Koldo Iturbe: 'geureari eutsiz kanpokoa be barruratu gura izan dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2009-08-31 09:38   Barriketan
Getxoko Udaleko Kultura, Euskara eta Gazteriako zinegotzia

Koldo Iturbe: 'geureari eutsiz kanpokoa be barruratu gura izan dogu'

Kulturen aniztasuna, alkartasuna eta beste balio batzuk zabalduz, Folk Getxo BBK 2009. XXV. Nazinoarteko Folk Jaialdia ate joka dago eta aurten mende laurena beteko dauenez, egitarau berezia preparau dabe antolatzaileek; euskal musikagintzearen omenez eta jaialdiaren 25 urteak ospatzeko 'Euskal Musikea: 25 urte' proiektuko musikariak (Oreka Tx, Oskorri, Gose, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Mikel Urdangarin...) zein Pablo Milanes, La Bottine Souriante eta Orchestre National de Barbes dira izenik aitagarrienak.

Irailaren 3tik 6ra, Getxo musika eta kulturen topaleku izango da, eta bertan hainbat alkarte, GKE, talde eta erakundek hartuko dabe parte. Musika ekitaldiez gan, ez dira faltako arratsaldeko eta Munduko Terrazako saioak, gune solidarioa (bertan Munduko Azokea eta Bidezko Azokea egongo dira, besteak beste), Gune Interkulturala edota kale-banden desfileak.

Aurtengo nobedadeen artean, lehenengoz sarrerea pagau beharko da kontzertu nagusietan. Gauero, 21:30ean, izango dira emonaldiak Areetako Geltokiaren plazan eta 10 eta 15 euro bitarteko salneurria izango dabe sarrerek.

Aurten 25 urte beteko dituan jaialdiaren gorabeherak Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kultura, Euskara eta Gazteriako zinegotziak emongo deuskuz.


1.- 25 urte joan dira kultura askotako erritmoak zabalduz eta hainbat herri eta kultura ezagutzeko aukerea emonaz. Zelakoa da balantzea? Urte honeetan guztietan zeozer nabarmenduko zeunke, anekdotaren bat, kontzertu zehatzen bat...

Urtez urte gorantza joan dan jaialdia izan da, ekimenaren kalidadearen eta aniztasunaren aldetik, herriko eragileen parte hartzearen eta jakina aurrekontuaren aldetik. Balantzea ezin hobea da, pentsaizu erreferente bihurtu dan ekitaldia dogu, kultura eta musika desbardinak buztartzen dituana. Baina nire ustez garrantzitsuena jaialdiko egun horreetan lortzen dan giroa eta alkarren arteko hartu-emonak sendotzea da, kultura desbardinak, musika estilo eta joera desbardinak...

Hogeita bost urteotan 300 artista inguru izan dira Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdian, besteak beste, Silvio Rodriguez, Benito Lertxundi, Chieftains, Kepa Junkera, Paco de Lucia, Carlos Cano eta Joan Manuel Serrat.

Jentearen erantzuna be itzela izan da urtero eta batez beste 50.000 lagun baino gehiago hurreratu dira


2.- Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren 25 urteotan, aurten lehenengoz sarrerea pagau beharko da kontzertu nagusietan. Zergaitik? Zegan salduko dira sarrerok?

Urtero mahai gainean izan dogun eztabaidea izan da. Hasieran, kontzertuak Faduran egiten ziranean ordaindu egiten ziran; ordutik gaur arte eta beste espazio batzuk erabiliz ez da holan izan. Lehenengo argitu behar dira gauzatxu bi, kontzertu nagusiak baino ez dira pagau behar, ganerako ekimen guztiak jarraitzen dabe dobanekoak izaten; bestetik, prezioak oso merkeak dira, 10-15 euro bitartean; futbol partidu batean, zezenetan edo operan pagau behar diran prezioetatik oso urrun geratzen diranak. Arrazoiak gehienbat bi izan dira, egoera ekonomikoa alde batetik, gastuen aurrekontuari eusteko sarrerena egokitu behar gendualako eta, bestetik, urteetan jaso dogun kritika bati aurre egiteko, hau da, musikazaleek beti leporatzen euskuen sarrerea doban danean eurak askotan kanpoan geratzen zirala eta nire ustez horregaz batera pagaukeran ekimena bera balorau egiten da, kulturearen kontsumoa be pagau egin behar dala bide batez.


3.- Euskal musikagintzearen omenez eta jaialdiaren 25 urteak ospatzeko 'Euskal Musikea: 25 urte' ekitaldia antolatu dozue irailaren 6rako. Zelako kontzertua izango da?

Jaialdiak euskal musikagintzea omendu gura dau, eta horretarako domekako (Irailaren 6ko) kontzertuan, Oskorri, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Maddie Oineart eta Gose izango doguz. Bakoitzak betiko 4 pieza interpretauko ditu, laugarrena hurrengo kantariagaz batera, holan 24 kanta eta hogeitabosgarrena, barriz, danak batera kantauko dabe. 25 urte eta 25 kanta, hau izango da Getxo Folkek eukal musikagintzari eskainiko deutson omenaldia.


4.- Zerenbesteko garrantzia izan dabe euskal ordezkariek Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren historian?

Edizino guztietan presentzia nabarmena izan dabe beti euskal ordezkariek. Folk jaialdia ez da bakarrik gure kultureari barrura begira egiten dan festibala, mundu osoko musikak bertan dagoz, baina geureari eutsiz kanpokoa be barruratu eta bermatu nahi izan dogu. Arrakastearen giltza uste dot horretan dagoala.


5.- 25. urturreneko tarta erraldoia, irailaren 5erako iragarri dozue. Hitzordua Santa Eugenia plazan izango da arratsaldeko 18:00etan. Danantzako ailegauko ete da?

Holan izatea espero dogu. Arratsaldeko 18:00etan hasiko gara tartea banatzen; 600 zati egongo dira baina gogoratu behar deutsuet aurretik tiketak erosi behar dirala munduko terrazen tabernan euro batetan. Aitagarria zeliakoentzat 100 zati gordeko doguzala.


6.- Euskal Herriko zenbait GKEgaz lankidetzan antolatuta. Bidezko Merkatua izango da aurten be Getxon. Zeintzuk dira helburuak? Zer topauko dau bisitariak?

Alkartasuna eta Iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko bidezko merkataritzea bultzatzeko asmoz, urtero lez, azoka berezi hau izango dogu munduko produktuen eskaintzeagaz. Gehienbat jatekoak izango dira salgai, baina jantziak eta bestelako batzuk be izango doguz. Hegoaldeko herrietako produktuak iparraldeko herrietan salgai, prezio justu eta zuzen baten truke, produktoreek propio ezarritako prezio bat, soldata duina bermatzen deutsiena.


7.- Koan alkartearen lankidetzeagaz, artisautzeak be lekua izango dau Munduko Azokan. Zein da alkartearen jarduerea?

Koan Elkarteak (Komertzio anbulantea) azoka horretan publikoari bost kontinenteetako artisautzea ezagutarazoten deutso, teknika tradizionala erabilita egin diran produktoak, hain zuzen be.


8.- Munduko Terrazak ekimena tarteko, gastronomia eta musikea buztartzen dira Getxon jentearen zoramenerako...

Egian esan alkarren arteko hartu-emonak sustatzeko bidea eskaintzen dau gastronomiak eta hori dago hain zuzen be eremu honetan. Medicos Mundik bideratutako 'taberna' honetan beste leku batzuetako jatekoak probau ahal izango doguz, aurrean daukaguzan kontzertuakaz batera gozetako. Etorkinen alkarteetako kideek preparautako jatekoak izango dira.


9.- Kulturen gunea be ez dogu ahaztu gura...

Kulturarteko karpea izango dogu Udaleko Inmigrazino eta Euskara sailaren eskutik. Bertan, gauzatutako ekimenak eta etorkinei eskaintzen jakezan zerbitzuak aurkezten dira, baita Eusko Jaurlaritzako Inmigrazino Zuzendaritzearen programak be. Aurten barrikuntza edo nobedade nabarmenena irrati tailer bat izango da. Edozelan be, inmigrazinoari esker gaur egun Euskadin dagozan hizkuntza desbardinei buruzko erakusketea be egongo da eta proiekzinoak be ez dira faltako. Beti be berton udalak etorkinei eskaintzen deutsezan baliabideen barri emongo jake eta euskerea 20 minututan zelan ikasi, euskerara hurreratzeko eskaintzen deutsiezan oinarrizko ezagutza batzuk proiektua izango dabe.


10.- Kaleko musikea sustatzeko asmoz, aurten be banden desfileak izango dira. Ekitaldi nagusia irailaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan abiatuko da Bizkaia Zubitik baina ganerako egunetan be desfileak ez dira faltako...

Lau banda izango doguz eta ez bakarrik egun horretan; irailaren 5ekoa desfile nagusia izango da baina ganerako egunetan, egunero abiatuko dira Areetako Eskoletako plazatik (eguenean eta barikuan, arratsaldeko 20:15ean eta domekan, barriz, 19:00etan). Ganera, Bilbon, Foru Jauregian be harrera bat egingo jake, Metroan be joten egongo dira eta Getxoko auzoetatik be euren musikaz gozetako aukerea izango da. Holanda (Trumpeteterkorps Alkmaar), Italia (Sbandieratori e Musici Citta de Florida), Iparraldeko Irlanda (Upper Croosgare PipeBand) eta Madrid-Galiziakoak (Lume de Biqueira) izango dira aurtengo ordezkariak.

Azken buruan, ez neuke ahaztu gura umeentzako preparau dogun ekitaldi bat. '¡Que llueva, que llueva!', Titiriteros de Binefar taldearen lana zapatuan, irailaren 5ean izango da ikusgai Erromoko Santa Eugenia plazan, eguerdiko 12:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu