Mogelen 'Peru Abarca' osorik eta jentaurrean irakurriko da bagilaren 18an Bilboko Arriaga Antzokian

Bizkaie! 2009-06-15 11:05

Irakurraldia 8:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da, eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak irakurriko ditu 'Peru Abarca'-ren lehen lerrokadak. Hamabi orduz 400 persona inguruk hartuko dabe parte Mogelen klasikoaren irakurraldi publikoan, horreen artean, euskal kulturako eta gizarte, kirol, ekonomia nahiz politika arloetako hainbat persona ospetsu.

Mogelen 'Peru Abarca', euskal literaturako euskerazko klasiko garrantzitsuenetako bat, Bilboko Arriaga Antzokian irakurriko dabe bagilaren 18an, Bilbo Zaharra Euskaltegiak Bilboko Udalaren eta Ipar Kutxaren babesagaz antolatzen dauen Klasikoen II. Irakurraldian, urteroko Euskera Ikasleen Jaia osotzeko.

Ekimenaren antolatzaileek azaldu dabenez, helburua da euskera ikasle guztien ahalegina txalotzea, aintzat hartzea eta hizkuntzea ezagutzeko jarri daben ardureagaitik euren aldeko omenalditxo bat egitea. Holan bada, historian bigarren aldiz euskerazko klasiko bat irakurriko da Arriaga Antzokian jentaurrean, Mogelen 'Peru Abarca', osorik eta ozen.

Irakurraldia 8:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da, eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak irakurriko ditu 'Peru Abarca'-ren lehen lerrokadak. Hamabi orduz 400 persona inguruk hartuko dabe parte Mogelen klasikoaren irakurraldi publikoan, horreen artean, euskal kulturako eta gizarte, kirol, ekonomia nahiz politika arloetako hainbat persona ospetsu.

Holan, besteak beste, Ibon Areso Bilboko Udaleko alkateordeak, Ana de Castro Udaleko Euskera Saileko zinegotziak, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) erretoreak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak eta Javier Viar Bilboko Arte Ederretako zuzendariak parte hartuko dabe.

Gainera, mundu osoko Euskal Etxeek barriro hartuko dabe parte bigarren irakurraldi publiko honetan. Euren irakurraldiak bideoan grabau dira aurretik eta antzoki barruan nahiz kanpoan horretarako jarriko diran pantailetan ikusi ahal izango dira, zuzeneko irakurraldiakaz batera. Era berean, iluntzean, 20:00ak aldera, erromeria egongo da Arriaga plazan Bilbao Musika Udal Musika Eskolaren eskutik.


Mogel Urkiza, Juan Antonio (1745-1804)

Markinako mediku baten semea izan zan Juan Antonio Mogel. Jaio Eibarren jaio zan, bere aita hango medikua zala. Baina hamaika urtetik hasita, ganerako urterik gehienak, Markinan edo Markina aldean emon zituan Mogelek.

Bere aita ez eze, bere aitite be medikua izan zan. Berak, ostera, abadetzarako bidea hartu eban. Filosofia eta Teologia ikasi zituan eta 1775 urtean Etxebarriako San Andresera joan zan abade. Eta hantxe hamairu urte egin ondoren, Markinara bueltau zan barriro eta Xemeingo parrokoa izan zan hamasei urtean, hil arte.

Peru Abarka, eleberri itxurako lehen euskal idazlana dala uste da. Mogelek 1802 urte inguruan idatzi eban, baina 1981 urtera arte ez zan inprimidu. Izenburu osoa 'El Doctor Peru Abarka, catedratico de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o Dialogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan' da. Euskal birtute guztien jaube dan baserritarraren eta harroputz eta ezjakina dan bizargile kaletarraren alkarrizketak eta bizipenak darabilz Mogelek, euskal kultureari buruzko lan etnografiko bat idazteko. 'Peru Abarca' obran bizi-bizirik agiri da hamazortzigarren gizaldiko euskal-bizierea; hantxe ikusten doguz sasoi haretako euskaldunen fedea, ohiturak, lanak, ipuinak, bertsoak, esaerak eta abar. Baita erreminta, tresna, abere, landara eta hegaztien izenak be. Bizkaian ez eze, Euskal Herrian argitaratutako libururik ederrenetakoa da Peru Abarka. Duda barik, Mogel dogu gure bizkaierazko euskal literaturearen oinarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu