Akademien arteko alkarlana sendotzea helburu, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizunetako ondorioa

Bizkaie! 2009-07-17 16:51   Euskerea berbagai

Akademietako buruek, hau da, Víctor García de la Concha, Xosé Ramón Barreiro, Joan Martí eta Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu dabe hizkuntza guztien arteko alkarbizitzearen garrantzia, baita herri guztien hizkuntza-ondarea jagotea eta babestea, ezinbestekoa dala.

Gaur, hilak 17, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Secció Filològica erakundeetako ordezkariak hartu ditu Euskaltzaindiak, eta eurekaz batera ekitaldi akademiko bat burutu. 90. urteurrena ospatzeaz gan, akademien arteko alkarlana sendotzea izan dau helburu gaurko ekitaldiak.

Hamabost urte igaro dira Euskaltzaindia, Real Academia Galega, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia de la Lengua Española erakundeak, azkenengo aldiz, Bilbon batu ziranetik. Orduan, 1994ko zezeilean, Euskaltzaindiaren 75. urtemugearen haritik, egoitzan izan ziran espainiar estaduan ofizial diran hizkuntzen akademietako ordezkariak: Fernando Lázaro Carreter Real Academia Españolako burua, Mario Dónega Real Academia Galegako idazkaria, eta Joaquim Rafel Institut d’Estudis Catalanseko idazkari nagusia. Orduan Jean Haritschelhar zan euskaltzainburua.

90. urtemugaren karietara, beraz, berriro batzartu dira akademia bakotxaren ordezkariak. Bi alderdi nagusi izan ditu gaurko ekitaldiak: batetik, ekitaldiak izaera akademikoa izan dau -euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleei bakarrik zuzendua-, eta bestetik, akademia bakotxak egiten dituan lanak eta akademien arteko alkarkidetzea bultzatzeko aukerak aztertu dira.

Akademietako buruek, hau da, Víctor García de la Concha, Xosé Ramón Barreiro, Joan Martí eta Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu dabe hizkuntza guztien arteko alkarbizitzearen garrantzia, baita herri guztien hizkuntza-ondarea jagotea eta babestea, ezinbestekoa dala.

Gaurko ekitaldiaren amaieran, adierazpen bat irakurri dau Andres Urrutiak, lau Akademien izenean. Holan dakar:

'2009ko uztailaren 16 eta 17an, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren ospakizunean, gure hizkuntzetan araugintza ahalmena aitortzen zaien erakundeak bildu dira: Real Academia Española (RAE), Real Academia Galega (RALG) eta Institut d’Estudis Catalans (IEC) eta Euskaltzaindia.

Gure erakundeek, hizkuntzalaritzaren esparru zientifikoan dihardute, bestelako asmorik gabe. Haien xedea gure hizkuntzak bizkortzea da, aniztasuna onartzetik abiatuz, eta begirune eta babes berezia zor zaizkion kultura-ondare direla uste izanik.

Betidanik erakunde horien arteko harremanak adiskidetsuak eta arinak izan dira -eta dira-, baina desigarria litzateke beren arteko elkarlana hizkuntza ikerketa eta kodetze-lanera hedatzea. Akademia bakoitzaren ikerketa zientifikoak, metodoak eta baliabideak aztertzeak esperientzia-trukaketa mesedegarria ekarriko du, zalantzarik gabe. lezake. Hortik abiatuta, hizkuntza guztiei eragiten dieten xedeei elkarrekin ekiteko aukera zabaltzan da.

Horregatik guztiagatik, ospakizun honen barnean, lau Akademien arteko harremanak sendotzeko hartu dugun erabakia jendaurrean aldarrikatzen dugu, elkarlaguntzako esparru-hitzarmen baten bidez, ondoren bestelako konpromiso bereiziekin osatuko ahal izango dena.

Horrela, elkarren arteko harremanak sendotzen lagunduko lukeen egitasmo bat izan daiteke hiztegi elebidunak egitea, hizkuntza batetik bestera zubi zuzena eraikitzea ahalbidetuko luketenak.

Hizkuntza arteko material lexikografikoak eta gramatikazkoak onura handiko tresnak dira, eta Akademiek -duten izaeragatik eta itzalagatik- bere erantzukizun bezala hartu behar dituzte, horrela, gure hizkuntzak lotzen dituzten elkarguneak zehaztuz eta bilatuz, eta denona den kultura-altxorrean parte hartuz'.

2008tik ari da ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. Izan be, urrian Iruñean egin zan XVI. Nazinoarteko Biltzarragaz, hasierea emon eutson Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste bi ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak, Gasteizen, Arabako Foru Aldundian, eta Ipar Euskal Herrian, Hazparneko Elgar Kultura Etxean.

Bilbokoaren ostean, aurtengo urrian egingo dau Euskaltzaindiak urteurreneko azken ospakizuna, ekitaldi instituzional baten bidez, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu