195 Erakunde barrik eskuratu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria krisi garaian
2009-07-17 16:16 Euskerea berbagaiAzken urtean be, krisi garai betean, 195 entidade barrik lortu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria. Gutiérrezen ustez, emoitza horreek lortu dira euskeran inbertiduteak onurak dakartsozalako enpreseari.
'Krisi garaian euskaran inbertituz' izenburupean prentsaurrekoa egin dau gaur Ziurtagiriaren Elkarteak Koldo Mitxelena Kulturunean. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteako zuzendariak Bai Euskarari Ziurtagiriak azken urtean izan dituan lorpenen barri eman ostean, krisi garaian euskaran inbertiduteko argudioak azaldu ditu. Gutiérrezegaz batera agertu dira Kiroljokoa enpresako marketing teknikari Imanol Amiano eta Arlan enpresako zuzendari Igor Landaluze. Bi enpresek Bai Euskarari Ziurtagiria daukie, eta euskereak nahiz Ziurtagiriak euren eguneroko jardunean zelan eragiten daben azaldu dabe.
Danetara, 1.562 entidade dira dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria daukienak, eta Ziurtagiriaren eraginpean 40.000 lagun baino gehiago dabilz lanean. Gutiérrezen esanetan, bederatzi urteko ibilbidearen ondoren lorturiko emoitzak dira horreeek: 'Datuok argi erakusten dabe Ziurtagiriak ibilbide luze eta oparoa egin dauela arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten; hau da, euskerearen aldeko neurri zehatzak hartzen dituen entidadeak identifiketan eta kreditatzen'.
Azken urtean be, krisi garai betean, 195 entidade barrik lortu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria. Gutiérrezen ustez, emoitza horreek lortu dira euskeran inbertiduteak onurak dakartsozalako enpreseari. Eta baieztapen hori arrazoitzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurtengo publizidade kanpainan oinarritu da. Izan be, aurtengo leloa 'balioa eta barrikuntzea' da, eta Gutiérrezek uste dau leloa ez dala kasualidadearen ondorio, eta hori azaltzeko adibide praktikoak jarri ditu. Bere esanetan, enpresa batek zeozer sortzeko edo saltzeko erabilten dauen hizkuntzea, emoitzen ikuspegitik, ez da faktore neutroa: 'Erosle batek hizkuntza bati atxikimendu berezia badeukotso, nahiago dau hizkuntza horretan saltzen deutsonari erostea. Beraz, harremanerako hizkuntza bezeroak berak aukeratzen ez dauenean nabarmen jaisten da kalidadea'.
Bestalde, Gutiérrezek adierazo dauenez, euskerearen merkatu potentziala etenbarik ari da hazten, eta enpresek merkatuaren eskariei erantzuteko gai izan behar dabe. Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gertutasunaren faktorea gehitu deutso euskararen erabilereari: 'Euskerea erabilteak konfidantzea adierazten dau. Eta konfidantza hori Bai Euskarari Ziurtagiriaroen bidez gizarte guztiaren aurrean erakusten eta ziurtatzen da'. Horrezaz gan, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak ziurtatu dau enpresa batek gizartearenganako konpromisoa agertzen dauenean eta gai sozialakaz arduratsua danean, irudi hobea eta sinisgarritasun handiagoa emoten dauela bere bezero nahiz langileen aurrean.
Kanpora begirako jardunean ez eze, barrura begirakoan be, Bai Euskarari Ziurtagiria daben zenbait entidadek ikusi dabe, langileen artean euskerea txertatzen hasi diranean, langileek enpreseagazko daben atxikimendua handitu egin dala eta motibazinoa suspertu. Eta motibazinoak eragin zuzena dauka produkzinoan: 'Langile horreetako askoren ama-hizkuntzea euskerea da, baina aurrez sarritan, euren bigarren hizkuntzara jo behar izaten eben lanerako. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dabenetik, barriz, zenbait neurri hartu ditue eta euskeraz lan egitea naturala bihurtu da'.
Euskereak eta Bai Euskarari Ziurtagiriak balioa zergaitik emoten daben arrazoitu ostean, euskereak eta Ziurtagiriak barrikuntzea zergaitik dakarten azaltzera jo dau Gutiérrezek. Haren esanetan, jente askok uste dau bere hizkuntza-ohiturak aldatzeko gai dan enpresea preparauta dagoala barrikuntzarako, izan be, orain artean hizkuntza batean garatu diran harremanak hemendik aurrera beste hizkuntza batean garatzea, personen artean eta ohiko harremanetan gerta daitekeen aldaketarik gatxenetakoa da.
Euskerearen erabilereak enpreseari onurak ekarteaz gan, Ziurtagiriaren Elkarteak uste dau euskerea eremu sozio-ekonomikoan txertatzea estrategikoa dala hizkuntzearen normalizazinorako. Era berean, enpresan euskerea erabiltea erabagi estrategikoa da: 'Barrikuntzea txertatzen ez dauen enpresaek ez dau aurrera egiten, eta euskerea barrikuntzearen parte be bada'.
Ziurtagiriaren Elkartearen datuen arabera, merkatarien eta ostalarien sektoreak inbertiduten dau gehien euskeran
Bai Euskarari Ziurtagiria arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten dauen proiektu estrategikoa da. Rober Gutiérrezen berbetan, 'proiektu profesionala, independentea, hurrekoa eta euskeraren normalizazinoa helburu dauena'.
Bai Euskarari Ziurtagiria daukien 1.562 entidadeetatik 171k 'Zerbitzua eta lana euskeraz' maila daukie, 540k 'Zerbitzua euskeraz' eta 851, barriz, 'Bidean' mailan dagoz.
Sektoreei jagokenez, Bai Euskarari Ziurtagiria daukien entidadeak holan banatzen dira: % 32.65, hau da, 510 merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; % 28.87, hau da, 451 zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira; % 18.12, hau da, 283 kultura, gizarte mobimentu eta kirolaren sailari jagokoz; %7.87, hau da, 123 hezkuntzeari eta formazinoari; % 6.92, hau da, 108 enpresa industrialak dira; % 3.84, hau da, 60 lehen sektoreari jagokozan entidadeak; eta % 1.73, hau da, 27 entidade administrazinoek eta alderdiek osotzen ditue.
Bai Euskarari Ziurtagiria daukienen artean dagoz Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Eroski, Athletic Club Bilbao, Real Sociedad, Saski Baskonia, Miramon Kutxa Gunea, Hotel Restaurante Argiñano, La Casa del Café, Gaiker Fundazioa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Kalitatea Fundazioa, Vista Alegre Zezen Plaza, SkunkFunk...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!