Joxe Benantzi Bilbao: 'nire ilusinoa beti izan da Mundakako organoa barriztetan laguntzea'

Saioa Torre Gereketa 2009-08-10 12:31   Barriketan
Organo-jolea

'Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor' izenburupean, garagarrilaren 25ean hasi eta abuztuaren 15era bitartean, Busturialdeko organoek bizia hartuko dabe eta musikeaz gozetako gogoa daben zaleek bertoko zein nazinoarteko musikariek sortutako piezak entzun ahal izango ditue. Aurten be, seigarrenez, Joxe Benantzi Bilbao musikari mundakarrak antolatu dau zikloa, hainbat erakunderen babesagaz, eta berak emongo deutso amaierea egitarauari abuztuaren 15ean Arratzuko Santo Tomas eleizako organoa aurrean dauela María Folco mezzosopranoaren ahotsaren laguntzinoagaz.


1.- Busturialdeko udalerrietan, danetara, 15 organo dagoz, ia udalerriak beste. Udako ziklo honezaz gan, urte osoan etekin nahikoa ataraten jake?

Hamabost organo egon arren, kontzertuak eskaintzeko moduan hamar baino ez dagoz eta, beraz, ez jake danei etekinik ataraten. Batzuk, ganera, nahiko txarto dagoz joteko eta eskerrak urtero gainbegiratzen doguzala, apur bat konpondu eta hobetzeko. Egia esateko, ia organo guztiak dagoz konpontzeko beharrizanagaz, horregaitik, organo txikienak eta zaharrenak ez dira erabilten urte osoan. Ganera, herri txikietan dagoz eta, gehienek, mezea domeketan baino ez dabe izaten eta organoa astean behin ordu erdiz baino ez da joten eta organoa zahartu egiten da.


2.- Zaharrena Busturiko Axpe auzoko eleizan dagoana da, 1765ekoa. Ze berezitasun ditu?

Organo barrokoa da eta Bizkaia osoan bost organo barroko baino ez dagoz. Zaharrena Ziortzakoa da, 1686koa eta, gero, hurrengoa, Busturikoa da. Benetan musika-tresna itzela, zoragarria da. Nik sarritan jo izan dot eta, aurten, kontzertu ederra izan dogu abuztuaren 8an Pragatik (Txekia) etorritako organista bati esker.

Organoa orain dala hamar bat urte barriztau eben eta musikalidade aldetik oso ondo dago, nire gustuko errestaurazinoa izan ez arren baina horren inguruan gustu desbardinak dagoz. Gure amesa da urtero kontzertuak antolatzea eta, behintzat, urtean behin jotea organoa, bestela zahar geratzen diralako.


3.- Eta, eskualdeko barriena, Bermeoko Santa Maria eleizan jarritakoa da, organo barria. Zer gurago, antxinako tresnak ala organo barriak?

Argi dago: ni askozaz be gusturago nago antxinako organo bategaz. Beti esaten dot gurago dodala, txikia izan arren, antxinako tresna bat organo barri handi bat baino.


4.- Nazinoarte mailako hainbat musikari, organo-jole zein abeslari izango dira geurean ziklo honi esker. Antolatutako kontzertu guztietatik, zein nabarmenduko zeinke eta zergaitik?

Garagarrilaren 31n Gernika-Lumon hasi ginanetik, kontzertu berezi bi izan doguz, orain arte organoa baino ez zalako erabilten eta kontzertu horreetan bietan koruak parte hartu izan dauelako. Orain arte ez dogu korurik erabili ze koru bat nazinoartetik ekartea oso garestia da. Baina gure inguruan koru ederrak dagoz eta horreetariko bik parte hartu dabe zikloan, Juli Foruriak zuzendutako Gernikako Gaudeamus Korala, gaztetxuen korua kasurako eta baita Bermeoko 'Izaro abesbatza'. Kontzertuak zoragarriak izan ziran, eleizak bete-beterik, publikoa oso pozik...

Organisten arloan, urtero-urtero izaten dogu programea eta parte hartzaileak hobetzeko erronkea, ze musikari eta nondik ekarri... Beti gura izan dogu kontzertuak desbardinak izan daitezela. Igaz, batzuk Italiatik etorri ziran eta, aurten be, programa berezia egin dogu. Berbarako, sekula entzun ez dan euskal musikea entzun ahal izan da eta Arratzun abuztuaren 15ean eskainiko dogun programea -neu izango naz organista nagusia- ez da inoiz entzun, egin zanean entzungo zan baina handik aurrera sekula.

Beti egiten doguz gauza desbardinak eta jenteak oso ondo erantzuten dau. Ganera, ez doguz kopietan beste leku batzuetan egiten diran programak, publikoa ez abroziduarazoteko. Urtero aldatzen dogu egitaraua.


5.- Ze publiko mueta joaten da antxinako musikea entzutera?

Fenomeno berezia jazoten da kontzertuetan. Altaran pantaila erraldoiak jarten doguz jenteak organistea ikusi dagian eta ikuskizuna zoragarria da, umeak be egoten dira. Emonaldiak irauten dauen bitartean, publikoa adi-adi egoten da eta ez da zaratarik txikiena be entzuten. Hori zoragarria da. Batzuetan, goitik, publikoaren artean edadekoak dagozala pentsetan dozu, danak dagozalako isilik, baina begiratzerakoan konturatzen zara gazteak eta umeak be badagozala tartean, danak begiak zabal-zabalik pantailara begira eta adi.


6.- Kontzertuak elizatan izanda, organo mueta horreek eleizatan dagozalako, jentea bardin-bardin animetan da kontzertua herriko plazan izango balitz legez?

Bai. Gure herrietan, kultur ekitaldi bat antolatzen dozunean, beti dator jentea, eleizan zein herriko plazan izan. Beti egongo da nonor eleizara joan gura ez dauena, baina alderdi politiko desbardinetako jentea ez da batera edo bestera joaten politika kontuakaitik eta, beraz, arlo guztietan dago danetariko jentea.


7.- Egun, Alicanteko musika-kontserbatorioko organo irakaslea zara. Sasoi bateko musikeagazko ze jarrera erakusten dabe egungo gaztetxuek?

Oso ona. Aurten, kasurako, 15 urteko ikasle bat euki dot orain arte pianoa joten ebana eta orain organoa ikasten hasitakoa. Bere gurasoek esan deuste: 'ez dakit zer egin dozun, baina lehen ez eban inoiz musika klasikoa joten pianoan baina orain egunero joten dau organoa'. Gazteei pasetan jakena da ez dabela sekula organo bat ikusi eta mundu horretan sartzen diranean erabat murgiltzen dira.


8.- Irakasle beharrak zure karrerea garatzeko tartea ixten deutsu eta bertako Salvador Katedraleko organista titularra izateaz gan, 'Capella Joan Baptista Comes' antxinako musika-taldea gidatzen dozu. Ze beste proiektu daukazu esku artean?

Hainbat proiektu, tartean Mundakako organoaren barriztapena. Orain dala hamabost egun sinatu da barriztapen-protokoloa eta datorren udarako izango dogu Mundakako organoa barriztauta. Neu ekimen horren koordinatzailea izango naz eta hori, niretzat, oso berezia da ze nire ilusinoa beti izan da Mundakako organoa barriztetan laguntzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu