Unai Gaztelumendi txapeldun VIII. Plazatik Gaztetxera txapelketan
2009-06-16 11:08 BertsolaritzeaOndokoak izan ziran Mutrikuko finalean kantau ebenak: Egoitz Alkorta herriko semea, Hodei Iruretagoiena zarauztarra, Ekhi Erremundegi baionarra, Unai Gaztelumendi añorgarra, Beñat Iguaran amasarra eta Ander Elortegi natxituarra.
Pasa dan barikuan jokatu zan VIII. Plazatik Gaztetxera txapelketako finala Mutrikuko Gaztetxean. Igazko finala Miruaitz pilotalekuan jokatu zan, egunean zehar botatako euri zaparradek lokatzez beteta itxi zituelako Gaztetxea eta Gaztetxe inguruko kaleak. Beraz, esan daiteke Plazatik Gaztetxera bere habitat naturalera bueltau dala aurten, Mutrikuko Gaztetxera hain zuzen. Igarri zan frontoitik Gaztetxera egindako saltoa, Mutrikuko saioari benetako nortasuna zerk emoten deutson agirian gelditu zan: Gaztetxean sortzen dan bertso-giro parebakoa.
Gaztetxea lepo, bertsolariek bertsotan bueltau eutsen entzuleei eurekandik jasotako berotasuna eta honeek animo eta txalo zaparrada luzeakaz erantzun. Emon eta jaso, bertsolari zein entzule.
Ana Etxaburu gai-jartzaileariaren eztarriak ez eutson nahi bezela lagundu baina bikain bete eban bere lana.
Epaile taldeari jagokonez, kanporaketetan hiru epailek osotu arren taldea finalean lau izan ziran. Debako Gaztetxeko ordezkari Amets Carrillo, Soraluzeko Gaztetxetik Ander, Mutrikuko Gaztetxekoa Imanol Lekunberri eta Mutrikuko Bertso Eskolako kide Iñigo Arrizabalaga.
Bertsolariei jagokenez, honakoak izan ziran finalera heldu eta oholtza gainean disfrutetako aukerea izan ebenak: Egoitz Alkorta herriko semea, Hodei Iruretagoiena zarauztarra, Ekhi Erremundegi baionarra, Unai Gaztelumendi añorgarra, Beñat Iguaran amasarra eta Ander Elortegi natxituarra. Danek itxi eben euren markea Mutrikuko Gaztetxean, ariketa batean ez bazan bestean.
Ofiziotan egindako lanei buruz, zortziko handian arrazoi potoloakaz osotutako bertsoak entzun ziran, neurri baten gaiek be holan eskatzen ebelako, horren adibide Gaztelumendi eta Erremundegiren saioa. Ondoren, zortziko txikiko lana heldu zan eta ariketa honetan finaleko saiorik borobilena osotu eben Gaztelumendik eta Iguaranek, bikote hartu-emonak eten eta handik gitxira Mutrikuko taberna baten parrandan alkartu diran neska-mutilen paperean egindakoa. Gaiak zituan zirrikitu guztiak aprobetxau zituen eta beti alkarri ondo erantzunez, gaian aitatutako tabernearen izena tarteko hitz-joko politak eta ideia originalak bota zituen bertsotan. Ofiziokako lanak amaitzeko, koplatan aritu ziran lau bertso osotu arte, eta ariketa hau be bizi-bizi egin eben bertsolariek. Aitatzekoak eguzkia hartzen dagoanaren (Alkorta) eta bere ondoan bueltaka dabilen soroslearen (Gaztelumendi) arteko alkarrizketea, baita kokaina fardo bat bilatu dauen arrantzale bikotearena be (Erremundegi eta Elortegi).
Lehen fasea amaitzeko bakarkako lanean, bertsotarako hartutako denporeagaitik ariketa honetan zeozertxu moteldu zan saioa, baina ale ederrak itxi zituen bertsolariek, berbarako, Beñat Iguaranek orain Gaztetxea dan eraikinaren etorkizunari buruz kantautako bertsoak.
Kontuak kontu, beste behin epailearen erabagia eta entzulearena ez ziran bat etorri buruz-burukora zuzenean pasau behar zan bertsolaria erabagiterakoan. Entzuleek Unai Gaztelumendi aukeratu eben eta epaileek Beñat Iguaran. Beraz, Unai eta Beñaten artean jokatuko zan buruz-burukoa.
Buruz-burukoan, sei puntuko motzean ofizioka 3na bertso eta berbea emonda hamarreko handian bertso bat osotu behar zituen. Ofiziotako bikote ona dirala erakutsiz, zortziko txikian egin bezela saio ederra egin eben Beñatek eta Unaik alkarri erantzunez. Berbea emonda be holan egin nahi izan eban Beñatek, hau da, Unaik 'sarea' berbeari botatako bertsoari erantzun berari tokau jakon 'ohea' berbeagaz, baina bertsoa ez eban ondo borobildu eta Unai Gaztelumendi nagusitu zan buruz burukoan.
Lehen faseko sailkapena eta puntuazinoak:
1. Beñat Iguaran 289 puntu.
2. Unai Gaztelumendi 285,5 puntu.
3. Hodei Iruretagoiena 261,5 puntu.
4. Ander Elortegi 257 puntu.
5. Egoitz Alkorta 253,5 puntu.
6. Ekhi Erremundegi 245,5 puntu .
Buruz-burukoa:
1. Unai Gaztelumendi 119 puntu.
2. Beñat Iguaran 116 puntu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!