Mikel Elgezabal: 'korrika egitea da triatloiaren hiru espezialidadeetan gogorrena'
2009-08-24 10:34 BarriketanTxirrindularitza profesionala itxi eta, lehenengo duatloian eta gero triatroian hasi zanetik, Mikel Elgezabal kirolari gernikarraren garaipen-zerrendea etenik barik dago loditzen. Azkena, orain dala hilebete eskas Gasteizen lortutakoa: Espainiako txapelduna distantzia luzeko triatloian. Denporaldiari amaiera borobila emoteko, urrian Hawaii-ko Iron Man lasterketa ezagunean parte hartzeko aukerea ez dau, ez, alperrik galduko.
1.- Zergaitik itxi zenduan txirrindularitza profesionala?
Nire taldea desagertu egin zan eta ez neban aukerarik izan beste talde on batean jarraitzeko. Oso gatxa da barriro hastea eta ekipo ona izan ez ezean, ez dozu lasterketa onetan parte hartzeko aukerarik izaten, zaletuen eta profesionalen artean zagoz, zeure burua non kokatu jakin barik. Nik jarraitu gura izan neban, baina talde on bategaz, ez edozelan. Ganera, urte horretan orkatilean min hartuta egon nintzan.
2.- Bizikletea itxi eta, orain, triatloian zabiz. Zein da bietatik gogorragoa?
Triatloia. Biak dira gatxak eta ez da erraza bat ala bestea esatea. Bizikletan, berbarako, birak oso luzeak izaten dira, hamabost-hogei egunekoak, eta hori oso gogorra da, egunero-egunero bizikleta ganean egon behar zaralako eta birea amaitu orduko oso kantsauta zagozalako. Triatloiak, barriz, egun batekoak izaten dira, baina egun hori apurtu-apurtuta amaitzen dozu, ia zazpi eguneko bira batean beste. Halanda be, ezin dot konparau triatloia bira luze bategaz ze, txirrindularitza profesionalean ibili arren, ez neban Tourrean edo holako bira luzeren batean parte hartu.
3.- Baina, triatloian hasi baino lehenago, duatloian ibili zinan. Zergaitik aldatu zenduan triatloira?
Denporaldi hasikeran duatloiak egiten dira eta gero pasetan da triatloira. Duatloian, ondo ikusi neban nire burua; korrika ondo nebilela ikusita eta babesle onakaz, probetea erabagi neban.
4.- Lasterketatan parte hartzen hasi eta berehala, sailkapen-zerrendatako lehenengo postu asko lortu dozuz. Txirrindularitzeak baino poz gehiago emoten deutsuz triatloiak?
Txirrindularitzan emoitza onak lortu nituan, baina profesionaletan denpora laburregia egin neban hobeak lortzeko. Urte gehiago eta aukera hobeak izan ezkero, profesionaletan emoitza onak lortu izango nituala uste dot.
Orain, triatloian, oso gustora nago baina uste dot txirrindularitza profesionalean aukeraren bat merezidu izan nebala bertoko talderen batean.
5.- Zeure burua txirrindularitzat daukazu?
Bai. Nire bizitza osoa bizikletan ibili naz eta, orain beste kontu batean ibili arren, nire betiko amesa Frantziako Tourrean parte hartzea da. Beti izango naz txirrindularia eta, azken hiru urteotan triatloiak egiten ibili arren, oraindino jenteak 'txirrindulari ohi' legez ezagutzen nau.
6.- Triatloian, bizikleta ganean, korrika eta uger egin behar da. Sasoi batean txirrindulari izanda, logikoa danez, bizikleta ganean moldatzen zara hobeto. Beste espezialidade bietatik, zein gustetan jatzu gitxien? Zein da gogorragoa?
Gogorrena korrika egitea da eta, gitxien gustetan jatana, uger egitea. Ez daukat talderik ugerlekura entrenetan joateko, neu bakarrik ibilten naz, entrenatzaileagaz, eta hori azkenean gogorra egiten jat ze abrosidua da; ez, berez, uger egitea ez jatalako gustetan, nigaz uretan nonor ez eukiteagaitik baino, talderik ez eukiteagaitik.
Gorputzarentzat, korrika egitea da hiru espezialidadeetatik gogorrena. Bizikletatik bajau eta korrika hastea oso gogorra da eta entrenamentua bera be bai. Bizikletan, aldatz beheran, deskantsau egiten dozu; baina, korrika, beti joan behar zara erritmoari eusten, gorantza zein beherantza izan. Ganera, entrenamentu-serieak bizikletakoak baino gogorragoak dira eta hankek gehiago sufriduten dabe. Beraz, gogorrena, korrika egitea.
7.- Zein izaten da, egunerokotasunaren barruan, zure entrenamentu-errutinea?
Entrenatzaileak -Aritz Uberuaga- jarten deustazan ariketak -urteko sasoiaren araberakoak- egiten dodaz. Hasteko, entrenamentu guztiak erritmoa hartzeko egiten dira eta saio luzeak izaten dira; lasterketea hurreratu ahala, iraupena laburtu baina intensidadea handitu egiten da.
Hiru espezialidadeak landu behar dira, bat bera be baztertu barik, baina astean bat lantzen dot gehiago. Lasterketea ailegetan danean, entrenamentu gitxiago egiten dodaz baina intensoagoak.
8.- Ez dozu deskantsu-egunik izaten?
Gitxi, oso gitxi. Lasterketa gogorren lehenagoko astean, egun batez ez dot ezer egiten. Edo, aste batzuk gogorrak egin badodaz, gero egun batzutan gitxiago entrenetan dot.
9.- Jateko kontuak-eta asko zaintzen dozuz? Eta parrandak?
Nire jateko kontuez dietista bat arduratzen da. Berak agintzen deust zer jan. Normalean, koipe gitxiko dietea egiten dot eta glukogeno kargak eta holakoak kontrolpean izateko moduko jatekoak jaten dodaz. Kontu hori ez jat lar gogorra egiten, ohitu egin naz eta, ganera, danetarik jaten dot, koipedun jatekoak eta gozokiak kenduta. Zaintze-sasoian denporaldiaren araberakoa izaten da eta, urritik urtarrilera, deskantsu-sasoian, nik gura dodana jan neike.
Parrandarik bapez. Oso zentrauta nago entrenamentuetan, hiru kirol-espezialidade dira, goizez eta arratsaldez ibilten naz entrenetan eta oso kantsauta amaitzen dodaz egunak, parrandarako gogo gitxigaz. Hori bai, denporaldia amaitzen danean, bateren bat egiten dot...
10.- Posible da kirol honetaz, sasoi batean behintzat, bizitea? Zelan lortzen dozu finantziazinoa?
Bai, bai bada posible bizitea eta, ona bazara, oso ondo, ganera. Nik, babesle pribaduak daukadaz -Ipar Kutxa, Intxausti, Spiuk, Argon 18-, herriko enpresa pribadu batzuk, bizikleten enpresa bat, kirolarien erropana beste bat. Ganera, BAT Basque Team-en be banago. Horreei esker egin ahal dot niri gehien gustetan jatana.
11.- Inoiz Iron Man lasterketarik korridu barik eta, urrian, Hawaii-koan -munduko ezagunenean: 3.800 metro uger, 180 kilometro bizikletaz eta maratoi bat, 42 kilometro eta 195 metro korrika- egingo dozuz. Ez deutsu bildurrik emoten?
Bildurra ez, errespetua. Triatloietan hasi eta jarraian, munduko txapelketan parte hartu neban eta postu onean geratu nintzan. Hawaii-n egin beharreko distantzia ez dot sekula probau baina ez da bildurrik euki behar, ondo preparauta joan behar da eta errespetua izan, bildurrik ez.
Hawaii-ra joateko txartela lortzea, berez, lorpen garrantzitsua da. Proba jakin batzuk egoten dira hara joan ahal izateko eta nik, igaz, Monakon egindakoan parte hartu eta bosgarren sailkatu nintzan, txartela lortuz. Hasikeran, sailkatu arren, ez neban joateko amesik, ez nebalako neure burua Iron Man probak egiten ikusten. Baina inguruko guztiek esaten eustien aukera hori ezin nebala alperrik galdu.
Hawaii-n, munduko onenak dagoz eta onak diran asko be kanpoan geratzen dira, hara joateko sailkatu barik. Munduko onenen artean egoteko aukerea izatea oso pozgarria da niretzat.
12.- Ze helburu finkatu dozu?
Nire helburua lehenengo zortziren artean geratzea da. Baina kontuan izan behar da munduko onenak dagozala eta lehenengo zortziren artean egotea ez da bape erraza izango. Danak joango dira oso ondo preparauta baina neu be ondo nabil. Halanda be, lortu ezean, ez da ezer pasetan, garrantzitsuena amaitzea da ze askok, onenak izanda be, ez dabe lasterketea amaitzen. Korrika sufriduko dot gehien ze ez dot sekula maratoirik egin eta, pentsau, uger eta bizikletan ibili ostean, 42 kilometro egin behar izango dodaz korrika.
13.- Eta zeintzuk dira zure hurrengo erronkak? Joko Olinpikoak, akaso?
Gustauko litxakit, baina beste distantzia bat da eta distantzia horreetan espezialidade garrantzitsuena ugerrean da eta ez dot uste animauko nazanik. Egunean asko entrenau beharko neuke ugerrean eta, halanda be, ez dakit maila horretara heltzeko moduan egongo nintzateken.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!