Euskerearen sustapena eta jasangarritasuna batu ditue Nafarroa Oinez-en martxan jarriko dan 'Oinez Basoa' ekimenean

Bizkaie! 2009-07-22 15:15   Euskerea berbagai

'Oinez Basoa naturea indartzeko baso bat izango da, CO2 gasak xurgatuko dituan baso bat, Nafarroa Oinez lako jai batek eragiten dauen CO2 gasen isurketea konpentsauko dauen baso bat, euskerea eta ingurumenagazko kontzientzia bultzatzeko balio izango dauen baso bat'

Ekopass ingurumen arloko irabazi asmorik bako alkarteak, Naider ekonomiaren sustapenean, ingurumen iraunkortasunean eta gizarte-lehiakortasunean espezializauta dagoan enpresa-proiektuak, Nafarroako Ikastolen Alkarteak eta Arbizuko Udalak euskerea sustatzearen eta jasangarritasunaren interesak batu ditue 'Oinez Basoa' izeneko proiektua abian jarriz. Erakunde honeek, Nafarroa Oinez-en karbono isurtzeak murriztu eta konpentsetako alkarregaz lan egingo dabe, CO2 bako Nafarroa Oinez bultzatzeko bidea hartuz.

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastoleak eraikin barri bat egiteko erronkeari heldu deutso eta Nafarroa Oinez jaiak helburu hori lortzeko lagunduko dauelakoan dago. Eraikin barriaren proiektua diseinetako orduan, bere arduradunen kezketako bat ingurumenagazko begirunea izan da, hau da, energia barriztagarriak erabiltea eta diseinu arkitektonikoak erispide ekologikoak kontuan hartzea. Holan, ikastolako arduradunek azaldu dabenez, kezka hori kontuan hartuta, erraza izan da 'Oinez Basoa' proiektua bere egin eta bultzatzea.

Proiektu barritzailea da, erronka barri bat, euskerearen aldeko sustapena eta natureagazko begirunea buztartzen dituana. 'Eragile desbardinen indarrak batuz eta alkarlanean, Oinez Basoa egitasmoa jarriko dogu martxan, danon artean baso bat sortzeko. Oinez Basoa naturea indartzeko baso bat izango da, CO2 gasak xurgatuko dituan baso bat, Nafarroa Oinez lako jai batek eragiten dauen CO2 gasen isurketea konpentsauko dauen baso bat, euskerea eta ingurumenagazko kontzientzia bultzatzeko balio izango dauen baso bat', azaldu dabe.

Proiektuaren bultzatzaileei jagokenez, Nafarroako Ikastolen Alkarteak egitasmoaren jarraipena bermatuko dau datozen Nafarroa Oinez jaietan; Etxarri Aranazko Andra Mari ikastoleak proiektua sustatuko dau aurtengo edizinoan; Arbizuko Udalak (basoaren lurren jaubea) basoa sortzeko lurra jarri dau eta basoa landatzeko eta kudeatzeko ardurea hartu dau; Ekopassek web orrialde baten bidez zuhaitzen komertzializazinoa bideratuko dau eta Neiderrek zuhaitzen adopzinoa sustatuko da.


Ezaugarri nagusiak

Nafarroa Oinez jaiak eragiten dauen CO2 isurketea konpentsetako eta ingurumenagaz ikastolek daben konpromisoa berresteko baso barri bat sortuko da, eta zuhaitzak landatuz osotuko da 'Oinez Basoa'. Zuhaitzak babesle izan nahi daben herritarrei esker landatuko dira, eta edozein izan daiteke babesle. Era bereanr, Internetetik babesle bihurtu ahal izango da edonor.

Proiekturako sortutako webgune baten bidez, babesleak zuhaitz mota aukeratu ahal izango dau, kokapen zehatza ikusi eta bere izena edo mezu bat idatzi ahal izango dau. Zuhaitz bat babesteko 20 euro pagau beharko da.

Basoa 'benetakoa izango da', Arbizuko Udalaren lurretan, eta sei hektarea jarriko ditu basoa sortzeko. Danetara, mota desbardinetako 5.200 zuhaitz landatu ahal izango dira, besteak beste, gaztainondoak, intxaurrondoak, haretxak edota lizarrak. Zuhaitzak baldintzak egokiak direnean landatuko dira, hau da, 2010eko urtarrilean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu