar gara haizearen eta itsasoaren baldintza egokiak aprobetxauta eta Australian eguraldia ondo ondo begiratu gero Indonesiara joateko.
Testu hau bi egun desbardinetan idatzi dot eta honezkero Australian 7 egun bota doguz. Isla-Kontinente hau ikusgarria da. Desertua espero genduan, baina... Koalak, Kokodriloak, Kanguroak, ornitorrinkoak, sugeak, aramuak ikusteko eta marrazo zuriak ikusteko baina ez sufriduteko desietan gagoz. Gauza horreetatik batzuk eginda dagoz baina Australiako gorabeherak hurrengo hilebetean kontauko deutsuedaz.
Eskerrik asko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!