Tecnalia korporazinoko sei zentrok Europako bosgarren zentro teknologikoa sortuko dabe

Bizkaie! 2009-06-25 13:04   Euskaldunak munduan

Fusinoa 2011ko lehen hiruhilekoan burutzea aurreikusi da, eta horrela, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Espainiako lehenengo eta Europako bosgarren zentro teknologiko pribadua sortuko da. Danetara, 1.300 langile eta 110 miloe euroko fakturazinoa izango ditu.

Cidemco, ESI, Fatronik, Inasmet, Labein eta Robotiker Tecnalia korporazinoko euskal zentro teknologikoek bategite protokoloa sinatu dabe. Fusinoa 2011ko lehen hiruhilekoan burutzea aurreikusi da, eta horrela, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Espainiako lehenengo eta Europako bosgarren zentro teknologiko pribadua sortuko da. Danetara, 1.300 langile eta 110 miloe euroko fakturazinoa izango ditu.

Protokoloa sinatu daben sei zentro teknologikoek industria arlokoak dira eta sektore ugariren teknologia eta barrikuntza-beharrei erantzuten deutse: osasuna, garraioa (automobilgintza, aeronautikea, ontzigintzea eta trenbideak), makina-erreminta, galdaketa, siderurgia, eraikuntzea, energia, ekoindustria, informazinoaren teknologiak, komunikazinoa eta ingurumena.

Fusino protokoloa zentroen presidenteek sinatu dabe: Jose Luis Velasco (Cidemco), Luigi Viscione (ESI), Felix Iraola (Fatronik), Jose Maria Echarri (Inasmet), Asis Canales (Labein) eta Miguel Gandiaga (Robotiker). Agiri horretan, oinarriak, printzipioak eta prozedurak batzen dira.

Jose Maria Echarri Integrazino Batzordearen presidenteak adierazo dauenez, 'fusino protokoloa sinatu daben zentro teknologikoen ustez, prozesu horri esker hobeto lortuko dira zentro bakotxaren helburuak. Ganera, lagundu egingo deutso garapen teknologikoari eta ikerketari, gizartea hobetzeko tresna izango da eta onuragarri izango da arlo horreen aldeko enpresa, instituzino eta erakundeentzat, baita zentroetako langileentzat be'.

Fusinoari esker, 2001ean Tecnalia korporazino teknologikoa sortu zanean ekin eutsen arrakasta-eredua finkatu egingo da. Prozesu horretan, Tecnaliako zentro teknologikoek integrazinorako bidea egin dabe; orain, patronatuek pausu bat gehiago egitea erabagi dabe, hau da, izaera juridikoa eraldatzea eta sinatu dan fusino-protokoloa onartzea.

Zentro barriak Tecnalia korporazino teknologikoan jarraituko dau, eta lotura estua izango dau Azti-Tecnaliagaz eta Neiker-Tecnaliagaz; estrategia eta negozio-eredu berbera izango dabe guztiek, baita korporazinoan sartzen diran zentro barriek be.

Fusinoari esker zentro barria gehiago nazinoartekotuko da. Gaur egun, hainbat lekutan ditue egoitzak: Euskal Herrian (Azpeitia, Burtzeña, Bilbo, Derio, Irun, Donostia eta Zamudio), Espainian (Cadiz eta Madril), Frantzian (Montpellier), Bulgarian (Sofia), Serbian (Belgrado), Italian (Pisa), Egipton (Kairo), Txinan (Shanghai), Australian (Melbourne), AEBetan (West Virginia), Mexikon (Guadalajara), Kolonbian (Bogota), Brasilen (Rio Grande Do Sul) eta Argentinan (Buenos Aires).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu