Jesus Olaizola: 'milalora eztia galzorian dago'
2009-08-17 14:33 BarriketanJesus Olaizola markinarraren -Gernikan bizi da aspalditik- enpresea be krisian dago. Milaka behargin ditu baina ez dago beharrik. Krisi horrek, baina, ez dauka ekonomiagaz zerikusirik, natureagaz baino. Olaizolaren beharginak erleak dira eta, lehengaia, polena. Polenik ez badago, erleek ez daukie zer landu eta, beraz, ezta zer sortu. Aurten, ezti gitxi izango dau hango eta hemengo azoketan saltzeko eta lehiaketatako sariak irabazteko; baina, halanda be, ez dau umorerik galdu eta pozik emon deuskuz erlazaintzearen inguruko argibideak.
1.- Urte asko daroazuz erlazaintzan eta, hasteko, denporan atzera egingo dogu hasierako sasoiak gogoratzeko. Nondik jatortzu afizinoa? Noren eskutik hurreratu zinan erleen mundura eta zelan ikasi zenduan erleak zaintzen?
Aitaren eskutik hasi nintzan erlazaintzan. Orduan, Markinan bizi ginan baina aita, jaiotzaz, Mutrikukoa zan eta handik ekarri eutsen Markinara kaxa bat. Gaur izango balitz moduan gogoratzen dot, okinak ekarri eban etxera kaxea eta hatxoste batean imini genduan. Handik bost edo sei urtera, hamabi bat kaxa geunkazan, baina danak antxina-antxinakoak, berrogeta hamargarren hamarkadakoak, ez egungoak lakoak.
Ordutik, afizinoagaz jarraitu dot eta tartean beste behar batzuk izan eta orain erretiroa hartuta egon arren, horretan nabil oraindino.
2.- Erle mueta desbardinak dagoz? Danek egiten dabe eztia?
Hemen, Euskal Herrian, erle guztiak bardinak dirala esan geinke. Hemendik urten ezkero, Italiara kasurako, horiagoak edo lodiagoak topauko doguz.
Halanda be, nik sarritan telebistan ikusi izan dodan moduan, askotan erlea eta kurubioa nahastau egiten doguz, danak erleak dirala uste dogu eta ez, batzuk kurubioak dira eta kurubioek ez dabe eztirik egiten. Biek ala biek polinizetan dabe, bai, baina eztia erleek egiten dabe, ez kurubioek.
3.- Eztien kasuan bai badagoz mueta desbardinak.
Bai, asko ganera. Berton, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak aitatukeran, 'milalora' eztia da ezagunena baina, azken aldian, galzorian dago. Zergaitik? Baserritarrek ortuko beharrak itxi egin dituelako eta, soloetan, bedarra baino ez dago, garrira arterainoko bedarra, Castillako garia be hemengo bedarra baino bajuago egoten da! Bedarra badago, ez dago lorarik. Urtean birritan edo hirutan ebagi beharko litzateke bedarra lorak egon daitezan, baina ez da egiten. Eta ortuariak be, gero eta gitxiago dagoz. Arbia oso ona da erleek ezti ona egin dagien baina inguruko soloetan ez da arbirik ikusten. Polen barik, erleei bitaminea eta kaltzioa falta jake eta indarrik barik geratzen dira.
Eukaliptoaren eztia be badago baina, sarritan, leitza handiak egin ezkero, prozesua bertan behera geratzen da eta erleek ezin dabe eukalipto-eztirik egin.
Lehenago, txilar-eztia be baegoan, 'brezo' dalakoa, baina orain ez dago, Burgosera joan behar zara bila. Eztia txilar-loreagaz eginda dago eta ilunagoa da.
4.- Non daukazuz erlauntzak? Inguruko ze faktore bete behar dira erlauntzak jarteko?
Asko kendu dodaz! Natxituan, Muruetan, Lekeition, Arbazegin... nituanak kendu egin dodaz eta, orain, gehienak Arratzun daukadaz, han kiwi-landara asko dagoz eta erleek euren beharra egiten dabe kiwi-landaren artean polinizetako sasoian. Arratzukoak urte osoan daukadaz han baina beste hainbat lekutara landarak polinizetako sasoian baino ez dodaz eroaten. Kiwi-landaren kasuan, zuhaitzek hostorik ez daukiezanean erleak pozik ibilten dira baina hostoz beteten diranean, erleak zoratu egiten dira, nondik urten ez dakielako ze guardasol baten azpian egongo balira legez dagoz.
Ura eta eguzkia ezinbestekoak dira. Uraren kasuan, ez dago problemarik ze gure parajean ura edonon topetan dabe. Eguzkiaren kasuan, erlauntzei goizeko lehenengo orduko eguzkiak emotea oso garrantzitsua da, kaxea arinago berotzen dalako eta erleak lehenago hasten diralako beharrean. Kaxatik urten eta, kanpoko ibilbidea egin ostean, kaxara bueltan datozanean azken ehun metroak gerizpetan egin behar baditu, bide horretan izoztuta geratzen dira eta hori ez da bape ona. Beraz, lekuak eguzkitsua izan behar dau.
5.- Zer egiten dabe erleek goizeko lehenengo ordutik gauera bitartean? Zelan aldatzen da euren zeregina urtaroaren arabera?
Udabarrian, eguraldia zelakoa dan kontuan izanda ze hotz egin ezkero oraindino negua da erleentzat, epeltasuna hasten da eta lorak be bai. Orduan, jatekoa sortzen dan legez, erreginea arrautzak sortzen hasten da erleek euren beharra egin dagien. Baina udabarrian hotz egin ezkero, ez dago lorarik eta erleak, beharrean hasi orduko, hil egiten dira, lau hilebete eskas baino ez diralako bizi. Neguan, lo eta lo egoten dira, ez daukielako beharrik. Zenbat eta lo gehiago egin, jateko gitxiago behar dabe eta zenbat eta jateko gitxiago, ba ezti gitxiago edo bapez.
6.- Zein da erreginearen zeregina?
Arrautzak jarri; hori da erreginearen zeregin garrantzitsuena. Erleek egiten daben lanaren arabera jarten ditu arrautzak, lora asko badagoz eta gehiago behar badira, gehiago; eta gitxiago behar badira, gitxiago. Erreginea derrigorrez egon behar da erlamandoak ernalduta, bestela, jaioten diran erleek ez dabe eztia egiteko balio ze harrak baino ez ditu sortzen.
7.- Eta zein da zure eginbeharra urtaroka?
Udabarria ailegau orduko, neguan, kaxa danak preparauta euki behar dira, danak garbi, bastidorak aldatuta, baltz badagoz garbitu... Udabarria ailegetan danean, falta diran kaxak imini behar dira eta gane-ganean egon, kaxa barruak ondo dagozala kontroletako eta egiten daben ezti-kantidadearen arabera aldaketa bat edo beste egin. Udan, gaixorik dagozan erleak jagon behar dira eta jaten emon ze, bestela, 'behargin' kopuruak behera egiten dau. Eta abuztu bueltan, eztia jaso behar da: kaxak zabaldu, beterik dagozan eztiorrazeak hartu eta beterik ez dagozanak be bai, han itxi ezkero kutsatu egiten diralako.
8.- Ze janzkera eroaten dozu erlautzara hurreratzen zaranean?
Garrantzitsuena arpegia babestea da eta zulodun maskara bat eroaten dot. Maskara horrek sare bat dauka eta sare hori gogor egon behar da, bestela arpegia joten geratzen da eta pikau egin ahal deutsue.
Ondo babestuta joan arren, sarritan pikau izan deuste eta min emoten dau ze handitu egiten da. Inoiz, praken barrutik gora be igon izan deust erle batek!
9.- Eztiaz gan, beste hainbat produktu sortzen dira erlauntzetan: propolia, polena, erregin-jelea...
Bai, eztiaz gan, erleek gizakien osasunerako oso onak diran hainbat produktu sortzen ditue erlauntzetan. Propolia, berbarako, erlauntzetan bakteria edo pozoirik sar ez daiten sortzen daben geruza antzeko bat da, erretxinaren antzekoa. Haregaz, erlauntza 'zarratu' egiten dau. Eta gizakiontzat, propoli hori tratau eta birusei aurre egiteko balio deusku, ahoko zaurietarako, udabarriko alergietarako edota neguko gripeetarako.
Erregin-jelea bitamina antzeko bat da erleek erreginari emoten deutsena, bitamina indartsua, gizakiak sekula sortuko ez dauen bitamina indartsua.
Polena loren hauts horixkea da, erleek eztia egiteko erabilten dabena. Gizakiontzat, polena oso onuragarria da globulo gorri gehiago sortzeko, defentsak baju ditugunean sendotzeko, zauriak zarratzeko, ikusmena hobetzeko...
10.- Zure 'beharginek' sortutako eztia salgai daukazu, Eusko Label ziurtagiriagaz ganera. Zeintzuk dira jarraibideak eztia jasoten dozunetik merkaduan salgai jarten danera arte?
Label ziurtagiriak ziurtatzen dau ezti hori erabat garbia dala eta ezti hori sortzeko, batzeko eta salgai jarteko jarraitutako prozesua erabat kontrolauta dagoala. Nik, behin eztia batuta, ez dot ezer gehiago egin behar izaten, eurak arduratzen dira analisi danak egiteaz eta, ondo badago, Eusko Label ziurtagiria daroen poteetan jarri eta saltzeko moduan egongo da. Bestela, saldu zeinke, baina Label barik, eta Labelak beti emoten deutso kalidadea produktuari, 'garbi' dagoala ziurtatzen dau.
Bestalde, hemen, Bizkaian, Erlazainak Alkartea sortu dogu eztia saltzen dogunon zazpi erlazainen artean, eztiaren salmenta zuzenaren alde egitearren. Kideon artean, batak bestearen eztia saldu geinke eta sarritan alkartzen gara batak besteari laguntzinoa eskaintzeko.
11.- Zuk afizinoa aitaren eskutik jaso zenduan. Zure semeak tradizino horregaz jarraituko dauela uste dozu?
Ez, ez dot uste, oso gogorra da eta neuk be laster itxi egingo dot, kantsauta nago horrenbeste behar egiteaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!