Txikien txapela Lapurdira eta handiena Gipuzkoara

Bizkaie! 2009-06-22 11:13   Bertsolaritzea

Euskal Herriko XXI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, txikien mailan Ortzi Murua azkaindarra izan zan txapeldun eta Mikel Iturriotz urretxuarra txapeldunorde. Handien mailan Ane Iturriotz urretxuarrak eskuratu eban txapela eta Ane Labaka lasartearrak bigarren postua.

Txikien mailan Ortzi Murua azkaindarra izan zan txapeldun eta Mikel Iturriotz urretxuarra txapeldunorde. Handien mailan Ane Iturriotz urretxuarrak eskuratu eban txapela eta Ane Labaka lasartearrak bigarren postua.

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoak Euskal Herriko Bertsozale Alkarteagaz lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XXI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala pasa dan zapatuan jokatu zan Altsasuko Burunda pelotalekuan.


Txikietan, bizkortasuna nagusi

Fernando Anbustegik bertaratutakoei ondoetorria emon ondoren, lehenengo zazpiek honako gaia emonda osotu behar izan eben lehen agurra: 'Gaur Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak zagoze oholtza gainean'. Aitagarria izan zan 7 lehiakideek oso azkar erantzun eutsela gaiari, baita Ortzi Muruaren azken hau: 'Zazpi herrialdeak ordezkatuaz etorri gara horrela / ta zoritxarrez batek bakarrik eramango du txapela'. Bigarren zazpikoteari gai hau jarri eutsen: 'Gogoan al duzu noiz bota zenuen zure lehen bertsoa?'. Talde hau motelago ibili bazan be, Maddi Sarasuak holan erantzun eutson gaiari: 'Lehen saioa egin nuena hau izan zen Ustaritzen / ea gaurkoa hangoa baino hobeki den ateratzen'. Lau oinak emonda, barriro be, azpimarratzekoa izan zan erantzunen arintasuna. Haritz Mujikak goitik behera ekarri eban bertso dotorea: 'Duela gutxi joan zen gure aitona zaharra / nahiz ta jende askok bi izan nik daukat bakarra / eta dudarik gabe dut bere beharra / ze gertu egon ohi diren poza ta negarra'. Azkenik ofizioka jarduteko momentua heldu jaken 14 umeei. Eñaut Saldunbide eta Allande Etxeberri baxenafarrak erietxean alkartu ziran, Allandek beso batean kolpea hartu eta Eñaut erizainak igeltsua bestean jarriz. Eñautek holan justifikau eban hutsa: 'Igeltsua leku txarrian ez dut espres egin / zeren eskuin ta ezker enetzat da berdin'.

Ofizioak amaituta, epaimahaiaren erabagiz, bigarren atalera ondoko bertsolariak pasau ziran: Mikel Iturriotz eta Haritz Mujika gipuzkoarrak, Ortzi Murua eta Maddi Sarasua lapurtarrak, Beñat Mendia bizkaitarra eta Eñaut Saldunbide baxenafarra. Atal honetan bertsolariek berbea emonda bertso bat osotu behar izan eben lehenengo. Hitzaren eroale zan papera hartu eta hamar segundora Ortzi Muruak ale eder hau eskaini eban: 'Akzioak nola sortuak ziren eskolan dut ikasia / eta sistema jadanik zaigu azkar erortzen hasia / baina berriro ordainduko du langilegoak guzia / ta azkenean aberats dena azkartzeko da krisia'. Azkenik, zortziko nagusiko ofiziotan jardun eben sei umeek. Mikelek eta Haritzek beren herriko jaietarako koheteak lortzeko ardurea hartu eben, baina azken momentuan ibaira jausita, ondoko atxakia erabili eban Mikelek: 'Baina lasaitu zaitea eta utzi nazazu bakean / zin iten dizut lortuko ditut hauek hurrengo urtean'. Partaideen agurrak entzun eta lehen bien izenak iragarri ondoren, saioa ordu batean amaitu zan.


Arratsaldean, motelago eta seguruago

15-18 urte bitartekoek agurretatik azaldu eben bertso landuak egiteko asmoz etozala Altsasura. Ezohiko doinu ugari entzun ondoren, saio puntuagarriari hasierea emon eutson Fernando Anbustegik. Lehen ofizioan Amaia Iturriotz urretxuarra eta Bixente Hirigarai baigorritarra alaba beraren gurasoen paperean jarri zituan. Alabeari parrandarako baimena emonda, guraso kezkatuaren pentsamenduetan bete-betean sartu zan Urretxukoa: 'Mundu honetan egoera hauek ez baleude askoz hobeto / guk tortura hau jasan beharra berak ondo pasatzeko'. Xabi Igoak, Saioa Alkaizak eta Gillen Negelouak be saio polita osotu eben gai honegaz: 'Zuek hiru langile zarete. Gaur zuen lantokian greba deitua zegoen, baina lanera joatea erabaki duzue. Lantegira sartu eta zuek baino ez zaretela lanera joan ohartu zarete'.

Saioak holan amaitu eban lehen bertsoa: 'Baina krisia gainditzekotan lan honen beharra dut nik / eguneroko ogia ez baita sekula erortzen zerutik'. Zortziko txikian Mattin Luku bizi-bizi ibili zan Maiana Irigoyenegaz: 'Zuek biak paraxutaz hegazkin batetik salto egiteko izena eman duzue. Unea heldu denean, zu Mattin prest zaude, baina ematen du Maiana ez dagoela prest'. Mattinek holan osotu eban bertsoaldia: 'Nahi nuke Maiana baina puxa ezin / ausartu behar duzu ekin eta ekin / ez zitela inketa ondoan da Mattin / jauzi eginen dugu biek elkarrekin'.

Bigarren fasera ondoko sei bertsolariak igaro ziran: Amaia Iturriotz eta Ane Labaka gipuzkoarrak, Peio Ormazabal bizkaitarra, Mattin Luku baxenafarra, Maiana Irigoyen lapurtarra eta Saioa Alkaiza nafarra. Bertsolari guztiek puntu bati erantzun eta gai bati bi bertso kantatu behar izan eutsiezan. Hau zan gaia: 'Zu itsua izan zara bizi osoan. Zientziaren aurrerapenak tarteko ikusteko ahalmena berreskuratu duzu. Une honetan kendu dizkizute estalkiak begietatik'. Lanik dotoreenak Amaia Iturriotzek, Ane Labakak eta Saioa Alkaizak egin zituen. Amaiak holan amaitu eban lehen bertsoa: 'joe, amatxo barrutik bezain polita zera kanpotik!'. Ane Labakak ideia sakon hau erabili eban azkenik: 'Jadanik ez naiz itsua eta hau da kriston albistea / nahiz ta batzutan hobe izaten den begiak berriz ixtea'. Saioa Alkaizak hauxe bota eban: 'Begiak malkoz bete egin zaizkit mundua hola ikusita / nire ametsik ederrenetan ez baitzen horren polita'.

Saio puntuagarria amaitu eta azken agurren ostean, Fernando Anbustegik Juanjo Respaldizari deitu eutson sari banaketeari ekiteko. Sari banaketa bera espero baino hiru ordu lauren beranduago hasi zan, moteltasunaren seinale. Respaldizak partaide eta erakunde babesleen ordezkariak oholtzara deitu eta guztiak bertaratzean, lehenengo 15-18 urte bitarteko txapelduna eta txapeldunordea iragarri zituan: Amaia Iturriotz eta Ane Labaka.

Esan beharra dago partaide guztiek, Altsasun jasotako oroigarriez gan, sari berezi bat jasoko dabela: txikiek egun bateko ibilaldi bat egingo dabe alkarregaz; gazteek, barriz, astebeteko irteera bat izango dabe sari.

Sari banaketan ondoko erakundeek parte hartu eben: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoa, Altsasuko udala, Euskal Herriko Bertsozale Alkartea, Nafarroa Bertsozale Alkartea, Arabako Bertsozale Alkartea eta Iparraldeko Bertsularien Lagunak alkartea. Horreenaz gan, txapelketeak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzinoa izan dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu