Momoitio: Oiz magaleko Erdi Aroko hilerri berreskuratuaren aurkezpena

Bizkaie! 2009-06-19 15:39

Gerediaga Elkarteak eta Garaiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz azkeneko bi urteotan garatutako proiektuaren helburua Garaiko Momoitioko San Juan baseleizaren inguruan kokatzen dan Erdi Aroko hilerria berreskuratzea izan da. Garaiko San Juan Bataiatzailearen baseleizan izango da Aostarri proiektuaren aurkezpena bagilaren 24an, eguerdiko 13:00etan.

Gerediaga Elkarteak eta Garaiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz azkeneko bi urteotan garatutako proiektuaren helburua Garaiko Momoitioko San Juan baseleizaren inguruan kokatzen dan Erdi Aroko hilerria berreskuratzea izan da. Garaiko San Juan Bataiatzailearen baseleizan izango da Aostarri proiektuaren aurkezpena bagilaren 24an, eguerdiko 13:00etan.

Hilerri hau Iñaki Garcia Camino arkeologoaren zuzendaritzapean, 1982tik 1985 bitartean induskatu zan. Gaur egun, ikerketearen emoitzak Bizkaia eta Euskal Herriko Erdi Aroaren historia ezagutu edo arakatzeko oinarrizkoak dira. Aitagarria da Momoitioko indusketa honeek Europako hainbat unibersidadetako ikasketetan sarritan elementu erreferentzialak izaten dirala. Indusketen amaieran barriro estalita itxi ziran.


Garapena

- IX. Eta X. mendeetako hilobietako estalkiak berreskuratu dira eta garai haretan egozan moduan jarri dira baseleizearen magalean.

- 1981an, baseleizan egindako barrikuntza lanetan eta ondorengo indusketetan agertutako hilarrien zatiak berregin dira, Bernat Vidal harginaren laguntzaz. Hilerriko jatorrizko lekuetan kokatu ziran indusketak amaitu eta gero.

- Baseleizako sakristiak dituan leiho biak erakustoki bihurtu dira. Toki honeetan argazki, testu, eta material arkeologikoen erreprodukzino eta beste tresna batzuen bidez bisitariek inguru honen garrantzi historikoari buruzko informazinoa jasoko dabe.

- Udalak kontserbau izan dituan hilarri zati originalak baseleizearen barruan ikusgai jarri izan dira.

- Mobimentu-detektagailuak jarri dira, bisitariek, edozein unetan, baseleizearen hegoaldeko erakustokietako materialak eta baita baseleizearen barrualdean kokatutako hilarri originalen zatiak be ikusi ahal izateko.


Historia

II. mendean biztanle multzo bat kokatu zan Momoition, eta euskal kostaldetik heldutako erromatar munduko material asko ekarri zituen bertako kulturara. Segurutik, Garai bertan kokatutako Tromoitioko gotorlekua itxi ondoren instalau ziran, gaur egun Garai dagoan lekuan, hain zuzen.

IX. mendean, Momoitio ingurua barriro populatu zan. Biztanle barriek eremua luberritu eben, etxebizitzak eregi, eleizea egin eta hilerria mugatu eben. Etxebizitzak etxola zirkular edo eliptikoak ziran, egurrezkoak eta buztinez estaliak. Hareen inguruan beste batzuk eregi zituen: aletegiak, kortak, tailerrak eta abar.

Hango biztanleek ganadua zaintzen eben, batez be behiak; inguruko lurrak lantzen zituen, eta barazkiak, sagarrondoak eta zerealak erein eta landatu, esaterako, artatxikia eta espelta. Inguruko basoetan, haritzak, pagoak eta hurritzak egozan eta etxeak berotzeko egurra ataraten eben bertatik, baita basoko fruta, gaztaina eta abar be.

Baekien hargin-lanak egiten eta ez egozan isolatuta. Hainbat aztarnak erakusten dabenez, penintsulako iparraldeko beste herri batzuekaz hartu-emonetan egon ziran. Bizi-itxaropena 40 urtekoa zan. XII. Mendean, herrixka zaharreko eleizeak, funtzino erlijiosoak galdu zituan eta beste boteretsuago batzuek hartu. Holan etorri zan Momoitioren gainbeherea.

Eleizea zan herrixkako zentro erlijiosoa, baita zentro soziala be. Harriz eta zutabez eginda egoan, eta teilatua, egurrez eta material begetalez. Inguruan bizilagunen hilerria egoan. Hilobiak normalean banakakoak izaten ziran eta hildakoa ahoz gora jarten eben, Ekialdera begira.

Hilobiak lurrean egiten ziran eta harlauza lodi zulodun batzuekaz estaltzen zituen. Zulo horreetatik, bertan egiten ziran erritu-suetako ikatzak sartzen zituen. Hileta horreek kristinautasunaren aurreko tradizinoek irauten ebela erakusten dabe. Era berean, lepokoen aleak edo animalien haginak jarten zituen hildakoen ondoan, kutun moduan.

Halan da be, Momoitioko komunidadea kristinaua zan. Normalean, ezelako hornidurarik barik lurperatzen zituen kideak, baina horreetako hiruk irudi astralakaz apaindutako eraztunak eukiezan. Hilobiak seinaletako, hilarriak jarten zituen hildakoaren izena eta kondizino soziala adierazoz, ondoko berben atzetik: 'In dei nomine...'. Horregaitik ezagutzen doguz Momoitioko lehenengo biztanle batzuen izenak: Aostarri, Hoitarri, Munnio, Sempronio eta Anterazoni.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu