Deustuko Unibersidadeko ikerketa batek kultura aniztasuna eta herrialde indigenak aztertu ditu

Bizkaie! 2009-06-12 11:37

Kultura aniztasuna badala egiaztatzea, hainbat kulturatako taldeen artean gatazkak dagozala, eredu politiko-administratiboen eta barruan dagozan kultura eta herrien arteko komunztadurarik ez dagoala, edo talde askok egin daben salaketea euren kultura eta herrien existentzia be ukatu egin jakela esanez... Honeek eta beste gai batzuk eztabaidatu eta landu izan dira

Badira hamarkada batzuk kultura aniztasunaren eta herrialde indigenen inguruan eztabaidatzen dala. Deustuko Unibersidadeak Zuzenbideko beste Koaderno bat argitaratu dau, eztabaida horretan garrantzi handienekotzat joten diran elementu batzuk jorratuz: zein kontzeptu dagozan eztabaidan, zein testuingurutan dagozan eta garatzen diran, baita, horreetatik abiatuta, zelako planteamenduak egiten diran.

Modernidadeko teoria juridiko, politiko eta filosofikoak eredu eta elementuak ekarri eta horrek gaiaren inguruan zalantzak eta erronkak sortarazo zituan. Nazinoartean, gitxiengo kulturalen burrukea Nazino Batuen erakundearen beraren sorrerea baino lehenagokoa da; eta herrialde indigenen planteamenduak NBEren espazioetan egiten ziran estaduen lehen bileretatik entzun ziran. 1980ko hamarkadatik aurrera, mobimentu indigenak, Latinoamerikako herri indigenak kasurako, indartzen eta antolatzen hasi ziran eta estaduetako eta nazinoarteko agenden lehenengo tokietan euren gaiak kokatzen hasi ziran modu sistematikoan.

Kultura aniztasuna badala egiaztatzea, hainbat kulturatako taldeen artean gatazkak dagozala, eredu politiko-administratiboen eta barruan dagozan kultura eta herrien arteko komunztadurarik ez dagoala, edo talde askok egin daben salaketea euren kultura eta herrien existentzia be ukatu egin jakela esanez... Honeek eta beste gai batzuk eztabaidatu eta landu izan dira ikerketa honetan: 'Diversidas cultural y pueblos indígenas' izenburukoan.

Komenigarria da herrialde indigenen planteamenduak kontuan hartzea giza eskubideen esparruan. Giza eskubideek askatasunak bermatzen ditue, personek bizimodu duina izateko aukeretan tartean sartzeko mugak ezartzen deutsiezalako estaduei eta giroa sortzen dabelako personek euren askatasunaz gozau deien, prozesu politikoetan parte hartuz eta gizaki guzti-guztiek giza eskubide guztiak bere betean apurka-apurka gozau deiezan bermatzen dabelako.

Deustuko Unibersidadeko lan horrek labur-labur aztertzen ditu kultura aniztasunari buruzko eztabaideak beragaz daroazan elementu kontzeptual desbardinak, eragile nagusiak, beste jazoera batzuekaz hartu-emonetan jarteko modua eta lege eta politika teoriak eta praktikak zelan jorratzen dituan. Hau guztia giza eskubideak aintzakotzat hartuta.

Gitxiengo kulturalakaz eta herrialde indigenakaz lotutako kontuak eta gai horreen inguruan dagozan politikak barriak ez diran arren, ez dira gainditutako gaiak. Alderantziz, gai horren inguruko eztabaidea inoiz baino indar handiagokoa da. Holan bada, lan honek horri guztiari begirada bat emoten deutso eta laburbildu egiten dau eztabaidatzen dan guztia, gaia argitze aldera eta pausu sendoz gitxiengo kulturalen eta herrialde indigenen eskubideak benetan bete daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu