Euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat da AEBetako euskal komunitateentzat, EHUn egindako tesi baten arabera

Bizkaie! 2009-07-15 16:51   Euskaldunak munduan

Tesiaren egilea Clara Urdangarin Liebaert da eta hauxe da lanaren izenburua: 'Bailando 'Jauzi' bajo barras y estrellas: Una etnografía del Zazpiak Bat Group of Dancers de Reno, Nevada'. Ikerketa hori egiteko, Renon egon zan Clara Urdangarin 2003ko zezeiletik 2004ko urtarrilera arte.

Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) egindako tesi batek Renoko (Nevada, AEB) Zazpiak Bat dantza taldeko jantzari gazteen azterketa etnografikoa egin dau. Kasu horren bitartez, euskal komunidadeek herrialde haretan egiten dituen jantzek eta ekintzek zer funtzino beteten daben kultura askoko gizarte estadubatuarrean gizarteratzeko prozesuan aztertu dau ikertzaileak. Ondorio nagusi modura, AEBetako euskal komunidadeentzat euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat dala nabarmendu da.

Tesiaren egilea Clara Urdangarin Liebaert da eta hauxe da lanaren izenburua: 'Bailando 'Jauzi' bajo barras y estrellas: Una etnografía del Zazpiak Bat Group of Dancers de Reno, Nevada'. Ikerketa hori egiteko, Renon egon zan Clara Urdangarin 2003ko zezeiletik 2004ko urtarrilera arte.

Ikertzaileak ikusi dauenaren arabera, Renoko jantzari taldeak egiten dituan entseguen, emonaldien eta abarren bidez, estadubatuar gizarte-testuingurura egokitutako komunikazino-kodea barruratzen da. Holan, euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat da kultura anitzeko gizarte horretan.

Urdangarinek euskal jantzen barruko logikearen eta jantzariaren kanpo-logikearen arteko hartu-emonak aztertu ditu. Logika horreetako bakotxa lau ataletan banatzen da, subjektuak espazioagaz denporeagaz, beste subjektuakaz eta objektuakaz dauen erlazinoaren arabera, hain zuzen be.

Lan horretan erakusten dan amerikar euskaldunen gizarteratzea hango testuinguruan ulertu behar da. AEBetakoa arraza askoko gizartea da, biztanleen jatorri desbardina herrialde osoaren kohesinoagaz buztartzen saiatzen dana. Neurri batean, euskaldunak beste taldeakandik desbardintzen dituen bereizgarriek kultura askoko gizarteen ezaugarriak ditue: jatorri etorkin bati lotutako estadubatuar herritartasuna, ohitura batzuekaz eta beste taldeakanako anaitasun-nahiagaz identifikauta.

Ikerketearen emoitzek euskal jantzearen barruko logikea eta haren gizarte-markoa erakusten dabe. Euskal jantzak AEBetan erakusten dau beste euskaldun batzuekaz alkartzen dan herritarra, talde bateko partaide izateko eta bere identidadea eregiteko Ipar Amerikako talde txikien esparruan. Hori kontuan hartuta, euskal jaiek kultura askoko komunidadearen aurrean euskaldun izateaz harro agertzen dan euskalduna osotzen dabe. Euskaldunek AEBetako etnia askoko gizartean existiduteko egiten dabe jantzan.


Kultura materiala

Kultura materialak -objektuei lotutako kulturea- norberaren identidadeari lotutako produktuak kontsumiduten dituan herritar estadubatuarra erakusten dau. Era berean, euskaldunen jarduerek euskal identidadea azpimarratzen dabe, besteak beste, AEBetako bandera eta ikurrinea bordatuta dituen kapelak, kolore zuri, gorri eta berdeko pankartak eta globoak, edota 'proud to be basque' -euskaldun izateaz harro nago- dinoen auto-matrikulak.

Era berean, jantzarien eta euskal jaietan modu aktiboan parte hartzen dabenen janzkerak erakusten dau uniformeak gustuko dituela. Ikertzailearen esanetan, objektuek taldeagaz identifiketan dabe subjektua eta, kasu honetan, euskalduna bere komunidade etnikoagaz.

Clara Urdangarin Liebaert (Londres, 1960) Erizaintzan diplomatua (Erizaintza Psikiatrikoan espezializatua) eta Gorputz eta Kirol Hezkuntzan lizentziatua da. Bere tesia EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultadeko Gorputz Heziketa Saileko Joseba Etxebeste Otegi irakaslearen zuzendaritzapean egin dau, eta Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroan egon zan tesia lantzeko. Gaur egun, aitatutako unibertsitate-saileko irakaslea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu