Euskal Herriko zazpi gazte joango dira garagarrilean Argentinara, Necocheako 'Hator Hona' programeari esker
2009-06-18 11:16 Euskaldunak munduanGaragarrilaren 18tik abuztuaren 9ra, zazpi izango dira aurten Euskal Herritik Argentinara kultura tailerrak emotera joango diran gazteak: Iratxe Garrido eta Leire Saldias jantza ikastaroa emotera; Gorka Segurola (Kirola); Jone Arriolabengoa eta Andrea Losada (Musikea); euskerea irakastera, barriz, Aitziber Iraola eta Jon Basaguren.
Necocheako euskal etxe argentinarrak antolatutako 'Hator Hona' programea abian da beste behin. Zazpi izango dira aurten Euskal Herritik Argentinara kultura tailerrak emotera joango diran gazteak, garagarrilaren 18tik abuztuaren 9ra. Europarrek jantzea, kirola, musikea eta euskerea erakutsiko deutseez Necocheako Euskal Etxeko kideei, gazteen arteko hartu-emonak sustatzea eta itsasoz bi aldeetako euskaldunen arteko alkar ezagutza osogai garrantzitsu dituan ekimen honetan.
Necocheako Euskal Etxeak 2004. urtean jarri eban martxan Euskal Herriko eta Argentinako gazteen arteko hartu-emon programa hau. Ekimenak bi komunidadeen arteko hartu-emonak indartu nahi ditu. Aldi berean, Argentinan euskal kultureari eusten eta bizibarritzen lagundu daian nahi dabe antolatzaileek.
Aurten Argentinara joango dira euskal gazteak ondokoak dira: Iratxe Garrido eta Leire Saldias jantza ikastaroa emotera; Gorka Segurola (Kirola); Jone Arriolabengoa eta Andrea Losada (Musikea); euskerea irakastera, barriz, Aitziber Iraola eta Jon Basaguren.
Truke programa arrakastatsua
Aurreko urteetan, Euskal Herriko eta Necocheako gazteen arteko loturea estua izan da eta igaz lehenengo aldiz, arazo ekonomikoak gaindituz, Argentinako zenbait gaztek 'Argentina be Hator Hona' ekimena gauzatu eta bidaia antolatu eben Euskal Herrira. Euskal Herrian zehar jantza erakustaldiak egin zituen, besteak beste, Hernani, Oiartzun, Lemoa, Zeanuri, Etxarri eta Azpeitian.
'Hator hona-Vení a la Argentina' programa hau Necocheako gazteek sortua da eta Argentinako baliabide ekonomikoen eskasiari aurre egiteko irudimena eta gazteen arteko alkartasuna darabilz. Euskal Herriko gazte partaideek Argentinarako bidaia pagetan dabe, eta Necochean dagozan bitartean bertako euskal familiek hartzen ditue euren etxeetan. Parte hartzeko 18 eta 30 urte bitartekoa izatea nahitaezkoa da, eta euskera, euskal musika, jantza, gastronomia edo kirolen ezagutzak izatea. Antolatzaileek ez dabe bestelako titulurik eskatzen baina bai gitxieneko esperientzia, ezagutza batzuk eta, modu berezian, bakotxak dakiena konpartiduteko eta erakusteko gogoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!