Zetazeoen ganeko erakusketea ikusgai Gasteizen
2009-08-11 14:47Natur Zientzien Museoan urrira bitartean ikusgai egongo dan erakusketea Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Alkarteak antolatu dau, ugaztun urtarren ikuspegi orokorra emoteko eta euskal gizarteak eta batez be arabarrak ezagutzen ez dauen errealidadea zabaltzeko, berbarako, Bizkaiko Golkoko urak zetazeoak behatzeko pribilegiozko lekua dala.

Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak 'Zetazeoak Euskal Herriko kostaldean' izenburuko erakusketea edegi dau Arabako Natur Zientzien Museoan, Gasteizen. Lanegunetan (astelehenetan izan ezik), 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era bisitau daiteke erakusketea, zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara, eta domeka eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Urria amaitu arte egongo da ikusgai, foru erakundetik jakinarazo dabenez.
Erakusketea Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Alkarteak antolatu dau, ugaztun urtarren ikuspegi orokorra emoteko eta orokorrean euskal gizarteak eta batez be arabarrak ezagutzen ez dauen errealidadea zabaltzeko, berbarako, Bizkaiko Golkoko urak zetazeoak behatzeko pribilegiozko lekua dala.
Planeta osoko itsasoetan ezagunak diran 86 zetazeo-espezietatik laurden bat baino gehiago euskal uretan topau daiteke. 1986an Lehorreratze Sarea ezarri zan, eta Begiztapen Sarea 2000. urtetik erabilgarri dago. Horreei esker, honezkero 24 espezie desbardin antzemon dira euskal kostaldean.
'Euskal Herriaren eta zetazeoen arteko loturea urrunetik dator. Baleakaz zerikusia dauen jarduereak mendeetan gizarte eta ekonomian garrantzi handia izan eban, Bizkaiko golkoko uretan euskal balea desagertzea ekarri arren', zehaztu dabe erakusketako iturriek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!