Fischer Boelek ezezkoa emon deutso ardao baltza zuriagaz nahastetako proposamenari
2009-07-27 12:21 Jan edanakErabagi horregaz, ardao nahasketearen inguruan azken aldian ardaogintza arloan izandako astrapaleari urtenbidea emon jako. Frantzia izan da, batez be, nahasteko aukerearen kontra egin dauena, Italia, Espainia eta Suitzagaz batera.
Europar Batsuneko Nekazaritza eta Garapen Kontseilariak, Marian Fischer Boel andereak, bagilaren 8an erabagi eban ardo baltza gorri egiteko zuriagaz nahastetako proposamenari ezezkoa emotea. Beti be, Jatorrizko Izendapenekoa ez bada, hau da, mahai-ardaoa egiteko bada. Izan be, Jatorrizko Izendapeneko ardaoek Europar Batasunean badaukie aukera hori.
Erabagi horregaz, ardao nahasketearen inguruan azken aldian ardaogintza arloan izandako astrapaleari urtenbidea emon jako. Frantzia izan da, batez be, nahasteko aukerearen kontra egin dauena, Italia, Espainia eta Suitzagaz batera. Herrialde horreen esanetan, Nazinoarteko Ardaogintza Erakundeak nahasketea onartu ezkero, kontsumitzailea engainatzea izango litzateke, Europan ardao gorria egiteko berezko eta betidaniko teknika propioak dagozalako eta horreen kalterako izango litzatekelako.
Europar Batasunak mahai-ardao gorriak egiteko nahastea galarazo eban baina, ez ostera, erostea edo kanpoko herrialdeetatik ekartea. Espainian, 2004ra arte, onartuta egoan coupagearen teknikearen bidez egiten zan ardao gorria.
Fischer Boelek, azken hilabeteotan, coupagea erabiltearen debekua kentzearen alde egin eban, izan be, europar ardaoek nazinoarteko merkaduan aukera gitxiago izango ebela aurreikusten eban, Europatik kanpo coupagea onartuta dagoalako eta Europan ardaoa saldu daitekelako. Bestalde, teknika honek ez deutso ezelan eragiten kontsumitzaileari eta, ganera, Nazinoarteko Ardaogintza Erakundean onartuta dagoanez, Bruselak nazinoarteko estandarretara egokitzeko pausua emon eban. Bestalde, Espainia, Frantzia eta Italia lako herrialdeak kontra egonik, aurrera egiteko gehiengo nagusia izango ez ebala ikusita, proposamena bertan behera ixtea erabagi eban.
Beraz, Europar Batasunak onartzen dau ardao baltzaren eta zuriaren arteko nahasketea, baina ez ardao gorria egiteko. Proposamenagaz, statu quo malgua mantentzen da, izan be, lurraldeko ardaoen kasuan, orain arte legez, teknika hau erabilten jarraituko dabe, debekuak ez ditu bere gan hartuko ardao horreek.
Ardo gorriak egiteko coupagearen kontrako arrazoi nagusiak, aurretiaz ardaogintza arloko hainbat erakundek ataratako manifestu batean agertzen dira. Bertan azaltzen danaren arabera, ardao gorria gizadiak ezagutu dauen ardaorik zaharrenetarikoa da, buztinezko ontzi batean ahaztuta itxitako mahats baltz morda batzuen berezko mazerazinoa eginda eta, beraz, ezin dauela, edozein praktika enologikoren izenean, haren identidadea galdu. Manifestuan, arazo honek kaltetuko dituan guztien laguntzinoa eta babesa eskatzen dabe, baita ez daitela onartu, ezelan be, nahasketea egiteko aukerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!