Basurkok tripulazinoagaz parte hartuko dau estropada ingeles bitan
2009-08-05 11:03 Euskaldunak munduanUnai Basurkoren Pakea Bizkaia ontziak Ingalaterrako bi proba garrantzitsutan parte hartuko dau abuztuan: Artemis Challenge eta Rolex Fasnet Race. Baina, oraingo honeetan, Basurko ez da bakarrik joango, estropada biak tripulazinoagaz egingo ditu eta. Lehenengo probea gaur bertan egingo da Cowes herritik urten eta Wight Irlak dituen 50 miliak inguratuta.
Vendeé Globen (bakarkako, eskalarik bako eta kanpo laguntzinorik bako birea munduari) parte hartu ostean, Unai Basurkoren Pakea Bizkaia ontziak Ingalaterrako bi proba garrantzitsutan parte hartuko dau abuztuan: Artemis Challenge eta Rolex Fasnet Race. Baina, oraingo honeetan, Basurko ez da bakarrik joango, estropada biak tripulazinoagaz egingo ditu eta. Nabigatzaile portugaletearrak Gonzalo Terceñoren, Jaime Onandiaren, Jorge Pinedaren eta Jon Etxeberriaren laguntzinoa izango dau. Artemis Challenge, eguaztenean, abuztuak 5, egingo da. Abuztuaren 9an antolatutako Rolex Fastnet Race txapelketearen entrenamendu legez balioko dau lehenengo proba horrek.
Artemis Challenge
Artemis Challenge estropadea Cowes Week astean ospatzen da, Ingalaterrako nazinoarteko itsas jaialdirik garrantzitsuenaren barruan. 1826 urteaz geroztik antolatzen dan probea Ingalaterrako kirol ospakizunik garrantzitsuena da. Danetara, 1.000 ontzi inguruk parte hartzen dabe 40 estropada baino gehiagotan. Helburu nagusia Cowes herritik urten eta Wight Irlak dituen 50 miliak inguratzea da.
Estropada honen lehenengo edizinoa 2007an antolatu zan. Izandako arrakastearen ondorioz, Artemis Investment Management enpresak, Britainia Handiko inbertsino konpainiarik handienetakoak, probea babestea erabagi eban. Aurtengoa hirugarren edizinoa izango da. Ongintzazko estropadea izanda, ontzi bakotxak irabazi asmorik bako alkarte bana aukeratu dau irabazi ezkero jasotako 10.000 librako saria emoteko. Pakea Bizkaiak Uribe Aldeko Itsasoko Gurutze Gorriaren alde hartuko dau parte.
Ingalaterrako hegoaldean urte birik behin antolatzen dan probea da honako hau. Abuztuaren 9an, domekan, emongo jako hasierea, goizeko 11:50ean (bertako ordua) Cowesgo Royal Yatch Squadronen. 300 ontzik emon dabe izena proban eta 2.500 pertsona baino gehiago lehiatuko dira. Ontzien tamaina handia dala eta, urteerea mailaka izango da.
Parte hartzaileek 608 milia egingo ditue, Cowesgo Royal Yatcht Squadronetik (Wightgo Irlan) hasi, Fastnet Rocken, Irlandako hegoekialdean, bueltea emon eta Plymouthen amaitzeko. 1925an lehenengoz antolatutako proba hau bere baldintza gogorrakaitik da ezaguna, haize bolada gogorrak izaten baitira. Horren adibide nagusia, duela 30 urte, 1979ko edizinoan, jazotako istripua. Ekatx gogorren ondorioz, 23 ontzik probea itxi egin behar izan eben eta 15 nabigatzailek bizia galdu eben. Antolatzaileek, tragedia horren aurrean, segurtasun neurriak indartzea eta partehartzaileen esperientzia-mailea handitzea erabagi eben. Ontzi eta tripulazio guztiek kualifikazino-proba gogorrak pasau behar ditue izen-emotea onartu aurretik. Probea Rolex Fastnet Race Royal Ocean Racing Clubak antolatzen dau, Royal Western Yatch Club eta Royal Yacht Squadronen laguntzarekin. Rolex Ginebrak babesten dau txapelketea 2001tik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!