Loiolako Santutegian bisitaldi gidatuak hasiko dira, jesulagunen arte ondarea eta historia ezagutzeko
2009-07-14 15:36Bisitaldiokaz, jesulagunek euren ondare artistikoa erakutsi nahi dabe eta turismoko helmuga legez kokatu Euskadin. Eskaintza desbardina da, era askotako motibazinoak dituen bidaiarientzat: arrazoi ludikoetatik hasi eta kulturaletarainokoak, espiritualak ahaztu barik. Holan ikuspegi bikotxa eskaini nahi da: arteari lotua eta historiakoa, Jesusen Lagundiaren esperientziaren kontakizunagaz lotuta.

Gaur, garagarrilak 14, Jesusen Lagundiak Loiolako Santutegira (Azpeitia) egingo diran ‘Arimadun bisitaldiak’ programa turistikoaren hasierako bisitaldia egingo dau. Programa hori garagarrilaren 15etik abuztuaren 15era bitartean egingo da. Bisitaldi gidatuok JesuitenGunea izeneko proiektu baten barruan dagoz, eta beronen helburua Loiola probintziako Jesusen Lagundiaren ondareari bere balioa emotea eta Lagundiak bere esperientziaren barri emotea da. Esangura horretan, bihar Loiolan hasiko dan turismoko ekimen hau Deustuko Unibersidadera be zabalduko da laster, Bilboko eta Donostiako campusetara, baita Xabierreko Santutegira be.
Bisitaldiokaz, jesulagunek euren ondare artistikoa erakutsi nahi dabe eta turismoko helmuga legez kokatu Euskadin. Eskaintza desbardina da, era askotako motibazinoak dituen bidaiarientzat: arrazoi ludikoetatik hasi eta kulturaletarainokoak, espiritualak ahaztu barik. Holan ikuspegi bikotxa eskaini nahi da: arteari lotua eta historiakoa, Jesusen Lagundiaren esperientziaren kontakizunagaz lotuta.
Loiolako Santutegirako bisitaldi gidatuok bi urteko lanaren emoitza dira. Urte horreetan Santutegiaren eta probintziaren errealidadea aztertu da Euskal Herriko testuinguru turistikoagaz lotuta. Ideia jesulagunen sorburu izan zanaren ateak zabaltzea da, Loiolako San Inazio euskaldun unibersalaren bizitokia, bizitza, lana eta ondarea ezagutzera emoteko. Bidaia XVI. mendean hasten da, Loiolako Iñigoren jaiotzeagaz eta XXI. mendean amaitzen da.
Loiolako bisitaldien ibilbidea
Ibilbidea hiru etapatan egiten da: Etxe Santua, Basilikea eta Errekarte baserria, garrantzi eta esangura handiko hiru toki, inaziotar familiaren historia, nortasuna eta misinoa sakon ezagutzeko. Lehenengo geldialdia Etxe Santuan egiten da, Loiolako Santutegiaren bihotzean. Torretxe zahar bat izan zan Oñaz eta Loiolako jauntxoen sortetxe eta bertan jaio zan Loiolako Iñigo 1491n eta erlijioso egin zan 1522an Konbertsinoko Kaperan. Handik urten eban Gogo-jardunak idaztera eta Jesusen Lagundia sortzera.
Hurrengo geltokia Basilikea da, arkitektura barrokoaren eredu bikaina. Carlos Fontanaren jatorrizko planoak Martín Zalduak moldatu zituan, tenpluari eraztun itxurako nabe bat emonez. 1738an inaugurau zan. Aldare nagusia, churriguereskoa, Ignacio Iberok diseinau eban. Bertan dago, 1758tik, San Inazioren estatua bat, Jesusen Lagundiaren ezaugarri dan dinamismoaren eta mistikearen arteko orekearen erakusgarri. Francisco de Vergarak diseinau eban eta Josef Bauerrek moldatu.
Errekarte da bisitaldiaren hirugarren geltokia. Baserri zahar-zahar hau, santutegi dotoretik metro gitxi batzuetara dago eta jatorritik bertatik egon zan Loiolatarren leinuari loturik. Euskal landatar eraikuntzaren adibide ederra da eta kontserbazino-egoera bikainean dago. Bertan jaio zan Francisco Garate dohatsua 1857an. Une haretan Espainiatik atzerriratuta egon Lagundian sartzeko, Poyanne-ra (Frantzia) joan behar izan eban 1874an. 55 urtez izan zan jesulagun, euretatik 41 Deustuko Unibersidadeko atezaintzan. 1919an hil eta 1992an dohatsu izentau eben.
Bisitaldiaren zehetasunak
Bisitaldiak edozein personarentzat dagoz zabalik: banakako bisitari, familia edo taldeentzat, Euskadiko eta beste toki batzuetakoentzat, toki berezi honen ondare, kultura eta sinbolikotasun aberatsa ezagutu eta huretik ikusi nahi dabenentzat. Bisitak garagarrilaren 15etik abuztuaren 15era egingo dira, martitzenetik domekara, gaztelaniaz, baina euskeraz, ingelesez eta frantsesez egitea be eska daiteke. Egunean hiru pase egongo dira: 10:15ean, 12:00etan eta 17:00etan. Bisitaldiaren prezioa 3,50 eurokoa da eta 14 urtera arteko umeek ez dabe sarrerarik ordaindu behar. Bisitaldiaren iraupena ordu eta laurenekoa da, 15 minutu inguruko atsedenaldi bategaz. Parte hartu nahi dabenek Santutegian bertan eskatu leikie bisitea egitea, hasi baino 10 minutu lehenagora arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!