Nafarroan Euskalerria Irratia, Euskadi Irratia eta Radio Euskadiren emisinoak eteteko eskaria egin dau Nafarroako gobernuak

Bizkaie! 2009-06-17 15:23   Euskerea berbagai

Aitatu irratietako frekuentziek Noaingo aireportuko aire segurtasuna arriskuan jarten dabela arrazoituz, Gobernuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren jakinarazpenak dino bagilaren 30a baino lehen emonkizunak bertan behera itxi beharko dituela aitatutako hiru irratiek.

Nafarroako Gobernuak legeak jaso bako hainbat irrati kateen emonkizunak bertan behera ixtea ebatzi dau. Aitatu irratietako frekuentziek Noaingo aireportuko aire segurtasuna arriskuan jarten dabela arrazoitu dau horretarako, nahiz eta uhinen arloa ez izan bere eskumenekoa. Emisinoak eteteko agindua jaso daben irratien artean EITB komunikazino taldeko Euskadi Irratia eta Radio Euskadi dagoz, baita Iruñerrian euskera hutsean emitiduten dauen Euskalerria irratia be. Kontuak kontu, Gobernuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren jakinarazpenak dino bagilaren 30a baino lehen emonkizunak bertan behera itxi beharko dituela aitatutako hiru irratiek.

Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta Euskalerria irratiak Galarko (Nafarroa) Erreniega mendian ditue antenak. Horreen bitartez entzun daitekez hiru irrati kateak Iruñerrian. Bertan dauka antenea AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazinoaz arduratzen dan erakundeak be. AENAk bere irrati frekuentzian interferentziak zituala jakinarazo eutson Nafarroako Telekomunikazinoen Ikuskaritzeari 2008ko urrian. Baina behin Erreniegan ikerketea egin ondoren, interferentzien jatorria ez egoala Erreniegan jakinarazo eban Jesus Berduque Mancho Nafarroako Egiaztapen Teknikoen buruak. Azterketa horren agiriaren erabera, AENAren instalazinoetan egoan interferentzia.

Hilebete geroago, 2008ko zemendian, interferentziak egozala jakinarazo eban barriro AENAk. Horren inguruan Berduque Manchok zuzendutako ikerketearen arabera, Noaingo aireportuko irratian bada interferentzia bat, baina ez da jarraia, erreklamazinoan esaten dan legez. Egiaztapen teknikoak atzemandakoari erreparauta, aireportuko kontrol torrean dago interferentzia.

Gauzak holan dirala, igazko abenduan eta oraintsu be, antzeko erreklamazinoa egin eban AENAk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu