Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2009-06-23 18:03   Euskerea berbagai

Hitzarmen horren helburuak dira euskerea, euskal kulturea eta, oro har, munduko hizkuntza-ondarearen egoerea ikertu, irakatsi eta zabaltzeko ekimenak gauzatzea. Unesco Etxearen izenean Ruper Ormaza presidenteak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe lehenengoz gaur, Bilbon. Hitzarmen horren helburuak dira euskerea, euskal kulturea eta, oro har, munduko hizkuntza-ondarearen egoerea ikertu, irakatsi eta zabaltzeko ekimenak gauzatzea. Erakunde biak alkarlanean arituko dira, batez be euskerearen normalizazinoaren ganeko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarritako arauak zabaltzeko.

Unesco Etxearen izenean Ruper Ormaza presidenteak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze-ekitaldian Itziar Idiazabal Unesco Etxearen lehendakariordea be egon da.

Erakundeen arteko lankidetza-jardueraren oinarriak honako honeek dira:

- Unesco Etxeak autortzen dau, hizkuntza gaietan, Euskaltzaindia dala erakunde aholku-emoile ofiziala.

- Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak alkarri autortzen deutse euskerearen eta, oro har, munduko hizkuntza-ondarearen ikerguneak izatea. Horregaitik, erakundeok lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko ditue, euskerearen, euskal kulturearen eta munduko hizkuntza-ondarearen ganeko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogiaren eremuan.

Honeek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:

- Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak alkarri bere ikerketa-ondareak erabilteko aukerea emongo deutse eta, batez be, bere artxibategia eta liburutegiak erabilteko aukerea.

- Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Unesco Etxeak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, toponimiari, onomastikari, ortografiari eta, orokorrean, euskerearen araugintzearen bestelako gaiei buruzkoak diranean.

- Argitalpenen arloan, alkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskerea, euskal kulturea eta munduko hizkuntza-ondarearen egoerea ikertu, irakatsi eta zabaltzeko arloan.

- Bi erakundeok alkarlanean arituko dira, euren liburutegietako euskal funtsak sendotzeko.

- Lankidetza politika bultzatuko dabe ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezan.

- Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak berenberegi autortzen dabe Unesco Etxearen barruan dagoan Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrea. Katedra horren bultzatzailea Unesco Etxea da.

Hiru urteko iraupena izango dauen hitzarmena koordinetako, Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, erakunde bakotxetik ordezkari bigaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu