Lehenengo eta bigarren hezkuntzako 16.000 ikaslek hartu dabe parte

Bizkaie! 2009-07-08 15:51   Euskerea berbagai

Bilboko Udaleko Euskera Sailaren ekintzetan parte hartu dabe.

Lehenengo eta bigarren hezkuntzako 16.000 ikasle baino gehiagok hartu dabe parte 2008-2009 ikasturtean Bilboko Udaleko Euskara Sailak uriko ikastetxeetan sustatu dituan programetan. Euskerearen erabilerea bultzatzeko eta ondorengo belaunaldien eguneroko komunikazino-hizkuntza izatea lortzeko, Euskera Sailak bost programa antolatu ditu ikasturte honetan Bilboko ikastetxeetako D eta B ereduetako lehenengo eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat.

'Egonaldiak Baserri Eskoletan' programeak bi eta bost egun bitarteko egonaldiak antolatu ditu Urdaibai, Lea-Artibai eta Iparraldeko zenbait baserri eskoletan. Ikastetxe bakotxeko 25 kideko taldeak, zenbait irakaslek eta monitorek lagunduta, baserri eskoletara joaten dira euskal giroan biziteko.

Egonaldien helburu nagusia umeen artean euskerearen erabilerea sustatzea da ikasgelea baino naturalagoa dan inguruan, eta neurri batean eurentzat ezezaguna dan mundua bertatik bertara ikusteko aukerea emoten jake ikasleei. Hori guztia lantzeko hainbat ekintza egiten dira: kirolak, tailerrak, irtenaldiak. Era berean, Euskera Sailak autobus zerbitzua eskaintzen deutse ikastetxeei joan-etorrietarako. Ikasturte honetan 28 ikastetxetako lehenengo hezkuntzako 3. maila eta 6. maila arteko 1.500 inguru ikasle joan dira egonaldi horreetara.

Bestalde, 'Zinea Euskaraz' egitasmoaren bidez, zine-emonaldiez arduratzen diran zenbait alkarteren laguntzinoagaz, ikasleei gaur egungo filmak euskeraz ikusteko aukerea emon jake eskola-ordutegiaren barruan. Pelikulak euskeraz egindakoak edo bikoiztuak izan dira. Kurtsoan zehar areto komertzialetan emon dira pelikulak eta, horrezaz gan, film bakotxari jagokon material didaktikoa banatu jake ikasleei ikusi aurretik hainbat balore lantzeko. 'Nani', 'Franklin', 'Pepper', 'Irabazle & Galtzaile', 'Ikasgale Hegalaria', '3 Mosketari', 'Lotte' eta 'Artikoko Ipuina' pelikulak ikusi ahal izan ditue 2008ko urritik 2009ko bagilera bitarteko programan parte hartu daben 12.000 ikasle inguruk.

Era berean, Bilboko Udaleko Euskera Sailak 'Zortziko Txikia' programea be antolatzen dau Bizkaiko Bertsozale Alkartearen, Bizkaiko Ikastolen Alkartearen eta Bizkaia Irratiaren lankidetzeagaz. Ekimenaren helburua neska-mutilak bertsolaritzearen mundura hurreratzea da, lehen hezkuntzako azken zikloko umeentzako asteko saioen bitartez. Saioetan bertsolaritzearen historia eta teknikea ikasten eta garatzen dabe.

Programan bertsolari ezagunen zuzeneko emonaldiak be sartzen dira, ikasleek saioetan ikasitako teknikea praktikan jartera animetako, bai eta ikasleek egindako irrati-programen emisinoak be. Bilboko 34 ikastetxetako 1.200 ikaslek parte hartu dabe ekitaldi honetan.

Bestalde, 'Xiba (Herri Kirolak Euskaraz)' Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoagaz batera bigarren hezkuntzako ikasleentzat antolaturiko programeak euskerearen erabilerarako esparru barriak sustatzea dau helburu herri-kirolen bitartez.

Kurtsoan zehar lau topaketa antolatu dira uriko zenbait gune publikotan eta bertan DBHko ikasleek herri kirol eta jolasetan parte hartzen dabe. Aurretiaz, parte hartzen daben ikasleek jolas eta jokoei buruzko unitate didaktikoak lantzen ditue ikastetxeetan. Ikasturte honetan, 31 ikastetxetako 1.600 ikaslek hartu dabe parte egin diran lau topaketetan.

Azkenik, 'Kirola eta teknologia barrietan euskerearen erabilerea sustatzeko tailerrak' be antolatu ditu Bilboko Udaleko Euskera Sailak uriko zazpi ikastetxetan. Koikili Lertxundi Athletic taldeko jokalariak gidatzen dauen eta ezagutzaren kudeaketaz arduratzen dan Itzarri enpreseak emon ditu tailerrak. Bertan, ikasle parte-hartzaileek teknologia barriak, kirola eta euskerearen erabilerea garatu ditue. Proiektu honek Athletic Club Fundazinoaren eta Bizkaiko Gurasoen Alkartearen (BIGE) laguntzinoa izan dau. 200 umeen parte-hartzea euki daben tailerrok irailetik abendura bitartean beste zazpi ikastetxetara zabalduko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu