Patxi Usobiaga eta Irati Anda Txinara doaz datorren astean, Munduko Eskalada Txapelketan parte hartzeko

Bizkaie! 2009-06-29 14:24   Euskaldunak munduan

Bi eskalatzaileek garagarrilaren 4an eta 5ean egingo diran finaletara heltzeko itxaropenagaz dagoz, baina horren aurretik, garagarrilaren 2an hasita jokatuko diran kanporaketak gainditu beharko ditue.

BAT Basque Team Fundazinoaren babespean dabilzan Patxi Usobiaga eta Irati Anda eskalatzaileak komunikabideen aurrean azaldu dira, asteon Munduko Eskalada Txapelketea jokatu behar daben Txinako Xining urira abiatu baino lehen. Bi eskalatzaileek garagarrilaren 4an eta 5ean egingo diran finaletara heltzeko itxaropenagaz dagoz, baina horren aurretik, garagarrilaren 2an hasita jokatuko diran kanporaketak gainditu beharko ditue.

Patxi Usobiaga eibartarra egoera ezin hobeto heldu da ondoz ondo jokatuko dauen seigarren Munduko Txapelketara. Azken hiru edizinoak txapeldunorde amaitu ditu, eta gaur egun, laugarren postuan dago IFSCren (Kirol-Eskaladako Nazinoarteko Federazinoa) rankingean. 223,58 puntu dituala, Julian Puigblanque (268,94) katalana, Tomas Mrazek txekiarra (302,64) eta Jorg Verhoeven (331,90) holandarra izango ditu arerio Usobiagak Xiningen, honexek baitira seguruenik egun dituan kontrariorik aitagarrienak.

Irati Anda gasteiztarraren kasuan, Xiningeko hitzordua Munduko Txapelketan egindako bigarren parte-hartzea izango da, Avilesen 2007an jokatu ebanaren ondoren (bosgarren postua lortu eban orduan). Nazinoartean, Arcoko (Italia) Rockmaster lehiaketan 2007ko irailean lortutako hirugarren postua eta urte bereko urrian eta zemendian Kozon (Japonia) eta Kranjen (Eslovenia) jokatutako Munduko Kopako probetan lortu zituan bigarren postuak dira orain arteko bere markarik onenak. 2008an eskumuturra lesionau arte, Espainiako eskalatzailerik onenetakoa zan, bata bestearen ondoren irabazi baitzituan 2006ko eta 2007ko Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak. Gaur egun, 16. postuan dago IFSCren rankingean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu