Hamar kontzertu Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor zikloan
2009-07-24 14:29 MusikeaGaragarrilaren 25etik abuztuaren 15era bitartean, VI. Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloan hamar kontzertu izango dira Busturialdean.
Garagarrilaren 25etik abuztuaren 15era bitartean, VI. Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloan hamar kontzertu izango dira Busturialdean. Joxe Benantzi Bilbao organista mundakarrak antolatu, Urremendi, Landa Garapenerako Alkartearen ekinbideari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babes ekonomikoari esker, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo eta Mundakan izango dira kontzertuak.
'Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor zikloa Busturialdeko uda sasoiko kultur jarduera ezaguna eta eredugarria izateaz gan, azken bost urteotan, gure eleizetako ondare garrantzitsua berreskuratu da, gure organoak, hain zuzen be. Horreetako bi aurten zaharbarritu ditue ekinbide pribatuari esker: Bermeoko Santa Mariakoa eta Gernika-Lumoko Mesedetako Komentukoa', adierazo dau Joxe Benantzi Bilbaok.
Kontuak kontu, Bermeon, San Frantzisko eleizan hasiko da kontzertu zikloa, garagarrilaren 25ean, arratsaldeko 20:30etan. Gaudeamus Korala eta Joxe Benantzi Bilbao organistea izango dira protagonista.
Bermeon, abuztuaren 1ean, Santa Eufemia eleizan izango da hurrengo hitzordua. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da Joao Vaz portugaldarraren kontzertua.
Abuztuaren 2an, barriz, Mundakako Andra Mari eleizan, 'Cesar Franck-en harian' izenburupean, Marisol Boullosa soprano holandarra eta Juan de la Rubia organista valentziarraren txandea izango da.
Elantxobera salto eginaz, abuztuaren 4an, San Nikolas eleizan, Adrian Garciak eta Josu Soldevillak Georg Friedich, Häendel, Joseph Haydn, Vassily Brandt eta Emile Paladilheren errepertorioa eskainiko dabe.
Abuztuaren 6an, barriz, Gernika-Lumoko Mesedetako Komentuan, arratsaldeko 20:00etan hasiko da Olga Angelillo sopranoaren eta Luca Ratti italiar organistearen ekitaldia.
Hurrengo hitzordua Busturian izango da, Axpeko Andra Mari eleizan. Abuztuaren 8an, arratsaldeko 19:30etan, Michal Novenko txekiar orkesta zuzendariak XII, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako musikaz hornidutako egitaraua eskainiko dau.
Abuztuaren 13an, Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor zikloa Gautegiz-Arteagara helduko da. Bertako Andra Mari eleizan, Walter d'Arcangelo italiar organisteak joko dau.
Biharamunean, abuztuaren 14an, Bermeoko Andra Mari eleizan, Jose Fernandez eta Javier Artigas izango dira protagonista.
Zikloari amaierea emoteko, barriz, abuztuaren 15ean, Arratzuko Santo Tomas eleizan, 'Erromantizismoaren koloreak' izenburupean, aparteko kontzertua izango da Maria Folco mezzosopranoaren eta Joxe Benantzi Bilbao organistearen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!